Udaltzain bat akusazio partikular gisa aurkeztu da iaz Azpeitian izandako istiluen auzian

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ohar bidez egin du salaketa.

Poliziaren jokabidea salatzeko elkarretaratzea, istiluen biharamunean, Azpeitian. NEREA URANGA / GUKA
Poliziaren jokabidea salatzeko elkarretaratzea, istiluen biharamunean, Azpeitian. NEREA URANGA / GUKA
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 28a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzaren eta herriko zenbait gazteren artean istiluak izan ziren iaz Azpeitian (Gipuzkoa), eta horren harira 23 gazte ikertzen ari dira, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egin izana egotzita. Ortzegunean amaitu behar zuten deklaratzen, baina, itzultzailea falta zenez, maiatzaren 20ra gibelatu diete deklarazioa lau laguni. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ohar bidez eman du horren berri, eta gehitu udaltzain batek bere burua akusazio partikular gisa aurkeztu duela. «Orain arte udaltzainek izan duten jarrera biktimista nahikoa ez, eta, Voxek bere garaian egin zuen antzera, herriko gazteak zuzenean justiziaren jopuntuan jarri ditu horrela», adierazi dute.

Iazko uztailean gertatu ziren istiluak, gaztetxearen hogeigarren urteurrenaren bueltan. Ertzaintzako agenteek isuna jarri zioten pintaketa bat egiten ari zen gazte bati; zehazki, Azpeitiko gaztetxearen arabera, pilen edukiontzi batean ACAB idazteagatik —All Cops Are Bastards ingelesez, polizia guztiak sasikumeak dira euskaraz—. Orduan, gaztetxearen oharraren arabera, zenbait lagun «desadostasuna adieraztera» joan ziren agenteengana. Poliziak, berriz, patruila gehiago bidali zituen eremu hartara, eta Urola kalea itxi zuen.

Handik Udaltzaingoaren egoitzara joan ziren zenbait gazte, desadostasuna adierazteko. Orduan, udalaren arabera, ikusita jendea elkartzen ari zela egoitzaren kanpoko aldean, udaltzainek Ertzaintzari deitu zioten. Han gertatutakoaren inguruan, baina, bi bertsio daude. Ertzaintzak adierazi zuen gazteak indarrez sartu zirela komisariara, baina gaztetxeko kideek ukatu egin zuten hori. Kontrara, salatu zuten poliziak gazteen kontra oldartu zirela, eta gazte bat atzeman eta identifikatu zutela. Hain zuzen, hura aske utzi zutenean amaitu ziren liskarrak.

Plataformaren irudiko, udaltzain bat akusazio partikular gisa aurkeztu izanak erakusten du udaltzainek ere «ardura» dutela prozesu judizialean, «EH Bilduk bere garaian saldu nahi izan zuenaren kontra». Izan ere, haiek deitu zioten Ertzaintzari, eta gazteak jipoitu zituzten ertzainekin batera, plataformak erran duenez. «Berriz adierazi nahi dugu Poliziak berak zapuztu zuela gaztetxearen urteurreneko festa giroa, pila edukiontzi batean egindako pintaketa bat aitzakiatzat hartuta».

Bi auzibide

Joan den urte hondarrean sortu zuten Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma, bi auziri erantzuteko. Gaztetxeko istiluei lotutakoa bat, eta duela bi urte Voxen kontra egindako protestari lotutakoa bertzea. Hain zuzen, Vox alderdiak agerraldi bat egin zuen Azpeitian 2024ko apirilean, eta horren kontra protesta egin zuten herritarrek; haietako hogeik epailearen aitzinean deklaratu behar izan dute. 

Herritarrak sinetsita daude biak «errepresio kasu argiak» direla, eta horregatik sortu dute plataforma. Hiru aldarri dituzte oinarri: «Jazarpen eta presio poliziala gaitzetsi, beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten azpijoko mediatikoak eta kriminalizazio kanpainak salatu, eta estatuak faxismoarekin duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa seinalatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.