«Adierazpen honek ez estatuak baizik eta hizkuntza komunitateak hartzen ditu abiapuntutzat, eta gizateria osoarentzako garapen jasangarri eta orekatua bermatzeko gauza diren nazioarteko erakundeak indartzeko ahaleginean sartzen da. Halaber, helburuetako bat ere bada errespetuan, bizikidetzan eta elkarrekiko onuran oinarritutako hizkuntza aniztasunaren antolaketa politikorako marko bat osatzea». Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hitzaurrearen amaierako hitzak dira horiek. 1996ko ekainaren 6an aldarrikatu zuten adierazpena, Bartzelonan, Hizkuntza Eskubideen Mundu Kongresuan. 30 urte bete ditu aurten, beraz. Erruz aldatu da mundua ordutik, eta eraberritzeko prozesua abian da: apirilaren 15ean aurkeztu zuten, Bartzelonan bertan. Urrian, hantxe bertan, berridazketarako ekarpenak jaso eta aztertuko dituzten lantaldeak jarriko dira martxan.
CIEMEN eta PEN Catala erakundeek abiatu zuten propio adierazpena berritzeko ekinbidea, baina nazioarteko sare zabal baten babesa izan zuten lehen urrats horietan. Tartean daude Euskal Herriko erakundeak: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Garabide elkartea. Ordutik, egitasmoa ezagutarazten eta zabaltzen jardun dute. Adierazpenaren eguneratzeak, batez ere, munduan sortu diren erronka berriei erantzun nahi die. CIEMENeko zuzendari Jordi Garrellek mundu aldakor horren hainbat zertzelada ekarri ditu gogora: «Sare sozialak, Internet, plataformak... Hori dena ez zegoen orain dela 30 urte». Eta orduan irudikatzen ere zail ziren egoera asko ari dira gertatzen hizkuntzen garapenean. Islandia hartu du adibiderako. Islandierak estatuaren babesa badu, baina mundu berri honetan, babes hori izanda ere, ahultzen ari da: «Ingelesak hizkuntza gutxitu egin du».Â
Aitortza handiagoa
Ez da loteslea Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Garrellek argi utzi du arantza hori. Gogora ekarri du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakunde Unescok «sostengatu» zuela agiria idaztea, baina ez zuela hortik haragoko urratsik egin. Nahi baino eragin murritzagoa du, beraz: «Nazio Batuen Erakundeak ez du onartzen, ez du bere egiten; ez da tratatu bat, ez da hitzarmen bat». Horregatik, orain abiatu duten prozesu honetan aitortza handiagoa lortzea da helburuetako bat. «Behin dokumentua itxita, eginkizuna izango da hau Giza Eskubideen Batzordera iristea eta Nazio Batuen Erakundeak onartzea».
Badakite ez dela bide samurra izango: «Nazioarteko aliantza sendo batekin iritsi behar da horretara». Orain dela 30 urte, adierazpena egin zenean, nazioarteko egoera onberagoa zela onartu du: egun, inboluzio haizeek belztu egin dituzte eskubideen aldeko aldarriak. Baina eragiten jarraitu behar dela gogoratu du. «Hain justu ere, olatu erreakzionario hau dagoelako, bestelako begiraden alde egin behar da; bestela alde guztietatik irentsiko gaituzte». Eta adierazpena oraindik ere garrantzitsua dela gogoratu du. «Unibertsalki ordezkatuko gaituen deus hoberik ez dugu aurkitu, baina oraindik demokratikoagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin lortu behar dugu».
«Unibertsalki ordezkatuko gaituen deus hoberik ez dugu aurkitu, baina oraindik demokratikoagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin lortu behar dugu»
CIEMEN-eko zuzendaria
JORDI GARRELL
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak nabarmendu du testua loteslea ez bada ere aintzat hartzekoa dela haren itzala. «Hizkuntza eskubideak giza eskubideen esparruan kokatzen dituen testu bat da; erreferentziazko testu bat da guretzat». Euskal Herrian bertan euskararen aitortza legala adabakiz josita dagoela kontuan hartuta, adibidez, eremu mehar horretatik «harago» eragiten ahalegintzeko bidea ematen dute testu horretan ezartzen diren «printzipio orokorrek». Eta Behatokiak eta tankerako erakundeek defendatzen dituzten irizpideei abaroa ematen die. «Esaterako, justizia linguistikoaren kontzeptua ere mahai gainean jartzen du».
NBE Nazio Batuen Erakundearen aitortza guztiz lagungarria izango litzatekeela gogoratu du Gaubekak ere. «Testuari indar handia emango lioke Nazio Batuen Erakundeak bere egiteak. Hori da, hain justu ere, prozesu honen asmoetako bat». Hori lortu ezean, nazioarteko erakundeak paradoxa labainkor batean jarraituko duela gogoratu du: «Izan ere, Unescok berak esana du munduko hizkuntza ondarearen erdia galtzeko arriskua dagoela nazioarteko babesik ez bada. Kuriosoa da gero nola ez dauden prest dokumentu hori beren egiteko».
«Hizkuntza eskubideak giza eskubideen esparruan kokatzen dituen testu bat da; erreferentziazko testu bat da guretzat»
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
AGURNE GAUBEKA
Hirurogei bat ekarpen jaso dituzte jada testua berritzeko, mundu zabaletik. Mundu osoko adituek parte hartuko dute orain horiek txertatzeko lantaldeetan ere. Prozesuaren zabaltasun hori ezinbestekoa dela gogoratu Garrellek. «Erakutsi behar dugu hau unibertsala dela». Testuaren lehen zirriborroa 2027 amaierarako nahi dute. NBE Nazio Batuen Erakundera 2028an eraman nahi dute.Â
'hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa': hamar urte
2016ko abenduaren 17an Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztu zen Donostian. Hamar urte betetzear da, beraz Donostiako protokolo moduan ere izendatzen den agiria. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala «oinarrizko dokumentu» gisara hartuta idatzitako agiria da —«horixe izan da dokumentu hau prestatzeko izan dugun eredu nagusia», jartzen du protokoloan bertan—. Testuaren atarikoan jasota dago Europan gizarte zibilak sortu eta garatu duen «tresna praktiko, eragingarri eta bateraturik» ez zegoela, eta hutsune horrek sorrarazitako «arduraren» emaitza zela agiria. Hain justu ere, 185 neurri zehatz proposatzen ditu hizkuntzak biziberritzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatu zuen testua, eta Donostia 2016 egitasmoaren barruan aurkeztu zen. 30 hiztun komunitate baino gehiagotako ehundik gora eragileren ekarpenak jasota egin zen.Â