Udalekuetan haurrak babesteko ordezkariaren figura sortu beharko da, Jaurlaritzaren dekretu berriaren arabera

1985eko araudia ordezkatuko du dekretu berriak. Aisialdi hezigarriko jardueretan adingabeen «ongizatea» indartzeko neurri berriak ezarriko dira: besteak beste, bi begirale izango dira gutxienez jarduera guztietan.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua. IREKIA
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua. IREKIA
edurne begiristain
2026ko ekainaren 30a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak 1985etik indarrean zegoen araudia eguneratu, eta aisialdi hezigarria eta denbora libreko haur eta gazteen jarduerak arautuko dituen dekretu berria onartu du. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak azaldu duenez, arau berriak adingabeen «babesari eta ongizateari» ematen die lehentasuna; besteak beste, haurrak eta nerabeak babesteko ordezkariaren figura sortuko du, eta jarduera guztietan begirale gehiago izatera behartuko.

Dekretuak udalekuak, kanpaldiak, kanpaldi ibiltariak, auzolandegiak eta udaleku irekiak hartzen ditu barnean. Aurrerantzean, lau egun edo gehiago irauten duten edo gutxienez hiru gaueko egonaldia duten jarduera guztiei aplikatuko zaie. Orain arte, hiru gau baino gehiagoko egonaldiak baino ez ziren arautzen.

Berritasun nagusietako bat da udalekuen antolatzaileek ordezkari bat izendatu beharko dutela haurrak eta nerabeak babesteko. Pertsona hori izango da adingabeen babesaren erreferentzia, eta indarkeriaren prebentziorako protokoloak ezagutarazteaz, sexu delituen aurrekari negatiboak egiaztatzeaz eta beharrezko laguntza aktibatzeaz arduratuko da. Adingabeek, familiek eta jardueretako langileek jakin beharko dute nora jo babesa edo laguntza behar izanez gero.

Begiraleen ratioetan ere aldaketa nabarmena ezarri du Jaurlaritzak. Jarduera guztietan gutxienez bi begiralek egon beharko dute, taldea txikia izan arren; orain arte, begirale bakarra nahikoa zen hamar haur baino gutxiagoko taldeetan. Horrez gain, 21 parte hartzailetik gora direnean, hamar adingabeko begirale bat gehiago gehitu beharko da. Jarduera bakoitzak, gainera, zuzendari tituludun bat izan beharko du, eta, ehun parte hartzaile baino gehiago dituztenetan, bigarren zuzendaria ere izendatu beharko da.

Hiru ikuskatzaile berri

Ikuskatzailearen figura ere arautuko dute. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak hiru ikuskatzaile berri jarri ditu lanean, eta dagoeneko elkarteek aurkeztutako dokumentazioa aztertzen ari dira, eta udalekuak bertatik bertara ikuskatzen. Haien egitekoa ez da araudia betetzen dela egiaztatzea soilik; arriskurik edo kalteberatasun egoerarik antzemanez gero, Ertzaintzari, gizarte zerbitzuei edo Osasun Sailari jakinaraztea ere badagokie.

Jarduera antolatu nahi duten erakundeek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute jarduera hasi baino hilabete lehenago. Dokumentazioarekin batera, zuzendarien eta begiraleen titulazioak eta erantzukizun zibileko aseguruaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, dagoeneko 300 adierazpen baino gehiago erregistratu dira.

Dekretua aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Hala ere, begiraleen titulazioei buruzko eskakizunak pixkanaka ezarriko dira 2026tik 2028ra bitartean, eta ratio berriak eta zuzendarien betekizunak hiru hilabeteko egokitzapen epea igaro ondoren izango dira nahitaezkoak. Ordura arte, 1985eko dekretuak ezarritako baldintzak aplikatzen jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA