EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Vox alderdi ultraeskuindarrak atzo Arabako campusean, Gasteizen, ekitaldi bat egin behar zuela jakin zuenean, ekitaldi hori beste toki batean eginarazteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. EHUko errektoretza taldearen esanetan, Segurtasun Sailak erantzun zien ezin zutela hori egin. Ondorioz, unibertsitateak atzo fakultateak ixtea eta eskolak Internet bidez ematea erabaki zuen, campusean istiluak saihesteko, «gure komunitatea babesteko». Errektoretza taldeak uste du, atzo gertatu zena ikusita, neurria eraginkorra izan zela.
Voxeko ordezkaritza bat Arabako campusean izan zen atzo. Informazio mahai bat jarri zuten Farmazia Fakultatearen ondoan. Kendu egin zituzten Martxoaren 3ko gertakarien omenez jarrita zeuden pankarta batzuk, eta Espainiako banderak erakutsi zituzten. Aurrez aurre izan zituzten ikasleak. Tartean, Ertzaintza. Arabako campusa hartu zuten poliziek.
EHUko errektoretza taldeak ohar labur bat atera du, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzoko egunari buruz egin duen balorazioari erantzuteko. Atzo EHUren Arabako campusean gertatutakoari buruz galdetu diote gaur Ubarretxenari, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Eusko Jaurlaritzarentzat «berri ona» da atzo «istilurik» egon ez izana, baina Ubarretxenak uste du polizien premiaz eta unibertsitatea ixteko erabakiaz hausnartu beharra dagoela: «Hausnartu egin beharko genuke zer suposatzen duen demokraziaren esparruan poliziaren beharra izatea pertsona guztien segurtasuna bermatu behar izateko, EHUk unibertsitatea ixteko erabakia hartu duelako ultraeskuineko alderdi batek egin behar zuen agerraldiarengatik».
EHUk eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzari: Voxek berriro ere EHUren eraikinetan edo campusetan ekitaldiren bat egin nahi izanez gero, unibertsitatetik ahalik eta urrunen izan daitezela, «pertsonen segurtasuna arriskuan ez jartzeko».