Hauteskundeak dira demokraziaren adierazpiderik gorena. Bozetan herritarrek aukeratzen dituzte instituzio publikoetan izango dituzten ordezkariak, eta instituzio publikoei dagokie eskubide hori bermatzea: bitartekoak jarrita eta prozesuaren gardentasuna bermatuta. Zenbait erakunde publikok hartzen dute parte antolakuntzan, baina udalak dira kate horren funtsezko katebegiak. Horien barruan, udal idazkariek koordinatzen dute prozesua eta ziurtatzen dute berme guztiak badituela. Aste honetan bertan egiten ari dira hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak. Hauteskundeen makineria martxan da.Â
Bozen eguna jakinarazi eta berehala, iraupen lasterketa bat hasten da udaletan. Helmuga bozketaren gaua da, baina aurretik egiteko ugari daude: mahaiak zozkatzea, jakinarazpenak bidaltzea, kanpainako ekitaldien tokiak erabakitzea, hautetsontziak, boto paperak, mahaiak eta aulkiak hauteslekuetara garraiatzea, zerrendak prestatzea eta herritarren eskura jartzea... Hori guztia txukun eta hutsunerik gabe egiten dela bermatu behar dute udal idazkariek. Lana, gainera, ez da amaitzen hauteslekuak ixten direnean. Boto paperak zenbatuta, demokrazia ariketak utzitako aztarnak jaso behar dituzte langileek, egun batez hauteslekuak izan direnek ohiko jardunari ekin diezaioten.Â
«Instituzio publiko eta langile asko daude prozesuaren gainean; oso garantista da, eta oso-oso zaila da iruzur egitea. Hemen, hauteskunde prozesua %100 gardena da»
MIKEL FUIKA ETA LEIRE UCINGaldakaoko eta Beasaingo udal idazkariak
Mikel Fuika eta Leire Ucin udal idazkariak dira, eta antolakuntza lanetan buru-belarri ari dira. Fuikak zortzi urte daramatza Galdakaoko (Bizkaia) Udalean lanean. Aurretik beste udal batzuetan aritu da, eta hamabigarren aldiz antolatzen ari da hauteskundeak. Ucin irailaz geroztik ari da Beasaingo (Gipuzkoa) Udalean. Aurretik ere parte hartu du bozen antolaketan, baina askoz ere txikiagoak ziren herrietan. Beraz, oraingo hauteskundeak antolatzea erronka handia da harentzat. Biek ala biek aitortu dute, bozetarako deialdiaren berri izan ostean, arnasketa sakon bat egin zutela. «Badakigu lan pilo bat datorkigula, pertsona asko koordinatu behar ditugulako oso denbora laburrean», adierazi du Fuikak. «Ardura handia da, ezin da hutsik egin, eta Espainiako Gorteetarako deialdi hau, gainera, oso denbora gutxirekin egin dute», gogorarazi du Ucinek.
Mahaiak osatzea, buruhauste iturri
Galdakaok 33 hauteskunde mahai ditu, eta Beasainek, aldiz, hamalau. Mahaiak osatzea buruhauste iturri izan ohi da udalentzat. «Mahaiak osatzeko arazoak izaten ditugu», aitortu dute biek. Fuikak eta Ucinek kontatu dutenez, herritarrek normalean badakite noiz egingo den zozketa beren herrian, eta, gainera, gehienetan aukera egoten da tokatu zaien edo ez jakiteko. Jakinarazpenak dagokionari eskura ematea, beraz, ez da lan makala. «Batzuek nahita ez dute hartzen», esan dute. Behin jakinarazpena eskura izanda ere, bozketaren egunean ez joateko ahaleginak ere ohikoak izaten dira: «Bidaia bat dela, gaixotasun bat dela, ezkontza bat dela, adina dela...». Fuikaren esanetan, batzuek pisuzko arrazoiak dauzkate, baina «beste batzuk ihes egin nahian ibiltzen dira». Udalek hiru egun dituzte jakinarazpenak bidaltzeko, eta herritarrek zazpi eguneko epea dute alegazioak aurkezteko. Hauteskunde batzordeak ebazten du baliozkoak diren.Â
Fuikak goraipatu du mahaikideen lana: «Eguna oso luzea da, eta lan asko egiten dute». Izan ere, mahaiburuak, mahaikideek eta ordezkoek 08:00etan egon behar dute hauteslekuetan mahaiak osatzeko. Hauteslekuak 20:00etan ixten dira, eta gero zenbaketa egiten da. Mahaikide bakoitzak 75 euro jasotzen du, eskudirutan. Soldatapeko langileek, gainera, eskubidea dute enpresak igande hori lanegun bezala ordaintzeko. Eta igandea laneguna ez bada, asteleheneko jarduna bost orduz murrizteko aukera dute.

Udal idazkariekin batera, beste hainbat udal langilek parte hartzen dute antolakuntzan. Bozen asteburuko ostiralean hasten da mahaien, aulkien, hautetsontzien eta boto paperen dantza. «Eskolak amaituta, brigadako langileek eramaten dute materiala kamioietan, eta administrariak arduratzen dira mahai bakoitzean dagokion dokumentazioa sartzeaz», azaldu du Fuikak. Botoa sekretupean eman ahal izateko kabinak ere muntatu behar izaten dituzte. «Dena amaitzen denean, garbiketa egin behar da hurrengo egunean eskolak eman ahal izateko», erantsi du.
Mahaikide bakoitzak 75 euro jasotzen du. Soldatapeko langileek, gainera, eskubidea dute enpresak igande hori lanegun bezala ordaintzeko. Igandea laneguna ez bada, asteleheneko jarduna bost orduz murrizteko aukera dute.
Horretaz aparte, erroldari buruzko kontsultak kudeatzen dituzten administrariak eta bozketaren egunean parte hartzearen inguruko datuak ematen dituzten ordezkariak ere izendatzen dituzte. Administrazioaren ordezkari horiek hauteskunde mahaietan egoten dira, eta haien eginbeharra oso garrantzitsua da hedabideentzat eta iritzi publikoarentzat, partaidetzari buruzko behin-behineko datuak ematen dituztelako. Ucinek azaldu duenez, «09:00etan, mahaiak osatu direla ziurtatzen dute; 14:00etan eta 18:00etan, behin-behineko parte hartzearen datua ematen dute; eta 20:00etan, hauteslekuak ixten direnean, itxieraren berri ematen dute». Egunean sortzen diren gorabeheren berri ere ematen dute, eta, botoak zenbatzen direnean ere, datu horiek gobernu ordezkaritzari transmititzeaz arduratzen dira. Antolakuntza horrek guztiak badu kostu ekonomiko bat, eta, azaroaren 29ko deialdian, Espainiako Gobernuak hartuko du bere gain: udalak diru kopuru bat jasotzen du mahai kopuruaren arabera.
Kontuan hartu behar den beste jarduera bat hauteskunde kanpaina da: alderdi politikoek eskualdeko hauteskunde batzordeari eskatzen diote baimena mitinak eremu publikoetan. Baimendutako lekuak eta ordutegiak, baita kartelak jartzeko panelak ere, aurretik ezarriak dituzte udalek.
Txorizoa gutun azaletanÂ
Antolatu dituzten hauteskundeetan apenas antzeman duten arazorik Fuikak eta Ucinek. Anekdota batzuk, baina, ekarri dituzte gogora: Fuikak, antolatu dituen bozetan, ikusi izan du botoaren gutun azalaren barruan txorizoa sartu izan dutela edo boto paperetan irainak idatzi dituztela. Bestela, «klasiko bat» ere gogoratu du: «Egunean bertan, mahaiak osatzerakoan, titular batzuk berandu etortzen dira, ordezkoak jada izendatu dituztela, eta aitzakia jartzen dute: lo gelditu direla eta parrandan aritu direla».
Ucin ez zuen bertatik bertara bizi izan, baina gogora ekarri du 2023ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Beasainen gertatutakoa: alderdi baten boto papera ez zegoela eta, hautesleku batzuen itxiera ordubete geroratu behar izan zuten, udaltzainek Tolosara joan behar izan zutelako alderdi horren boto paperen bila.
Hauteskundeen gardentasuna zalantzan jartzen dutenei mezu argia igortzen diete Fuikak eta Ucinek: «Instituzio publiko eta langile asko daude prozesuaren gainean; oso garantista da, eta oso-oso zaila da iruzur egitea», esan du Fuikak. Bat egiten du Ucinek: «Hemen, hauteskunde prozesua %100 gardena da».