Udalbiltza berrosatzeko prozesua abian

Udalbiltza berrantolatu eta haren oinarriak jartzeko taldea sortu da

Etorkizuneko Udalbiltzaren prozedurak zehaztu, baliabideak definitu eta egoera ekonomikoaren diagnostikoa egingo duOrain 13 urte bezala, Udalbiltza birsortzeko prozesua abian jarri dute Iruñeko bilkuran

Aritz Romeo eta Eva Aranguren NaBaiko eta Bilduko Iruñeko hautetsiak, atzo, Baluarten. Ekitaldiaren aurkezle izan ziren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Iruñea berriro. 1999ko otsailaren 6an, Karlos III.a zinema aretoan, Euskal Herriko 400 hautetsik Udalbiltza sortzeko deiarekin bat egin zuten. Hamahiru urte iragan dira geroztik, eta tartean ibilbide gorabeheratsua izan du instituzioak: bitan zatitu ondotik, 2003an Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa eta ia zortzi urteko prozesu judizial luzea. Atzo, Udalbiltza berrantolatzeko deia egin zuten ehunka hautetsik Iruñean. Horrekin batera, etorkizuneko Udalbiltza berriaren oinarriak jarriko dituen talde eragilea osatu zuten. Izan ere, ezinbestean, iraganean pausatu dute begirada, baina batez ere etorkizunera begiratzeko: «Bilkuraren helburua ez da iraganaren aldarrikapen malenkoniatsu bat egitea. Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien nazio instituzioak zerbait baldin badu, etorkizuna du», aipatu du Daniel Olzomendi Izurako auzapezak.

Olzomendik, Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko hautetsiak eta Igor Eguren Ordiziako alkateak Udalbiltzaren talde eragileko beste kideen izenean hitz egin dute Iruñeko bilkurako azken diskurtsoan. Alde batetik, euren aurretik lan egin dutenei esker ona azaldu diete, hamahiru urteotan «ordainsari handia pairatu baitute». Bestetik, egungo egoera politiko «bereziari eta itxaropentsuari» egin diote erreferentzia. «Baina ez dugu testuinguru hori gure historiaren ikusle moduan ikusi nahi», gaineratu du Egurenek. Premiazkotzat jo dute abagune berezi honetan Euskal Herriko nazio instituzio eraginkorra abian jartzea, «ezarritako muga administratibo politiko eta alderdikoien gainetik».

Iruñeko lehen bilkura haren ondotik, 1999ko irailean sortu zen Udalbiltza, Bilboko Euskalduna jauregian egindako biltzar historikoan. 1.778 hautetsik eman zioten babesa eta bost printzipio hitzartu zituzten. Batetik, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; bigarrenik, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna aintzat hartuz; hirugarrenik, nazio eraikuntza bultzatzea; laugarrenik, herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hainbat alorretan; azkenik, nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea.

Printzipio horiek gogoan, premiazkotzat jo dute talde eragileko kideek eta orain arte egitasmoarekin bat egin duten 1.100 hautetsik Udalbiltza berrantolatzea. «Badira udalak biltzen dituzten erakunde gehiago gure herrian, baina Udalbiltzak beste berezitasun batzuk ditu», aipatu dute Olzomendik, Egurenek eta Lopez de Aberasturik. «Udala oinarria izanik, Euskal Herriko nazioa du eremu eta helburu».

Batasunerako deia

Etorkizuneko Udalbiltza horren zeregin nagusietako bat «hamahiru urtean Udalbiltza eta Udalbideren ibilbidetik garatu diren bi bideen arteko batze eraikitzailea» izango da. Talde eragile sortu berriko kideen arabera, ez da arrazoirik falta duela 1999ko irailean hartutako printzipio horien gainean jarduera batu bat bultzatzeko. Ez dira ezerezetik hasiko, gainera: «Denbora honetan pilatutako esperientzia lagungarri izango da». Era berean, talde sustatzaileak uste du alderdien arteko ezadostasunak gainditzeko lagungarri izan daitekeela «hautetsi berriek dakarten aire freskoa». Aipagarria da, kasu, aurkeztu berri den talde eragilean hautetsi eta alkate gazte ugari dagoela.

Oraindik lan handia egiteko badago ere, denbora gutxian urratsak egin dira. Martxoaren 31n ekin zioten ibilbideari Irunen, zazpi lurraldetako 26 hautetsiren babesarekin. Maiatzaren amaieran, 650 udaletako hautetsiei Udalbiltza berrantolatzeko ahaleginarekin bat egiteko gonbidapena egin zieten. Oraingoz, 1.100 hautetsik eman dute atxikimendua, baina babes kopurua handitzen doa. Ehundik gora kargudun independente daude. Babes kopurua handitzea da asmoa. 1999an lortutako 1.778 hautetsien babesa izan daiteke erreferentzia bat.

Alabaina, bere zeregina ez da atxikimenduak biltzera mugatuko. Era berean, Udalbiltzaren egituraren irizpideak ere aztertuko ditu. Alde batetik, barne prozedura eta antolaketa egokia definitu eta erakundearen barnean erabakiak hartzeko zein karguak izendatzeko prozedura demokratikoa bermatuko du. Bestetik, bere funtzionamendurako beharrezkoak izango dituen baliabideei buruzko erabakiak «prozedura publiko gardenen bidez» gauzatuko dira eta «nahikotasun ekonomikoa» bermatuko da. Gainera, Euskal Herriari buruzko «diagnostiko zehatza eta osoa» egingo du talde eragileak: «Horren arabera, euskal herritarren gehiengoaren behar eta nahiak hobekien aseko dituen lehentasunezko egitasmoen sailkapena hitzartuko du talde eragileak».

Konpromiso horiek guztiak hartu ditu taldeak, eta zeregin horiek zirriborro batean landuko ditu. Hurrengo hilabetetan jorratuko duten lan horrekin Udalbiltzaren batzar eratzailera deituko dute. Datarik ez dago oraingoz. «Urratsez urrats, oinarri sendoak jarriz», aipatu dute talde eragileko kideek. Oraingoz 17 lagunek osatzen dute, baina argi utzi dute «talde irekia» izango dela.

Atzerako begirada

Aurretik, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakari ohiak eta Jesus Mari Agirrezabala Udalbideko lehendakariorde ohiak hitz egin dute. Biek denboran atzera zuzendu dute begirada, 1999an susmatutako zailtasunak berretsi egin zirelako aurrerago: «Jakin bagenekien estaturik gabeko nazioen ibilbidea ez dela erraza». Zatiketari ia zortzi urte iraun duen bahiketa judiziala gaineratu zitzaion: «Gehiegizkoa jaioberri batentzako. Orain nerabe bilakaturik, zatiketarako arrazoiak gainditzeko bidean daudela eta Justizia espainiarraren jokalekutik duin eta burua tente atera garela, aurrera begiratzeko garaia da», aipatu du Arkotxak.

«Indarberrituta» daudela uste du, gainera. Agirrezabalarekin batera,1999an Bilbon egindako adierazpenak ez duela gaurkotasunik galdu deritzo. «Orduan, gaur egun bezalaxe, garai berri baten abiapuntuan geunden. Egindako bideak, egindako urrats atzeraezinek aukera berriak ekarri dituzte gure herrira. Ekimen honetan berriro ere udal ordezkarien zeregina dela deritzogu. Ezberdin pentsatzen dugunen arteko elkarlana da mugimenduaren abiapuntua».

Talde eragileak egin bezala, Arkotxak eta Agirrezabalak batasunerako deia egin dute. Bere esanak balio sinbolikoa du, Udalbiltza eta Udalbideko goi kargu izan ziren heinean. «Bere garaian zatitu ziren enbor beraren bi adarrek 13 urteko ibilbidean egin duten lana erabat osagarria eta bateragarria dela aldarrikatu nahi dugu». Elkarrekin bidea egiteko «ateak irekita» daudela esan diete hautetsi guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.