Uztailaren 12ko emaitza guztiak kontsultatu litezke BERRIAren webgunean, baita herrialde bakoitzeko eta herri bakoitzeko emaitzak ere. Mapa interaktiboak ere landu ditu kazeta honek, hauteskundeen emaitzak zein botoaren bilakaera herriz herri aztertzeko, toki bakoitzean zein alderdi nagusitu den ikusiz. Mapetan azter liteke, halaber, 2016tik 2020ra herri bakoitzean alderdi bakoitzaren botoa nola aldatu den, eta parte hartzeak zer-nolako bilakaera izan duen; goranzko eta beheranzko joerak antzeman litezke mapa horretan. Hauteskunde-atal bakoitzean zer emaitza izan diren ere ikus liteke beste mapa honetan; hauteskunde ataletan batzen dira errolda barruti batean bildutako datuak, bozkalekuetakoak —hauteskunde mahai bat edo gehiago bil daitezke atal bakoitzean—.
Badira 22 urte Eusko Jaurlaritzak gehiengo osorik gabe gobernatu duela, 1994-1998ko agintalditik Jaurlaritzako alderdiak ez baitira iritsi Eusko Legebiltzarreko botoen erdiak baino bat gehiago edukitzera. Hurrengo agintaldian gehiengo osoarekin agintzeko aukera izango dute. EAJk (+4) eta PSE-EEk (+1) ordezkaritza handitu dute, eta 41 eserleku dituzte Eusko Legebiltzar berrian, erdiak baino hiru gehiago. Gobernua osatzeko akordioa eginez gero, oztopo handirik gabe gobernatuko dute, eta bi alderdiak agertu dira gobernu koalizioa berriz osatzeko prest.
Abstentzioa izan da hauteskundeetako beste protagonista. Eusko Legebiltzarrerako boz batzuetan sekula ez da izan horren parte hartze txikia. Herritarren erdiak soilik joan dira botoa ematera (%53), eta 21 herritan —tartean, Bilbo eta Gasteiz— %50etik beherakoa izan da parte hartzea. Bozkalekuen %4,5ean, gainera, parte hartzea oraindik eta txikiagoa izan da: %40 baino apalagoa. Vox izan da parte hartze txiki horretaz baliatu den alderdietako bat, Araban 4.722 boto eskas lortuta atera baitu ordezkari bat legebiltzarrerako, eta boto horietatik gehienak Gasteizen lortu ditu, parte hartzerik txikiena izan den hirietako batean.
Espainian arreta jarria duten alderdiek parte hartzearekin batera egin dute behera. Esanguratsuak izan dira Elkarrekin Podemos eta PP+Cs koalizioen jaitsierak, duela lau urteko botoen erdiak baino gehiago galdu dituztelako. PSE-EEk, bai, eutsi die botoei, galera txiki batekin. Alderdi abertzaleek, berriz, ordezkaritan gora egin dute, nahiz eta EAJk ia 50.000 boto galdu. Izatez, EH Bildu izan da botoak irabazi dituen bakarra (+23.000 inguru). Horrela, alderdi abertzaleek Eusko Legebiltzar berriko eserlekuen %70 izango dituzte.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan EAJ izan da nagusi, baina EH Bilduk igoerak izan ditu bozkaleku askotan, eta duela lau urte baino toki gehiagotan nagusitu da.