Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak eten egin ditu HAEEren bi enplegu prozesu, udaletako funtzionarioei C2 maila edo laugarren hizkuntza eskakizuna eskatu dietelako. Zehazki, udal administrazioko langileak egonkortzeko bi lehiaketatako ebazpenak utzi ditu bertan behera, udal idazkarien eta kontu hartzaileen postuei dagozkienak. Epaian adierazi dute hizkuntza eskakizun horrek ez duela errespetatzen «proportzionaltasun printzipioa», lanpostuon funtzioei erreparatuta. Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hizkuntza Politikarako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du aztertzen ari dela helegitea jarri edo ez.
Asteburuan Noticias de Gipuzkoa kazetak jakinarazi duenez, bi enplegu prozesuak iazko otsailean eta martxoan ebatzi ziren; bi hautagaik errekurtsoa jarri zieten, eta aurtengo martxo erdialdean eman du epaia EAEko Auzitegi Nagusiak. Berez, HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Elkarteak ebazpenetan adierazitako emaitzak utzi dituzte bertan behera sententziaren bidez, baina ez prozesu osoa.
Edonola ere, epaian gogor mintzatu dira C2 eskakizunaren aurka: «Ezin da inola ere eskatu, lanpostuen funtzioen izaeraren kontra, euskararen ezagutza PL4 eskakizun baten bidez, administrazioak nahi duen bezala, jakinda egiaztatuta geratu dela lanpostuek ez dutela loturarik herritarrekin harremana izan behar duten postuekin eta euskaraz artatua izateko eskubidearekin». Hala, epaileen arabera, eskakizun horrek «proportzionaltasun printzipioa» urratzen du, baita enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko 2012ko legea ere.
Helegitea aurkeztu zutenen argudioak ere jaso dituzte epaian: «[Udal langile horiek] Ez dituzte ikerketa txostenak edo aldizkari espezializatuak irakurri behar, eta haien lanean ez dituzte eraiki behar egitura linguistiko konplexuak, ez dute elkarrizketarik eman behar edo ez dute euskaraz ahozko jario erabatekoa izan behar». Salatzaileek txartzat jo zuten hizkuntza eskakizun horren ondorioz antzinatasun handiko langile batzuk kanpoan geratzea, eta C2a daukatenak sartzea lanpostuotan esperientziarik izan gabe ere.
Jaurlaritza, epaia aztertzen
Ibone Bengoetxea epai horretaz mintzatu zen atzo, RNE irrati kateak egindako elkarrizketa batean. Haren hitzetan, Eusko Jaurlaritza sententzia aztertzen ari da, eta ez dute baztertu helegitea jartzea. Dena den, gogora ekarri du hizkuntza eskakizunen auziaren inguruan bi proposamen eztabaidatzen ari direla Eusko Legebiltzarrean, EAJrena bat eta EH Bildurena bestea, auzi horretan «segurtasun juridikoa» ematea ez delako «apeta bat edo kontu ideologiko bat»: «Eskubide kontu bat ere bada, eta herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzen dizkiegun administrazioen behar bat, zerbitzuak herritarrek nahi duten hizkuntzan ematekoa».
Korrikaren amaieraren abagunean, Hizkuntza Politikarako sailburuak txalotu egin zuen euskararen alde hainbeste jende elkartu izana, eta erantsi zuen hizkuntzaren aldeko aldarrikapenak ezin direla izan bakarrik hamar egun horietako kontua: «Egunerokora hedatu behar da».