Ikasleak korrika eta oihuka; Frantziako Poliziaren oldarraldia; negar gasa. Baionako Paul Bert lizeoaren aitzineko irudiak dira, ostegun goiz honetakoak. Paul Bert lizeoaren aitzinean su txiki bat piztu dutelako oldartu zaie Polizia ikasleei. Berehala itzali dute. Baina txinparta bat pizten denean sekula ez da jakiten sua noraino iritsiko den.
Parisko aldirietan abiatu dira ikasleen protestak, ikastetxeetako prekaritatea eta baliabide falta salatzeko. Anitz zabaldu da Saint Denis hiriko Paul Eluard lizeoan grabatu duten lekukotasun bideoa. Eskas dituzte mahaiak eta kadirak; hautsiak dira leihoak, ateak eta paretak; hezetasuna dago nonahi; arratoiak ere badaude; irakasle bat eskas denean, ez dute sekula ordezkatzen. Bally Bagayoko Saint Deniseko auzapezak (LFI) babesa agertu die asaldatu diren ikasleei, eta, baretzera deitu badu ere, iradoki du «momentu baten buruan bortizkeria ere zilegi» izan daitekeela, hain da larria toki batzuetan duten egoera.
Eta, beste behin, gogor oldartu zaie Polizia protestan ari ziren ikasleei. Larriki zauritu dituzte batzuk; mutilatu besteak. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltza irudiak: begia galdu duen mutiko batena, edo metro batetik gas potea aurpegira bota diotela-eta hortzak galdu dituen beste batena, edo zintzurretik helduta ito dutela negarrez kontatzen duen neskatoarena... Ikastetxe batzuen aitzinean, irakasle eta langile batzuek hesiak osatu dituzte Poliziaren aitzinean protestan ari diren ikasleak babesteko. Bideoan grabatzen dituzte atxiloketak: «14 urte ditu, haur bat da», oihuka.
Bagayokoren gisara, Frantzia Intsumisoko hainbat diputatu ere ikasleei babesa ematera atera dira karrikara, eta behin baino gehiagotan jarri dira Poliziaren aitzinean, lasaiago joka dezatela eskatuz. Heroiak balira bezala hartu dituzte ikasleek zenbait lekutan, txalo eta aupaden artean. Eskuinean, gazteak instrumentalizatzea eta protestara bultzatzeko kitzikatzea leporatu diete intsumituei Frantziako Gobernuko ordezkariek, baita Gabriel Attal eta Edouard Philippe presidentetzarako hautagaiek ere. Â
Heldu den udaberrian iraganen dira hauteskundeak, baina kanpaina hasia da. Eta giro politiko eta sozialak anitz baldintza dezake. Parisen abiatutako ikasle mugimendua Frantziako Estatu osora hedatzen ari da; unibertsitateetan ere abiatu dituzte protestak. Sindikatuek ere mobilizazioak hasiak dituzte Sebastien Lecornu lehen ministroak iragarri dituen murrizketen kontra. Urriaren 17rako Jaka Horien mugimendua berpiztera deitu dute sareetan, erregaien prezioaren igoera salatzeko. Egoera muturreraino eramatearen poderioz, udazken beroa du aitzinean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Eta, beste behin, Poliziaren indarkeriarekin ari da sua itzali nahian. Baina, txinparta bat pizten denean, sekula ez da jakiten sua noraino iritsiko den.