Urriaren 12ko istiluengatik auzipetutakoak errugabetzat jotzea galdegin dute

Elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, auzia ixtea eskatzeko. Epailearen aurretik igaro dira sei akusatu.

Gaur iluntzean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gaur iluntzean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko urtarrilaren 20a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epailearen aurretik igaro dira Falange Espainolak urriaren 12an Gasteizen egindako ekitaldiaren kontrako protestan atxilotutako sei lagun. Ertzaintzak hemeretzi manifestari antifaxista atxilotu zituen egun hartan, eta haietako sei zeuden deklaratzera deituak gaurko, desordena publikoa, autoritatearen kontrako atentatua eta lesio delitua egotzita. Epailearen aurrean ezer ez esatea erabaki dute, ordea, horretarako eskubidea dutela baliatuta. 

Hamar bat ertzaini ere hartu die deklarazioa epaileak gaur; besteak beste, polizia operazioaren ardura zuenari. Egun hartan «infernua» bizi izan zutela esan dio hark epaileari: «Hil egin nahi izan gintuzten». Euspel sindikatu polizialak ordezkatzen ditu haietako batzuk, eta hura da, hain justu ere, atxilotuen aurkako salaketa jarri zuena. SIPE sindikatua eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ere akusazio partikular gisa aurkeztu dira.

Guztira hogei lagun daude auzipetuta, eta falta direnak hurrengo egunetan pasatuko dira Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegitik. Haiei babesa adierazteko, elkarretaratzea egin dute iluntzean Gasteizen. Andre Maria Zuriaren plazan batu direnek auzipetuak errugabetzat jotzeko eta auzia ixteko eskatu dute. Eta dei egin diote herritar orori antifaxistei elkartasuna eta sostengua ematera. 

Protestaren amaieran irakurritako oharrean, gogorarazi dute falangistak «ideia erreakzionarioak zabaltzera» etorri zirela egun hartan Euskal Herrira, eta nabarmendu «inpunitate osoz» jardun zutela. Salatu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren onespenarekin egin zutela ekitaldia, eta falangistak Poliziarekin batera oldartu zitzaizkiela protestan zirenei: «Ertzaintzaren babes eta laguntza osoarekin jardun zuten momentu oro». 

Era berean, kritikatu egin dute bi instituzio horietako ordezkarien jarrera ere, antifaxisten aurkako «kriminalizazio kanpaina juridiko eta mediatikoa» abiatu zutelako, faxisten «probokazioak» salatu ordez. Bada, azpimarratu dute faxismoaren aurka borroka egitea beharrezkoa eta legitimoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.