Goizean iragarri du Eusko Jaurlaritzak Imanol Pradales lehendakaria eta Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua biltzekoak zirela, bihar Madrilen egitekoa den Transferentzien Batzordearen bilerara joango ziren edo ez erabakitzeko. Bada, presazko prentsaurreko batera deitu, eta hartan eman du erabakiaren berri gobernuko eledunak. Jaurlaritzak eta Madrilek bost eskumen eskualdatzeko akordioa itxi dute, tartean langabezia sariarena. Jaurlaritzak bermeak nahi zituen, ziurtatzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako bost eskualdaketak hitzartu bezala egingo direla, eta, itxuraz, lortu egin ditu.
Ubarretxenak azaldu du gaur «azken unean» lortu dutela akordioa, prentsaurrekoa egin baino «hamar minutu» lehenago, hain justu ere. Izan ere, azken orduetan etengabeak izan dira bi aldeen arteko elkarrizketak, eta proposamenak trukatzen jarraitu dute azkenera arte. Bada, Ubarretxenak azaldu duenez, atzo eta gaur ogasunek, lehendakariak eta bozeramaileak zenbait elkarrizketa izan dituzte Espainiako Gobernuko hainbat ministrorekin eta Sanchezekin, eta, azkenean, ados jartzea lortu dute bi aldeek.
Ikusi gehiago
Jaurlaritzak bermeak nahi zituen biharko bilerara joan aurretik, batzar hori bigarrenez atzeratu behar ez izateko. Izan ere, abenduaren 29an ziren bost eskumenen transferentziak egitekoak, baina adostasunik lortu ez, eta urtarrilaren 16ra atzeratu behar izan zuten. Gaur arte, «airean» egon da bilera hori ere, Gasteizko gobernuaren arabera Madrilek «beste zentzu bat» eman nahi izan diolako uztailean bi gobernuen arteko aldebiko bileran hitzartutakoari.
Ubarretxenaren arabera, ordea, transferentziak hitzartu bezala egingo dira, eta, horrenbestez, Gernikako Estatutuan jasotako beste bost eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira. Gizarte Segurantzari lotutakoak dira horietan nagusienak eta desadostasun gehien sortu dituztenak. Izan ere, Espainiako Gobernuaz bestelako erakunde baten esku geratuko dira aurrenekoz haren atal batzuk. Zehazki, langabezian egoteagatik jasotzen den sariaren kudeaketa, eta langabezia agortzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen diren diru laguntzenak.
Lanbideko leihatila bakarraren bidez kudeatuko lirateke, gaur egun SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoak egiten duen lana ordezkatuta. Jaurlaritzak zortziehun milioi euro kudeatuko lituzke, eta bere gain hartuko lituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden SEPEren bulegoak, bai eta horietan lan egiten duten laurehun langileak ere.
Gizarte Segurantzarekin lotuta daude beste bi ere: kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola aseguruarena. Zehazki, seme-alabak edukitzeagatik, familia ugaria izateagatik edo guraso bakarra izateagatik ematen diren laguntzak dira, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreren eskumena osatuko dute. Eskola aseguruaren bidez, halaber, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzako Institutuaren eta Diruzaintza Nagusiaren funtzioak.
Gainerako bi eskualdaketek ez dute horrenbeste desadostasun eragin. Itsas salbamenduarena da horietako bat: Jaurlaritza arduratuko da Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzeko uretan bilaketak, erreskateak eta salbamendu zerbitzuak planifikatzeaz, koordinatzeaz eta egiteaz, besteak beste. Makineria egiaztatzeko Barakaldoko zentroa ere (Bizkaia) Jaurlaritzaren esku geratuko da, eta horri esker Osalanek bere eginkizunak handituko ditu.
Kupoa, desadostasun iturri
Iazko uztailean eta irailean hitzartu zituzten bi aldeek eskualdaketa horiek, baina berrestea falta da, argitzeko transferentziak nola eta zer baldintzatan egingo diren. Ubarretxena zuhur mintzatu da, eta adierazi du bihar transferentziak sinatu ondoren emango dituela xehetasun guztiak. Halere, azaldu du akordioa oztopatu duten arrazoiak nagusiki Kontzertu Ekonomikoari eta kupoari lotutakoak izan direla.
«Guk kupo bat ordaintzen dugu, eta horren bitartez eskualdatzen ditugu eskumenak Estatuarekin. Elementu hori mantentzea ezinbestekoa zen guretzat. Izan ere, eztabaidagai izan da, eta guretzako oso garrantzitsua da hori, guk gure Kontzertu Ekonomikoa defendatu behar dugulako», azpimarratu du Ubarretxenak.
«Kupoaren bitartez eskualdatzen ditugu eskumenak Estatuarekin. Eztabaidagai izan da, eta guretzat ezinbestekoa zen horri eustea»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua
Eskumen horiek nola finantzatuko diren eta bi gobernuen arteko diru kontuak nola egingo diren argitzeko dago. Hori kupoaren bidez egitea da aukera bat: Jaurlaritzak aurreratu egingo luke dirua, eta, gero, Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion zerbitzuengatik jasotzen duen ekarpenetik kenduko litzateke zenbateko hori.
Jaurlaritzak bihar jakinaraziko du, halaber, noiz hartuko dituen eskumenak bere gain. Bilera 10:00etan izango da, Madrilen, eta Maria Ubarretxenaz gain, beste hiru sailburu ere izango dira bertan: Bingen Zupiria Segurtasun sailburua; Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu saiburua; eta Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua.
Dinamika aldatu beharra
Edonola ere, bost eskumen horien transferentziak onartu arren, beste hamasei faltako lirateke oraindik Gernikako Estatutua betetzeko. Horien artean daude, besteak beste, portuena eta aireportuena, eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarena —pentsioen kudeaketarena, alegia—. Jaurlaritzak Madrilen esku utzi zituen eskumen horien inguruko proposamenak joan den urteko udazkenean. Orain, Ubarretxenak «seriotasuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Dinamika honekin ezin dugu jarraitu. Seriotasuna behar dugu. Ezinezkoa da Transferentzien Batzordearen bilera egin baino ordu batzuk lehenago horrela aritzea. Ez da serioa».
Jaurlaritzaren bozeramaileak berretsi du falta diren eskumenak ahalik eta azkarren eskualdatzeko itxaropena duela. Horretarako, hori bai, gobernu bazkide dituen sozialistei eskatu die «elkarrekin norabide berean arraun» egiteko. «Eskumenak gureak dira, euskal etxearenak; gurea den hori eta negoziatu beharko ez genukeen hori baino ez dugu nahi. Beraz, norabide berean arraun egitea lagungarria izango da beti».