Ubarretxena «erantzunen zain» dago, aireportuen transferentziaren eskaera egin eta gero

Madrilen egindako bileran, Autogobernu sailburuak eskatu du Eusko Jaurlaritzak parte har dezala inbertsioen, aireportu tasen eta konektibitatearen inguruko erabakietan.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea gaur, Madrilen. IREKIA
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, gaur, Madrilen. IREKIA
xabier martin
2026ko otsailaren 16a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxena Madrilen egon da gaur, aireportuen transferentziaren negoziazioan beste urrats bat egiten, haren arabera «ezinbestekoa baita euskal aireportuen lehiakortasuna eta konektibitatea hobetzea». Edonola ere, Jaurlaritzako bozeramaileak ez du erantzun zehatzik jaso gaur, edo behinik behin ez du horren berri eman. Esan du mahai gainean jarri duela Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatzen diona aireportuen edukiari dagokionez. Uste du aurrerapausoak eman direla transferentzia gauzatzeko negoziazioan.

Hori horrela, Ubarretxenak eskatu du Jaurlaritzak parte har dezala Aireportuak Arautzeko Dokumentuaren diseinuan, bai eta inbertsioen bolumenean eta orientazioan, aireportu tasetan eta konektibitatean ere. Azken eskaera horri dagokionez, Ubarretxenak azpimarratu du «Euskadik desabantaila nabarmena» duela beste erkidego batzuen aldean: «Abiadura handiko trenik ez dagoenez, maizago jo behar dugu hegazkinera, eta horrek inbertsio handiak eskatzen ditu gure aireportuetan».

Bihar, AENAren administrazio kontseiluak Aireportuak Arautzeko Dokumentua berritzeko proposamena onartuko du, eta proposamen horrek 13.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du. Autogobernu sailburuak azpimarratu duenez, «dokumentu horrek argi eta garbi erakutsi behar du Euskadiko aireportuen aldeko apustua; izan ere, inbertsioak, batez ere, aireportu handietan egiten dira, eta lehentasuna ematen zaie Malaga edo Valentziako aireportuei».

«Jose Antonio Santano Garraioetako estatu idazkaria Euskadiren eskaerekiko sentikorra izango delakoan nago»

MARIA UBARRETXENA Jaurlaritzako Autogobernu sailburua

Era berean, Ubarretxenak jakinarazi du zenbait aire konpainiatako ordezkariekin batzartu dela, eta konpainia batzuek «Euskadin jarduteko interesa» agertu dutela, baldin eta AENAk apustu irmoa egingo badu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, inbertsioei eta aireportu tasen politikari dagokienez. Sailburuak erantsi du uste duela Jose Antonio Santano Garraioetako estatu idazkariak, Irungo alkate ohiak, jaramon egingo diela «Euskadiren eskaerei». «Badu gure aireportuetako azpiegituren errealitatearen berri, eta badaki hiru euskal aireportuen konektibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla».

Sanchezen ituna ez dute bete

Beraz, aireportuen transferentzia gauzatzeko beste urrats bat egin du lehendakariordeak, eta erantzun zehatzak jaso ez baditu ere, Ubarretxenak espero du «Gernikako Estatutuak aireportuen kudeaketari buruz jasotzen duena» errespetatuko duela Espainiako Gobernuak. «Zorrotz sartu gara bileran, eta erantzunen zain irten gara», amaitu du.

EAJk eta PSOEk Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko ituna egin zuten 2023an, eta, itun horren arabera, Gernikako Estatutua osorik bete behar zuen Madrilek 2025. urtea amaitzerako. Ez da horrela izan, eta urraketa horren ondorioz EAJko zuzendaritzak oso jarrera zorrotza hartu du PSOEri dagokionez. 

Izan ere, bide gorabeheratsu baten ostean, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren erdialdean jakinarazi zuen akordioa egin zutela Espainiako Gobernuarekin iaztik bideratuta ziruditen bost transferentzia Jaurlaritzaren esku uzteko. Ika-mika eta tentsio handien ondoren iritsi zen ilbeltzeko akordio hori, baina ez da inondik inora bidearen amaiera: Gernikako Estatutuan jasotako beste hamasei eskumen eskualdatzea falta da, tartean gaur lantzen aritu direna, aireportuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.