Udalekuetan «babes eta kontrol» handiagoa ezartzeko helburua lortu egingo dutela ziurtatu du Ander Añibarro EAJko legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarrak gaurko bilkuran onartu baitu Gazteariaren Legea aldatzeko proposamenaren behin betiko testua, jeltzaleen eta PSE-EEren aldeko botoei esker. Seguruenik, legebiltzarreko osoko bilkuran emango diote onespena, ekainaren 11n. Bernedoko (Araba) udalekuen harira udazkenean izandako polemikak eragin zuen legea aldatzeko proposamena. Zenbait gurasok begiraleei leporatu zieten, besteak beste, dutxa mistoak ezarri eta adingabeak elkarrekin dutxatzera «behartu» zituztela. Begiraleek, baina, hori ukatu zuten, eta nabarmendu zuten udalekuei buruzko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» eta lintxamendu pertsonalak izan zirela, sareetan eta kalean.
Legebiltzarreko alderdiek maiatzaren 22an adostu zuten lege proposamenaren behin betiko testua. Hiru zuzenketa gehitu zizkioten EAJren eta PSE-EEren jatorrizko testuari: EAEko Arartekoaren gomendioz jeltzaleek eta sozialistek egindako bat, eta PPk jarritako bi —popularrek beste bi aurkeztuak zituzten, eta EH Bilduk lau, baina horiek ez zituzten onartu—. Horrenbestez, lege proposamenak bost artikulu eta azken xedapen bat izango ditu.
Koalizio subiranistak zuzenketarik jaso ez zuten artikuluen alde bozkatu du gaur, eta abstenitu egin da zuzenketak egin zizkien horietan, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutakoetan. Horiek horrela, Edurne Benito del Valle EH Bilduko legebiltzarkideak argi utzi nahi izan du adingabeak babestea «lehentasun bat» dela haientzat. Baina, zera kritikatu du, lege on bat onartu ahal izateko «funtsezko prozedura juridikoak urratu» nahi izan dituztela jeltzaleek eta sozialistek.
Are, testu horren «gabeziak» direla medio, erreforma hori «gezurrezko urrats bat» dela adierazi du EH Bildukoak, «aurreikusitako neurri gehienek ondoren dekretuen bidez garatzea eskatuko baitute».
Ekarpenak egin zizkieten artikuluak babestu dituzte popularrek, eta gainerakoen aurka bozkatu dute. Batetik, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak eskertu egin du jeltzaleek eta sozialistek bere taldearen zuzenketa batzuk onartzeko egindako «ahalegina». Hala ere, berak uste du aldaketa horiek onartu «beste erremediorik ez» zutela, jatorrizko ekimenak ekarriko zuen «barrabaskeria» zuzentzeko. Horregatik, «Eusko Jaurlaritzaren orain arteko utzikeria zuritu nahi izatea» egotzi die Garridok gobernuko bi bazkideei.
Aldaketak
Premiazko tramitazioaren bidez egin dute lege aldaketa EAJk eta PSE-EEk, uda baino lehen indarrean jartzea baita jeltzaleen eta sozialisten helburua. Seguruenik, legebiltzarreko ekainaren 11ko osoko bilkurara eramango dute, egun horretan eztabaidatu eta onartzeko.
Bertan jasoko diren aldaketen artean dago adingabeek parte hartzen duten aisialdiko jarduerak hasi aurretik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dutela Eusko Jaurlaritzako Gazteria arloan edo jarduera egingo den lurraldeko aldundian —orain arte jarduera bat egin aurretik agiri bat bete behar zuten taldeek—.
Zigorrei dagokienez, arau hauste larriak eta oso larriak zer diren berriz definitu dute. Zehazki, hemendik aurrera, eta araua onartuko balitz, arau hauste larri gisa identifikatu ahalko dituzte honako hauek: erantzukizun zibileko asegururik ez egitea, sexu deliturik egin ez duten ziurtagiria ez edukitzea eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak ez hartzea. Oso larriei dagokienez, horrela definitu dituzte: «Ekintza edo ez-egite bidez haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak mugatzen dituzten jarrera eta jokabide diskriminatzaileak sustatzen dituztenak eta edozein indarkeria mota sustatzen dutenak».
Arau hauste horiei ezarriko zaizkien zigorrak ere gogortuko dituzte, PPren zuzenketetako bat oinarri hartuta. Arau hauste arras larriengatik, gehienez, 45.000 euroko zigorrak ezartzen ziren orain arte, eta, aldaketa eginda, 600.000 eurorainokoak izan daitezke.