Joan den astean, bi orduz aritu ziren solasean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, eta, tarte horretan solasgai bat baino gehiago kabitzen den arren, batek izan du oihartzunik handiena: aireportuen aferak. Izan ere, agintariek azkenean lortu zuten aireportuei buruzko akordioa ixtea. Euskadi Irratian izan da gaur Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, eta kontent agertu da, ororen gainetik: «Euskadin bizi garen guztiok poztu egin beharko genuke akordio honekin».
Akordioan zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzak hemendik aitzinera eskubidea izanen du Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan parte hartzeko, eta, hortaz, EAEko erakundeek eragin ahal izanen dute hiru aireportuen inbertsioetan eta horiek definitzeko planetan. Bada, ituna ixtea lortu zuten egunean bertan, AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa erakundeak pauso bat eman zuen gibelera, eta auzitara jotzeko mehatxua egin zien bi agintariei. Ubarretxenak, ordea, ez du kezkarik erakutsi: «Akordioa betetzeko modukoa da, eta bete egingo da. Espainiako Estatuko aireportuen %51 estatuarenak dira, eta %49, akziodun pribatuenak. Guk zerbitzu eta interes publikoaren alde egin behar dugu, baina ez dugu Aenaren proposamena zanpantuko, baizik eta balio gehiago erantsi».
Bertze aldearen jokabidea «ulertu» egiten du Ubarretxenak, eta esplikatu du «normala» dela alde pribatuak etekinei begirako interesak izatea. «Jaurlaritzak eta AENAk ez dauzkate interes berak, eta ulergarria da hori, baina balantza bat egin behar da horren inguruan», erran du.
Pradalesek eta Sanchezek aldebiko organo bat sortzea adostu zuten bileran, eta «oso positiboa» da hori, Ubarretxenaren irudiko. Orain, baina, eragitea tokatzen zaio Jaurlaritzari: hilabeteko epean, organoaren bilera bat eginen dute, eta Jaurlaritzak denbora tarte hori dauka proposamenak aurkezteko. «Badago dokumentu bat markatzen duena zer apustu eta zer inbertsio egingo diren 2026tik 2031ra bitarte, eta orain zera lortu da, Jaurlaritzak ahalmena izatea dokumentu horretan gauza berriak planteatzeko», azaldu du.
Ez du bertze zehaztapenik egin, baina aurreratu du Jaurlaritza ez dela sartuko interes pribatuetan; «kafetegietan eta dendetan», adibidez. Aitzitik, aireportuetarako «hegaldi eta konexio gehiago» lortzea da haren funtsa, argudiatuta hiru lurraldeetan ez dagoela AHTrik, eta «askoz menpekotasun handiagoa» eragiten diela horrek.