«Ez da oraingo kontua udalerririk euskaldunenetan adierazle soziolinguistiko nagusiak atzeraka hasi izana, baina urteek aurrera egin ahala egoera kezkagarri batera iritsi gara». UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik berritu egin du gaur Otxandion (Bizkaia), Udalerri Euskaldunen Egunean, euskara eremurik euskaldunenetan izaten ari den «atzerakadaren» gaineko kezka. Siadecorekin batera ondu zuten proiekzio batean egoerak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi zuten iaz: arnasguneak ia desagertzeko bidean daudela esan zuten. Aurrera egiteko bidea proposatu dute aurten: hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» antolatzeko estrategia. Egoera horretara egun batetik bestera heldu ez direlakoan, «urgentziazko» hamar jarraibide proposatu dituzte gaur udalerri horietarako, eta jarraibideok luze gabe indarrean jartzeko eskatu dute.
Neurri horiek lehenbailehen ezartzea «ezinbestekoa eta urgentea» dela esan du Aramendik gaurko agerraldian. Euskararentzako hauspo hori euskararen lurralde osorako mesedegarria dela gogoratu du. «Modu horretan, euskararen normalizazioari berari egingo zaio mesede, eta udalerri ez hain euskaldunetan aldi berean edo modu progresiboan egin beharreko bidea erakusteko ere balio dezake». Aintzat hartzekoa da prozesu honetan UEMAko herriek izan dezaketen garrantzia. Elgorriaga (Nafarroa) mankomunitatean sartu da gaur, eta orotara 121 udalerri daude; atzean dagoen komunitatearen sendotasuna gogora ekarri du Aramendik: «355.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu. Bada zerbait».
Euskararen kontrako indarrak harrotuta daudela gogoratzeko ere baliatu dute gaur Otxandion egin duten ekitaldia. «Euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldi betean gaude», nabarmendu du Aramendik. Gogorarazi du, halaber, parte hartu zutela kontrako haize horiei aurre egite aldera lehengo astean ELAk, LABek eta Steilasek Bilbon deitu zuten manifestazioan, eta adierazi euskaltzaletasunaren defentsan antolatuta dauden hurrengo mobilizazioetan ere izango direla: ekainaren 6an Bordelera joango dira Ipar Euskal Herriko ikasleek ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea dutela aldarrikatzera, eta ekainaren 13an Iruñera joko dute, han egingo baita Euskaltzaleen Martxa, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta.
hamar neurriak
Zerbitzu publiko guztiak euskaraz. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta foru aldundiei eskabide hori bermatzeko eskatu diete. Erakunde askok hartu behar dituzte neurriak: Osakidetzak, Osasunbideak, Lanbidek...
Hizkuntza paisaia euskaraz. Hizkuntza paisaia euskaraz izatea betebehar juridiko bilakatzea. Horretarako, udalek erabiltzen dituzten ordenantzen «legezkotasuna» bermatu behar dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.
Eragin kaltegarririk ez. Planak, proiektuak eta askotariko egitasmoak egiten direnean udalerri euskaldunetan euskarari «eragin kaltegarririk» ez sortzeko ebaluazioak eta neurriak hastapenetan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horiek garatzeko eskatu dute; Nafarroan, berriz, horiek egiteko «betebeharra» txertatu behar da antolamendu juridikoan.
Ostalaritzako langileentzako plana. Liberazio dinamika bat martxan jarri behar da udalerri euskaldunetako ostalaritzako langileak euskalduntzeko. Haien ikasketa prozesua errazteko baliabide pedagogikoak proposatu dituzte, besteak beste.
Neurriak euskalduntze-alfabetatzean. Ratioak jaistea eta doakotasuna beti bermatzea dira eskariak.
Helduen hezkuntza ere, euskaraz. Herritar etorri berrientzako murgiltze neurrietan euskara ardatz gisa ezartzea da helburua, gaur egun gaztelania irakasten zaielako beti aurrena.
Murgiltze ereduak haurrentzat. Haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko ardatza murgiltze ereduak izan daitezela eskatu dute.
Ikasketa prozesu osoa euskaraz. Haur eta gazteek ikasketa prozesu osoa ahalik eta gune euskaldunenetan eta trinkoenetan egitea ahalbidetuko duten neurriak eskatu dituzte.
Euskarazko aisialdia. Familia zaurgarrienetako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko neurriak bermatzeko eskatu dute. «Haur eta gazte guztiek, beren egoera edozein izanda ere, aisialdi euskaldunean parte hartzeko aukera izan behar dute».
Udaletan, euskaraz. Neurri juridikoak hartu behar dira udal langile guztiak euskaldunak izateko eta udalen euskarazko funtzionamendua bermatzeko.