Urtean 5.760 euro jasoko dituzte indarkeria matxistagatik umezurtz geratzen direnek

Eusko Jaurlaritzak onartu berri du indarkeria matxistaren biktimentzako zenbait laguntza jasotzen dituen dekretu proiektua.

Hilketa matxista bat salatzeko protesta, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abuztuaren 21a
15:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak gaur goizean onartu du bortxa matxistaren biktima izan direnentzako zenbait laguntza jasotzen dituen dekretu proiektua. Indarkeria matxistagatik umezurtz geratu direnentzako diru laguntzak arautzen ditu. Dekretu proiektuaren arabera, gutxienez 5.760 euro jasoko dituzte urtean 18 urte bete arte, eta 25 izan arte jasotzen jarraitzeko aukera izango dute, zenbait baldintza betetzen badituzte. Dekretua ez da behin betikoa, eta zuzenketak aurkezteko aukera egongo da. Oraindik ez dute argitu noiz sartuko den indarrean, baina Eusko Jaurlaritzak iragarri du jada 450.000 euro behintzat jasoko dituela datorren urteko aurrekontuetan.

Laguntzen inguruko xehetasunak aipatzen ditu testuak. Indarkeria matxistagatik umezurtz geratzen direnek 5.760 euro jasoko dituzte urtean, eta halako bi menpekotasun edo elbarritasun maila bat badute. Biktimek 18 urte izan arte jasoko dute laguntza. Behin adin hori izanda, 25 urtera arte ere laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, betiere, %33koa edo handiagoa den elbarritasuna badute, menpekotasuna badute edo araututako ikasketak egiten ari badira. Laguntzaren onuradun izan nahi dutenek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta egon behar dute eta bertan bizi laguntza eskatzen dutenean.

Beste laguntza bat ere jasotzen du proiektuak: 10.000 euro emango dizkiote 2003tik iaz arte ama hil dietenei. Laguntza hori bateragarria izango da aurrez aipatutakoarekin. Jaurlaritzak uste du 40 pertsona inguruk jasoko dutela laguntza. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak adierazi du neurri horiek minaren erreparaziorako lagungarri izatea nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.