Hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia aurkeztu du UEMAk

Euskararen indarberritze prozesua bere zabalean «azkarragoa eta eraginkorragoa» bihurtzeko modua emango duela uste du erakundeak; bide horretan, lurgune euskaldunenetarako «lege babesa eta plan integral bat» lortzeko urratsak abiarazi ditu.

UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, gaur, Hernanin. BERRIA
UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, gaur, Hernanin. BERRIA
arantxa iraola
Hernani
2026ko otsailaren 25a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albisteari oihartzuna eta sendotasuna emateko ahalegina argia izan da; UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek aurkeztu dute gaur Lurralde estrategia euskararentzat dokumentua, Hernanin (Gipuzkoa) egin duten ekitaldi batean. EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariak batera azaldu dira, proposamenaren inguruan bat eginda. Talde independentetako hautetsiak ere badira mankomunitatean. Hizkuntza politiketan zuztarreko aldaketa bat abiarazteko asmoz landu dute: nahi dute hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia baterako abiaburua izatea. Atzean duten komunitatearen sendotasuna aintzat hartu behar da: mankomunitateak 120 udalerri batzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgunea ordezkatzen du.

Hernani ere UEMAko kidea da, eta Xabier Lertxundi alkateak egin die harrera agerraldian parte hartu duten ordezkari publikoei. Gaur aurkeztu duten proposamenaren «anbizioa» goraipatu du. Zuzendaritza batzordeko kide dira Ataungo alkate Martin Aramendi, Busturiko zinegotzi Maitane Zearreta, Leitzako alkate Dabid Anaut, Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta, Hernaniko zinegotzi Axier Mingo, Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa, Mallabiko alkate Igor Agirre, Asteasuko zinegotzi independente Larraitz Alkorta, Aulestiko alkate Irati Urberuaga, Lesakako zinegotzi Eneko Fernandez eta Azpeitiko zinegotzi Aitor Larrañaga. Batasun irudia agerian utzi dute agerraldian bat eginda. 

Kezka aurretik ere piztua zen, baina iazko udaberrian agertu zen gordin-gordin; UEMAren enkarguz Siadecok egindako proiekzioak argi utzi zuen egungo hizkuntza politikekin ataka zailean daudela eremurik euskaldunenak; lan horretan, halaber, adierazi zuten euskararen arnasguneak desagertzeko zorian daudela. Udazkenean, UEMAk nazioarteko konferentzia bat egin zuen Azpeitian (Gipuzkoa), eremu horien garrantziaz ohartarazteko eta euskararen biziberritze osoari zer-nolako ekarpena egiten dioten gogorarazteko. Hitzetatik ekintzetarako bidea egin nahi dute orain. «Azken hamarkadetan egin den lanari esker, euskarak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu ezagutzan eta esparru formaletan», azaldu du gaurko agerraldian UEMAko lehendakari Martin Aramendik. «Hala ere, datuek eta joera soziolinguistikoek erakusten dute euskara indartsuen dagoen eremuetan ere ahultze zantzu kezkagarriak ageri direla». Hor eragin nahi dute. 

Ideia nagusi bat dago proposamenaren atzean. Gaur gogora ekarri dute berriro: «UEMAren ustez, lurgunerik euskaldunenean egindako ahaleginek inpaktu handiagoa dute erabileran eta komunitatearen sendotzean». Soziolinguistikaren arloan oihartzuna izan duten azken urteotako hainbat ikerketa daude uste horren atzean, bereziki Iñaki Iurrebasoren doktore tesia eta horren ondorioz plazaratu dituen proposamenak. Hain justu ere, Azpeitian UEMAk egindako konferentziaren amaieran, Iurrebasok berak hitzaldia egin zuen, eta zera proposatu: hizkuntza politika eremuka lantzea, euskararen nagusitasunaren arabera, eta gune bakoitzeko politikek elkar osatzeko moduan. Abiaraziko duten dinamikak, oro har, euskararen indarberritze prozesua «azkarragoa eta eraginkorragoa» bihurtuko duela esan dute gaur berriro. Horretarako bidea zein den azaldu du Aramendik: «Baliabide publikoen eraginkortasuna hobetu beharko litzateke, lurgune euskaldunari dagokion garrantzia aitortuta, gune hori legez babestuta eta euskararen biziberritzerako hauspo bihurtuta».

«Baliabide publikoen eraginkortasuna hobetu beharko litzateke, lurgune euskaldunari dagokion garrantzia aitortuta»

MARTIN ARAMENDI UEMAko lehendakaria

Aramendik esplikatu du dinamika hau euskalgintzan abian diren beste hainbaten barruan abiarazi nahi dutela. Gogora ekarri ditu igaro hilabeteotan euskararen «pizkunde berriaren» inguruan abiarazi diren egitasmoak. Abenduan, Euskalgintzaren Kontseiluak propio horiek gizarteratzeko ekitaldi jendetsu bat egin zuen Bilbon. «UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin», gogora ekarri du UEMAko ordezkariak. «Horiek sendotzea eta zehaztea da lurralde estrategiaren helburua, betiere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta».

Bost irizpide

Bide horretan, hizkuntza politikak antolatzeko bost irizpide orokor proposatu dituzte. Baga: euskararen lurralde eremu guztietan eragin behar da, eta «estrategia egokiak» garatu toki bakoitzean. Biga: eremu bakoitzaren errealitate soziolinguistikoari «egokitutako politikak» abiarazi behar dira. Higa: lurralderik euskaldunenari «motor eta lidergo rola» aitortu behar zaio. Laga: arreta berezia eskaini behar zaie eremu horiei, eta «legez» babestu behar dira. Boga: bidea egin behar da eremu horiek «baliabide estrategiko» bihurtu daitezen gainerako eremuen euskalduntzerako eta euskararen indarberritzerako . Behin eta berriz nabarmendu dute zona euskaldunenek euskara «irradiatzen» dutela, eta zabalkunde hori indartzeko bideak sortzea dela orain helburua. Dabid Anautek egin du horren gaineko zehaztapena: «Modu askotan gertatzen den irradiazio lan hori berariaz egitea eta bultzatzea ildo emankorra izan daiteke lurralde osoa euskalduntzeko ahaleginean». 

«Modu askotan gertatzen den irradiazio lan hori berariaz egitea eta bultzatzea ildo emankorra izan daiteke lurralde osoa euskalduntzeko ahaleginean»
DABID ANAUT

Leitzako alkatea

Irizpide horiek ezartze aldera, UEMAk mahai gainean jarri duen estrategiaren arabera, ezinbestekoa da eremurik euskaldunenentzat «babes eta sustapen bereziko» eremu bat definitzea. Busturiko zinegotzi Maitane Zearretak eman ditu horren gaineko zehaztapenak gaurko ekitaldian: «Azken batean, babes eta sustapen bereziko eremuarekin lurgune euskalduna babestea eta hedatzea izango litzateke helburu, eta, aldi berean, Euskal Herriko udalerri eta eskualdeen arteko hartu-emana eta dinamismoa hizkuntzarentzat mesedegarri izateko moduan garatzea». 

Berritasun bat jaso dute proposamenean. «UEMAk bere sorreratik erabili izan du lurgune euskalduna terminoa, gehienetan udalerri euskaldunen eremuari buruz aritzeko. Dokumentu honetan, ordea, adiera zabalagoa eta oraingoz zehaztugabeagoa emango diogu terminoari», azaldu dute. «Lurgune euskaldunak arnasgune guztiak biltzen ditu, eta baita udalerri euskaldun guztiak ere. Baliteke, ordea, horiez gain, beste udalerri batzuk ere barne hartzea lurgune euskaldunak», iragarri dute. Lurgune hori zertan datzan zehaztea izango da, hain zuzen, orain abiaraziko den prozesuan landu eta adostu beharreko «alderdi garrantzitsuetako bat», esan dutenez. 

Beste lege esparru bat

Irudikatu duten bidean aurrera egiteko bi «lanabes» proposatu dituzte. Lehena da lurgunerik euskaldunenak sendotzeko eta babesteko «lege esparru egokia» garatzea. Horren bidez, batez ere, «judizializazioaren» ondorioz sortutako oztopoak gainditu nahi dituzte, eta eremu horietan «politika ausartagoak» egiteko babes juridikoa lortu. Oldarraldi judizialari aurre egiteko ahalegina argia da hor; urteotan ehun epai baino gehiago plazaratu dira administrazio publikoak euskararen biziberritzearen alde hartutako erabakien kontra, eta tartean izan dira udal legeak —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeen jardunbideak, betebeharrak eta funtzioak zehazteko 2016an onetsia— euskara lehenesteko ireki zituen hainbat bide mozteko hainbat sententzia ere. Hor egin beharreko langintzaren garrantzia nabarmendu du Zearretak: «Izan ere, lurgune euskalduna indartzeko, premiazkoa da lege esparru egokia garatzea». 

«Lurgune euskalduna indartzeko, premiazkoa da lege esparru egokia garatzea»

MAITANE ZEARRETA Busturiko zinegotzia

Lurgune euskalduna sendotzeko plan integral bat da UEMAk eskura nahi duen bigarren «lanabesa»: «Plan horrek politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak bilduko ditu, erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan», iragarri dute gaurko agerraldian. «Planak barne hartuko ditu politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak».

Bi bide horietan aurrera egiteko, hizkuntza politikari eskainitako departamentuetatik atera behar da euskara, dokumentuan jaso dutenez. Aurrez ere maiz egin izan dute eskakizun hori. «Ezinbestekoa da hizkuntza politika zeharkakoa izatea. Euskararen indarberritzearen aldeko lanak arlo edo sail guztietako politika publikoak blaitu behar ditu, bai eta administrazioaren maila guztiak ere: udala, eskualdea, herrialdea, erkidegoa». 

Gaur aurkeztu dutena proposamen «irekia» da, UEMAko arduradunen arabera. «Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin partekatu eta aberastu nahi dugu», esplikatu du gaur Aramendik. «Oinarrizko adostasun sozial bat» lortu nahi dute, eta dagoeneko eginak dituzte zenbait bilera euskalgintzarekin eta hainbat eragilerekin, adierazi duenez. 

%70

Euskararen ezagutza udalerri euskaldunetan. Udalerri euskaldun esaten zaie UEMAko kide izateko baldintzak betetzen dituzten herriei. Horretarako, herritarren ezagutzari erreparatzen zaio. Gaur egun, hauxe da jarrita dagoen langa: herritarren %70ek baino gehiagok jakin behar dute euskaraz. Indizean balio hori gainditzen duten udalerriak sar daitezke UEMAn. Erabilera aintzat hartuta egiten diren sailkapenek ere berebiziko garrantzia dute udalerri euskaldunen egoera ulertzeko orduan: %80tik gorako erabilera duten eremuak arnasgune deituak dira, eta %60tik gorako erabilera dutenek arnasgune erasan izena hartzen dute. Azken ikerketen arabera, horiek guztiak desagertzeko bidean daude.

Hiru norabidetan

 

«Lurgune euskaldun» deitu duten eremuan eragiteko hiru ardatz orokor proposatu ditu UEMAk plazara atera duen proposamenean. Hauexek dira: 

  • Politika integraletarako «jauzia». Arazo bat antzeman dute urteotan UEMAn: «Ondorio nabarmenagoak dituzte hizkuntza politikako sailaz bestelakoetan egiten diren politika publikoek, euskara sailetan egiten direnek baino». Horiek horrela, guztiz itxuraldatzen ikusi dituzte hainbat eremu euskaldun, hizkuntzaren irizpidea aintzat hartu ez duten hainbat erabaki politikoren ondorioz. 2016an, udal legea onartu zen propio Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, toki erakundeen jardunbideak arautzeko, eta proposamenean jaso dute haren bidez «prebentzio» irizpide batzuk eman zirela halako desitxuratzerik izan ez zedin. Baina herabeegia izan da beti ahalegin hori. Batetik, adabaki bat delako: «Gainerako eremu administratiboetan oraindik ez da lehen urrats hori bera egin», gogoratu dute. Bestetik, «prebentzioaz» bestelako neurriak ere behar direlako. «Zeharkakotasunez» lurgune euskaldunen egoera soziolinguistikoa sendotuko duten politika publiko integralak behar dira. «Kasu egin behar zaie alderdi demografikoei, ekonomiari, lurralde antolaketari, harrerari eta herri horiek komunitate jasangarri eta bizi gisa sendotuko dituzten alderdiei, eta horietan eragin».
  • Politikarik aurreratuenak egiteko tokiak. Lurgunerik euskaldunenek politika publiko «aurreratuak» egiteko tokiak izan behar dutela esan du UEMAk proposamenean. Hezkuntzan, helduen euskalduntzean, kulturan, hedabideetan, aisian... Alderdi guztietan nahi dituzte politika sakonagoak. «Lanketa hori araugintzaren eta sustapenaren bitartez egin beharko da ezinbestean».
  • Kontzientzia, ahalduntzea. Ingurune euskaldunenetako hiztunen ahalduntzean eginak ditu aurrerabideak UEMAk, eta hor sakontzen jarraitu behar dela jaso dute proposamenean. «Hiztun komunitate ahaldundu bat izatea nahitaezko ildoa da bai diskurtso eta bai maila mikroan eragingo duten praktika linguistiko egokiak indartzeko». Argi dute beren-beregi landu beharreko bidea dela, hor ere aldaketa handia sumatu baitute urteotan. «Urteetan ingurune horietako herritarrek eusle rol garrantzitsua jokatu dute bestelako guneetan, baina hori gaitasunari lotua egon da bereziki. Egun, ordea, eremurik euskaldunenetako herritarrek erdal gaitasun nabarmenki hobea dute oso gaztetatik, eta herritar ahaldunduak izateak baino ez du bermatuko eusle rol hori betetzea aurrerantzean ere». 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.