Jaurlaritzak uda aurretik eskuratu nahi ditu Gizarte Segurantzarekin lotutako zenbait transferentzia

Ubarretxena Autogobernu sailburuak esan du lanean ari direla Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiak Jaurlaritzaren esku gera daitezen Sanchezen agintaldian.

Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako eledun eta autogobernu sailburua. L. RICO / EFE
Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako eledun eta Autogobernu sailburua. L. RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 26a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan adostutakoaren arabera, Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiek Eusko Jaurlaritzaren esku beharko lukete urtea amaitzerako. «Gero eta gutxiago falta da», adierazi du Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak, epe horri erreferentzia eginez, eta gehitu du adostutakoa betetzeko «sukalde lanetan» ari direla. Baliteke lan horien hurrengo emaitzak udako etenaren aurretik lortzea, esan duenez. Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko batzordea ekainean edo uztailean da biltzekoa, eta Ubarretxenak aitortu du Gizarte Segurantza kudeatzeko eskumenaren inguruko berriren bat emateko baliatu nahiko luketela bilera hori: «Horretarako lanean ari gara».

Bilbon, Forum Europak antolatutako ekitaldi batean, Ubarretxenak adierazi du autogobernua indartzea eta haren defentsa juridikoa egitea direla sailaren helburu nagusietako bi.

Azken urtean egindako aurrerapenak aipatu ditu: itsasertzaren kudeaketa, zinematografia, atzerritarren lan baimenen kudeaketa eta meteorologia. Eta norabidea ezarrita, esan du «gurutzaldi abiaduran» ari direla lanean ados jartzeko esku artean dituzten beste zenbait eskumenen inguruan. Lau bloketan banatu ditu horiek: Gizarte Segurantza, azpiegiturak, segurtasun publikoa, eta ogasuna, finantzak eta enpresa.

Hain zuzen, Gizarte Segurantzarena da lanik handiena ematen ari diren eskuduntzetako bat. «Letra txiki asko dago», esan du Ubarretxenak, eta adierazi dena ondo zehaztu behar dela etorkizunean arazorik ez egoteko. Lan baimenen eskumenaren inguruko eztabaida jarri du adibide gisa. Hiru hilabete dira Eusko Jaurlaritzaren esku behar zuela, baina prozesua gauzatu gabe dago oraindik.

Ubarretxenak ez du zalantzan jarri Espainiako Gobernuaren konpromisoa, eta nabarmendu du egungo abagunea eta harreman onak baliatu behar direla: «Legealdi honetako egun bakoitza aukera bat da, eta horregatik aprobetxatu behar dugu». Izan ere, gogoratu du ez dagoela Jaurlaritzaren esku Sanchezek agintaldi osoa egin ahal izatea.

Atzerriko tituluak homologatzeko eskumena eten izanaren ondorioei ere erreparatu die Ubarretxenak. Auzitegi Gorenak transferentzia hura eten arte, Eusko Jaurlaritzaren gain egon zen eskumen hori hogei egunez. Bitarte horretan, berrehun eskaera jaso zituzten, eta horiek linbo moduko batean geratu dira, «ebazpen bidegabe» baten ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.