Vianako Printzea erakundearen oniritzia jasota, Iruñeko Udalak bidea libre du Erorien Monumentua eraldatzeko

Udalak beharrezkoa zuen instituzio horren aldeko txostena, eraikinaren zati batzuk botatzeko. Tramitea gaindituta, ideia lehiaketa antolatuko dute, eremu horretan zer egin erabakitzeko.

Erorien Monumentua, Iruñean. IÑAKI PORTO / EFE
Erorien Monumentua, Iruñean. IÑAKI PORTO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko irailaren 18a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste urrats bat egin du Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraldatzeko. Diario de Noticias-ek aurreratu duenez, Vianako Printzea instituzioak oniritzia eman dio udalari mausoleo frankistaren katalogazioa aldatzeko, gaur egun duen babes juridiko maila apaltzeko eta, horrekin lotuta, eraikinaren zenbait elementu botatzeko eta beste batzuk aldatzeko. Monumentuari «beste esanahi bat ematea» eta haren «izaera frankista erauztea», horra Iruñeko Udalaren helburua; xede horrekin, arkitektura lehiaketa bat antolatuko dute, eraikina soilik ez, inguru osoa eraberritzeko. Horretarako, baina, udalak ezinbestekoa zuen Vianako Printzearen aldeko txostena, erakunde publiko hori arduratzen baita Nafarroako ondare artistikoa, kulturala eta historikoa katalogatzeaz eta zaintzeaz. Tramite hori bete du jada.

Edonola ere, Vianako Printzearen baimena mugatua dela nabarmendu zuen Iruñeko Udalak, monumentuaren katalogazioa aldatzeko eskaera aurkeztu zuenean. «Babes maila apaldu izanak aukera ematen du nolabaiteko askatasunez lan egiteko, baina mugatutako joko zelai baten barruan». Zer esan nahi du horrek? Bada, Erorien Monumentuari egiten ahal zaizkion aldaketen artean ez dagoela jasota eraikin osoa botatzea. Halaxe adostu zuten EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik ere, iazko azaroan sinatutako hitzarmenean. Elkarte memorialista ugarik gogor kritikatu dute bide hori, eta eraikina eraistea exijitu dute behin baino gehiagotan.

Zehazki, Vianako Printzearen baimenak aukera ematen du eraikin nagusian eta sotoan lan egiteko. Horri esker, zenbait elementu desagerrarazi ahalko lirateke; besteak beste, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten gorpuak hartu zituen kripta eta monumentuaren alboko galeriak.

Kupularen barnealdean dauden pinturek, ordea, babes berezia dute, eta horiek mantendu egin beharko lirateke; eta kupulan bertan «esku hartze arina» egiteko baimena eman du Vianako Printzea erakundeak, hura erabat bota gabe, betiere. Kanpoaldeari dagokionez, udalak eraikina eraldatu edo estali ahalko du.

Edonola ere, hori guztia proiektu arkitektoniko batean zehaztu beharko du udalak. Horretarako, ideia lehiaketa bat antolatuko dute, 2018. urtean egin bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.