Zarautzen (Gipuzkoa) piztu zen udan Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren aitortzaren inguruko eztabaida, eta bertatik defendatu dute memoria lantzeko beharra frankismoak fusilatutako bi etakideen senideek eta Sortuk. Bai gizartean, baina baita instituzio publikoetan ere: «Geure orbain eta memoriarekin aurrera egin nahi dugulako, baina, batez ere, inor ez baita hiltzen ahazten ez badugu». Hala, bertaratutako senideek bat egin dute alderdi independentistak irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan antolatu duen ekitaldiarekin. Han bildu nahi dituzte «Euskal Herriaren independentziara bidean askatzera lotutakoak», Sortuko Nazio Kontseiluko kide Lur Albizuk azaldu duenez.
«Memoria, transmisioa eta askotariko aitortza» aipatu dituzte. Eta hitzez soilik ez, irudikatu ere egin dute transmisio hori. Anie Paredes Txikiren ilobak eta Irati Urtuzaga Otaegiren lehengusu baten alabak hartu baitute hitza, Mikel Paredes Txikiren anaiaren eta Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuaren babespean.
Anie Paredesek «diktadura frankistaren eta injustizien aurka» eta «Euskal Herri hobe baten alde» egin zuten bi «gazte idealista» gisa aurkeztu ditu Txiki eta Otaegi, biak ere «bortizki fusilatuak» 1975eko irailaren 27an, FRAPeko hiru kiderekin batera. Amaiera hark, gainera, «orbain bat» ere utzi die bien familiei, Paredesen esanetan, haiek pairatutakoak ez baitziren egun hartan bukatu: «Bost hamarkadaz, fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan ditugu».
Hain zuzen, horri aurre egiteko euren senideek egindako lana eskertu du Txikiren ilobak. «Gu jaiotzeko ginen arren, guganaino iritsi dira Jon eta Angel. Gure familiek, ahanztura horri aurre eginez, nortzuk ziren azaldu izan digute beti», nabarmendu du, eta gehitu lanean jarraituko dutela etorkizunean ere transmisio hori eten ez dadin; izan ere, haren esanetan, «orbain horiek» Euskal Herriaren parte dira. «Eta hala izan beharko lukete aurrerantzean ere», gehitu du.
Irati Urtuzagak, berriz, Txikiren eta Otaegiren omenez udan egindako ekintzei eta horien harira piztutako eztabaidari heldu die, fusilatutako bi militanteen aitortzaren inguruan esanek eragindako «pozak eta minak» hizpide hartuta: «Ezin da ukatu egun mugituak izan direla, eta datozenak ere hala izango dira». Zurrunbilo horren erdian, nabarmendu du euren nahia dela Txiki eta Otaegi «ahanzturan» ez erortzea, eta horrek, herritarrek egin dezaketen aitortzarekin batera, «aitortza instituzionala, erreparazioa eta justizia» ere eskatzen dituela. Hala, azaldu du «esker onez» jaso zutela 2012an Eusko Jaurlaritzak Txiki eta Otaegi indarkeria politikaren biktima gisa aitortu izana, baina gehitu du oraindik ere «bide luzea» geratzen dela egiteko. Erakunde eta ordezkari politikoek ere hartu beharreko bide bat, azaldu duenez.
Albizu zuzenago mintzatu da senideek aipatutako «min» horren inguruan. Haren ustez, oraindik ere lehen eta bigarren mailako biktimak daudela baieztatzen du hainbat eragile politikok esan izanak Txiki eta Otaegi oroitzeak «mina eragiten» duela. Izan ere, Sortuko kideak defendatu du bi lagun haiek, frankismoari aurre egin zieten gainerako euskal herritarrek bezala, aitortza instituzionala izan beharko luketela.
Lotutakoak askatu
1975 hartatik bada zer oroitu. Albizuk esan du fusilamenduen helburu bera zutela erregimenak gerora hartutako beste zenbait erabakik ere: «Euskal Herria itotzea». Zehazki, Franco hil ostean Juan Carlos Borboikoa estatuburu izendatu izana deitoratu du, izendapen horren bidez «guztia lotuta, eta ondo lotuta» utzi zutelako. Izan ere, Albizuk uste du erabaki haien «orbainak» presente daudela oraindik ere; besteak beste, nazio auziari dagokionez: «Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira».
Era berean, baina, orduko borroka grina eta «izaera ameslari eta borrokalaria» bizirik daudela gehitu du: «Herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere iritsi da guganaino». Hala, hark ere erreferentzia egin dio belaunaldi transmisioari, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kide historikoa lagun.
Albizuren esanetan, 1970ean, ezker abertzaleak «haustura» azpimarratu zuen, eta egun ere «ezinbestekoa» da ideia hori. Hain zuzen, hori da hilaren 27an Iruñean nabarmendu nahi dutena: «50 urte geroago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko; hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko».