Ikuskizuna izatea nahi zuen, eta lortu du. Vito Quiles eskuin muturreko ekintzailea 45 minutu berandu iritsi da Iruñeko Yamaguchi plazara. Han ziren 30 jarraitzaile inguru, Espainiako banderetan eta Borgoinako Gurutzea zuten ikurretan bildurik. Quilesek hamar minutuz jardun du irainka, eta haren hitzei adi ziren dozenaka kazetari. Aldi berean, makina bat sakelakok hartu dituzte irudiak, gorrotoz eta probokazioz beteriko mezua sare sozialetan barreiatzeko. Dena den, guztia amaitutakoan, arrapalada batean alde egin du Iruñetik, beldur aurpegiarekin.
Espainiako Poliziak Yamaguchi plaza inguratu du. Dena den, inguruko tabernetan hainbat herritar zeuden begira, oso haserre. Aldi berean, antifaxistak plazaren inguruetan bildu dira. Quiles iritsi aurretik eta ondoren, Espainiako Polizia eta Foruzaingoa oldartu egin zaizkie manifestari horiei, foam balak eta gomazko pilotak jaurtita, bai eta negar gasa erabiliz ere.
Gutxienez hiru zauritu daude. Espainiako polizia batek adineko gizon bat borrarekin jo du hainbat aldiz. Baiona etorbidean, berriz, foam bala bat jaurti diote gazte bati, eta osasun zerbitzuek artatu behar izan dute. Ez dago haren egoeraren berririk. Gainera, beste gizon bat ere zauritu dute sabelaldean, gomazko pilota batekin.
Quiles iritsi baino minutu bat lehenago, Espainiako poliziek gazte antifaxista bat atxilotu dute, eta furgoneta barruan sartuta eraman. Albiste agentzien arabera, beste bi pertsona ere atxilotu dituzte. Hiruretatik bat adingabea da. Bi atxilotu gutxienez aske geratu dira bart gauean. Gaur arratsalderako, 19:00etan kontzentrazio batera deitu dute Nabarrerian, atxiloketak salatzeko.
Vito Quilesek duela egun batzuk iragarri zuen berriro Euskal Herrira etorriko zela jendaurreko zenbait ekitaldi egitera; oraingoan, Iruñean eta Bilbon da ekitaldiok egitekoa. Bada, gaur 18:00etan zuen lehen ekitaldia, Iruñeko Yamaguchi parkean. Eskuin muturreko komunikatzaile espainiarrak iazko urrian egin zuen lehen deialdia Euskal Herrian, Iruñean ordu hartan ere, baina azkenean ezin izan zuen ekitaldirik egin. Liskarrak izan ziren antifaxisten eta Poliziaren artean, eta dozenaka pertsona atxilotu zituzten duela hilabete batzuk.
Ikusi gehiago
Espainiako Poliziak segurtasun operazio erraldoia aktibatu du Quilesen ekitaldia dela eta. Plaza inguruko kaleak hartuta zeuden. Hesia zabalagoa izan da, Alde Zaharrarekin lotzen duen Pio XII.aren etorbidean furgonetak ezarri baitituzte. Segurtasun neurriak handiak izan dira, eta argi dago ekintzaile faxistaren iritsierak gastu publiko handia eragin duela. Yamaguchi plazaren inguruetan dozenaka polizia furgoi zeuden, bai eta Foruzaingoaren furgoneta bat ere gutxienez. Helikoptero bat ere ibili da hegan, manifestarien irudiak hartzen.
Plaza barruan, Quiles atera aurretik eta ondoren, haren 30 jarraitzaile inguru zeuden, horietako asko gazteak, bai eta sinbologia faxista zeramaten zenbait lagun ere. Borgoinako Gurutzea zuten banderak eta pankartak zeramatzaten Quilesen jarraitzaileek. Emakume talde batek bi pankarta atera ditu, gazteleraz: Adierazpen askatasuna eta Faxista, isiltzen zaituena. Haietako batek hau esan du halako batean: «Benetako faxistak, antifaxistak». TVEko kazetari bati oldartu zaio, eta adierazpen askatasunaren aurka egitea leporatu dio.
Gainera, plazako tabernetako terrazetan auzoko bizilagunak ere bazeuden, eta horietako asko oldartu egin zaizkie faxistei. 18:15 aldera tentsio handia sortu da herritar horien eta faxisten artean. Quilesen jarraitzaileek tabernan zegoen gizon baten aurka egin dute protesta. Poliziak, bertaratu, eta banandu egin ditu. Kalez jantzitako adineko polizia batek, herritarrak hartu, eta «orain komisariara» esan die. Beste herritar talde batek aske uzteko eskatu eta berehala, halere, libre utzi du. Poliziak herritar horien aurka egin du, eta adineko gizon batek galdetu du ea zergatik ez diren oldartzen faxisten aurka. Erantzunik gabe geratu da galdera.
Plazatik kanpo bildu dira Quilesen eta haren jarraitzaile ultraeskuindarren kontra mobilizatutako antifaxistak, Yamaguchi parkearen parean. Seiak jota, tentsioa handituz joan da, eta Poliziak foam balak jaurti ditu noizbehinka. Negar gasa ere bota dute poliziek pare bat aldiz, eta plaza kez bete da . Antifaxistek botilak ere jaurti dituzte polizien aurka, eta, orduan, terrazetan bildutako jendeak alde egin du, izututa.
Poliziak lehen oldarraldiak egin ditu: dozenaka foam goma jaurti dituzte, eta liskarrak inguruko kaleetara zabaldu dira. Antifaxistek edukiontziak jarri dituzte Yamaguchi parkea inguratzen zuten kaleetan, hala nola Baiona etorbidean eta Antso Azkarraren etorbidean. Hainbat edukiontzi erre dituzte, eta botilak eta harriak jaurti polizien aurka.
Zauritu bat Golem zinemetan
Tirabirarik handienak Baiona etorbidean izan dira. Golem Baiona zinema aretoen parean istiluei begira ari ziren herritarrei foam balak jaurti dituzte poliziek, eta baletako batek herritar bat zauritu du buruan. Sare sozialetako irudietan ikus daitekeenez, lurrera zerraldo erori da.
BERRIAk han zen lekuko batekin hitz egin du, eta baieztatu du gizonari odola zeriola burutik, eta osasun zerbitzuek artatu dutela. Ez da baieztatu nork egin duen tiro, baina orduantxe, kalearen bestaldean, Golem Yamaguchi zinema aretoarekin bat egiten duen pasabidean, Foruzaingoaren talde bat zegoen. 50 bat metro urrunago, berriz, Espainiako Polizia.
18:40 aldera, Vito Quiles iritsi baino minutu bat lehenago, poliziek gazte bat atxilotu dute, eta furgoneta batean sartu.
Deialdia seietarako bazen ere, Quiles ordu erdi pasatxo berandu iritsi da, eta, hamar minutuko ekitaldia egin eta gero, alde egin du. Hitz egiten ari zen bitartean, 80 urte inguruko agure bat oldartu egin zaio ultraeskuineko kideari. «Faxista! Ez duzue ezer ikasi. Diktadura bizi izan nuen duela 50 urte baino gehiago, eta badakit zer den hori. Fatxa! A zer gazteria, faxismoa babesten!». Gizonaren inguruan, Quilsen jarraitzaile gazte batzuk zeuden, eta oldartu egin zaizkio.
Ziztu bizian alde egin du
Quilesek berehala alde egin du, Mercedes markako automobil batean. Bultzaka atera da, eta jarraitzaileek selfieak egiteko eskatu diote. Pozarren zeuden irudi hori lortu dutela eta. Quiles autoan sartzen ari zen bitartean, galdetu diote ea beldur ote zen. «Lehen ez», erantzun du, beldur aurpegiz. Ez zekien nola lortuko zuen handik ateratzea.
Alde egin aurretik, auto barruan altxatu eta agurtu egin ditu han zeuden jarraitzaileak. «Hau etakidez beteta dago», esaten zuen haietako batek, kexuka. Quilesen segurtasuna bermatzen duen taldeko kideek aurpegia estalita zeramaten. Handik alde egitera premiatu dute ekintzailea.
Automobila Yamaguchi plazako irteeretako batetik atera da, Pio XII.aren etorbiderantz, handik Iruñetik alde egiteko. Irteteko garaian, poliziek babestu egin dute autoa, baina behin kontrol hesia gaindituta, bakarrik geratu da. Ziztu bizian alde egin du.
Nahiz eta irteerak beldurra islatu, X sare sozialean probokazio mezuekin jarraitu du Quilesek. «Lortu dugu. Sartu gara, eta Iruñea zutitu egin da. Argi gera bekizue, etakideak. Nafarroa espainiarra da». Alta, oso jende gutxi erakarri du bere ikuskizun horretara.
Behin Quilesek alde eginda, egoera apur bat lasaitu da. Minutu batzuez, trafiko motela izan da, gurutzaturik edukiontzien ondorioz. 19:00ak pasatuta, manifestari antifaxisten eta Poliziaren arteko istiluak Donibane auzora zabaldu dira. 20:30 aldera egoera baretu egin da Nafarroako hiriburuan.
Ekitaldi faxista horren ondorioz, 17:00etan Yamaguchiko liburutegia itxi egin dute. Inguruko tabernetakoak ere haserre zeuden Quilesen etorrerak ingurua aztoratu duelako. Golem zinema aretoak, aldiz, irekita egon dira. Aretoko kafetegitik ikusi dute ikuskizun tamalgarria hainbat herritarrek. Haietako batzuek Naza filma ikusteko sarrerak erosi dituzte.
Bi protesta deialdi
Gaurko, herri mugimenduak bi deialdi egin ditu Quilesen ekitaldia dela eta, «faxismoaren kontra»: 17:00etan zen lehena, Konpainia plazan, eta bestea Gazteluko plazan, 17:30ean. Lehenengoa mobilizazioa izan da, mila pertsonatik gorakoa, eta San Frantzisko plazan amaitu da. Bigarren deialdia, berriz, elkarretaratzea izan da, eta ez dira mugitu. Izan ere, hasieran Quilesek Gazteluko plazan elkartzeko egina zuen deialdia, baina horretarako baimenik eskatu gabe. Hori baliatuz, Quilesen aurretik eskatu zuen protesta baimena herri mugimenduak, leku berean, eta Quilesek lekuz aldatu behar izan zuen bere ekitaldia.

