Udalerri euskaldunetarako «babes berezia» eta ofizialtasun osoa: biak eskatu ditu UEMAk Nafarroako Parlamentuan

'Lurralde estrategia euskararentzat' proposamena aurkeztu dute Memoria eta Bizkidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordean. Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik eta Leitzako alkate Dabid Anautek hartu dute hitza.

Nafarroako Parlamentuko agerraldia. UEMAK UTZITAKOA
Nafarroako Parlamentuko agerraldia. UEMAK UTZITAKOA
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 27a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia aurkeztu zuen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urte hasieran: Lurralde estrategia euskararentzat. Euskararen indarberritze prozesua bere zabalean «azkarragoa eta eraginkorragoa» bihurtzeko modua emango duela uste dute, eta helburuetako bat da lurgune euskaldunenetarako «lege babesa eta plan integral bat» lortzeko urratsak abiaraztea. Hainbat forotan aurkeztu dute estrategia ordutik, eta gaur Nafarroako Parlamentura joan dira. Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendi eta Leitzako alkate Dabid Anaut mintzatu dira Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordean. Udalerri euskaldunetarako «babes berezia» ez ezik ofizialtasun osoa ere eskatu dute: bi aldarriak eraman dituzte parlamentura.

Propio eremu euskaldunenak babesteko neurri bereziak nahi badituzte ere, Anautek esan du UEMArentzat ere berebiziko garrantzia duela Nafarroa osoan euskara ofizial izateko eskeak. «Eremu guztietan eragin behar da, eta euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, baina arreta eta babes berezia behar du lurgune euskaldunenak, sendotu eta hedatu dadin, horrek gero lurralde osoan eragiteko». Gogora ekarri dute estrategia berri honen abiaburuetako bat izan zela Siadecorekin batera 2036ra begira egindako proiekzioa. Han jasotakoa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko da euskara; arnasgune erasanak ere desagertu egingo dira: 7.267 pertsona biziko dira tankera horretako eremuetan 2036an, 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Galera horri aurre egin nahi diote estrategia berriaren bitartez.

«120 udalerri euskaldun biltzen dituen erakunde publikoa garen heinean, dagokigun ardura hartuta eta eremu euskaldunena gure hizkuntzarentzat giltzarria dela jakinda, euskara indarberritzeko estrategia proposatzen dugu», azaldu du Aramendik. Proposamenaren gainerako zehaztapenak egiteko daudela gogoratu du eta «iritziak eta ekarpenak» jasotzea dutela orain asmo behinena. Lanketa hori egiten ari den bitartean, «urgentziaz» hartu beharreko hainbat neurri ere proposatu ditu mankomunitateak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA