Ubarretxenak «demagogia» egitea egotzi dio EH Bilduri, Ortuzarren kontratazioa ate birakaritzat jotzeagatik

Saez de Egilazek Gobernantza sailburuari galdetu dio ea ate errotak «demokrazian sakontzeko oztopo» ote diren. Hark baietz erantzun dio, baina ez ditu kontzeptu horrekin lotu Ortuzarren eta Rementeriaren kasuak.

Ubarretxena, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ubarretxena, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 19a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren EBBko presidente ohi Andoni Ortuzarrek Movistarreko administrazio kontseilura egindako jauzia eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izanak BBKko presidentetzara egindakoak hizpide izan dituzte Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. EH Bilduko legebiltzarkide Eraitz Saez de Egilazek egin dio galdera Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburuari: «Demokrazian sakontzeko oztopo al da ate birakarien errealitatea?». Gobernuko ordezkariak, baina, ez du arazorik ikusten izendapen horietan, eta «demagogia» egitea egotzi dio koalizio subiranistari.

Saez de Egilazek azken egunetako bi kasu horiei egin die aipamena, baina baita Gotzone Sagardui eta Arantxa Tapia sailburuei ere: Osasun sailburu ohia Vithas enpresak kontratatu zuen; Ekonomiaren Garapenerako sailburu izana KPMGko aholkularia da, besteak beste. «Eta jira eta bira jarraitu ahal izango nuke», gehitu du. Horiek horrela, koalizio subiranistako ordezkariak Eusko Jaurlaritzari egotzi dio instituzio publikoetatik eta alderdi politikoetatik enpresa pribatuetako goi karguetarako jauzien «kalte demokratikoa» ez aitortzea. Argudiatu du herritarren «haserrea» eragiten dutela, eta politikarekiko «mesfidantza» areagotzen: «Ezbaian jartzen ditu instituzioen izen ona eta politikan dabiltzan milaka herritarren asmo eta nahi onak».

Horri jarraipena emanez, adierazi du 2023an EAJk egindako entzuketa prozesuaren emaitzen artean ere aipatu zela «adiskidekeria» irudiari aurre egin beharra. «Uste genuen egoera zuzentzeko zela, baina ate birakarietatik pasatu direnen zerrenda gero eta luzeagoa da», esan du, kritikatuz Ortuzarrek, orduan alderdiko buru zenak, bide bera hartu duela.

Era berean, Saez de Egilazek uste du ate erroten auziak eragin zuzena duela erakunde publikoen jardunean ere. Kritikatu du batetik besterako jauzien ondorioz sarri administrazio publikoek bertako ordezkarien inguruko enpresak kontratatzera jo ohi dutela, «onenak» aukeratu beharrean. Horri lotuta, EAJri egotzi dio gobernuan mantentzeko «beharra» izatea, horretarako PPrekin akordioak eginda bada ere: «Behar duzue, zuen lagunak han eta hemen kokatzeko».

Ubarretxenak, lehenik, esan du «harriduraz» hartu duela galdera, ez duelako ulertzen auziaz duen iritziaz galdetu izana: «Nire iritzia eskatzen duzu. Gaur ate birakariez, bihar legebiltzar honetako aulkien koloreaz». Eta, behin gaiari helduta, adierazi du «begi bistakoa» dela ate errotak demokrazian sakontzearen kontrakoak direla.

Gobernuko bozeramaileak, baina, ez du kontzeptu horrekin lotu nahi izan Ortuzarrek eta Rementeriak egindako bidea, eta auzi horiekin «demagogia» egitea eta egotzi dio EH Bilduri: «Ez dago onartzerik ustezko nagusitasun moral batetik lezioak eman nahi izatea». Hala, koalizio hartako zenbait ordezkarik egindako bideari erreparatu dio. Batetik, Julen Arzuaga: legebiltzarra utzi zuen Durangaldeko Urkiola agentzian (Bizkaia) kudeatzaile aritzeko, hautaketa prozesu batean plaza eskuratu ostean. Bestetik, Arantxa Izurdiaga: Nafarroa talde parlamentarioaren koordinatzaile politikoa izanik, Eusko Legebiltzarreko taldeko aholkulari gisa kontratatua dago.

Sailburuak argudiatu du ate erroten auzia legez arautua dagoela, eta araudi hura dela «kalitate demokratikoan sakontzeko modua» ematen duena. Era berean, argudiatu du ezen, zerbitzu publikoetan egiten den ibilbidea mugatua izatea «osasungarria» dela uste den heinean, ezin dela oztopatu bertan aritzen direnek ondoren sektore pribatura jotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.