Voxen ekitaldiaren harira, «probokazioetan ez erortzeko» deia egin du EHUk

Errektoretzak esan du ez dela kasualitatea ultraeskuindarren ekitaldiak bat egitea 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakeraren datarekin. Campusera ez joateko eskatu du, eta «praktika totalitarioak eta neofrankismoa» salatu.

Voxen agerraldi baten aurkako elkarretaratze bat, Errenterian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Voxen agerraldi baten aurkako elkarretaratze bat, Errenterian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko otsailaren 20a
11:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argi esan du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldeak: arbuiatu egin ditu «praktika totalitarioak eta neofrankismoa». Hala adierazi du goizean zabaldutako oharrean, Vox alderdi ultraeskuindarra Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean egitekoa den mobilizazioaren harira. Voxek astelehenean egingo du ekitaldia, hilaren 23an, eta EHUko errektoretzak uste du ez dela kasualitatea horrek bat egitea 1981eko otsailaren 23an Espainiako Estatuan izandako estatu kolpe saiakerarekin. Halere, hori ikusita «probokazioetan ez erortzeko» eta astelehenean campusera ez joateko eskatu du.

Hain justu, errektoretza taldeak atzo iragarri zuen zenbait neurri hartu dituela «komunitatearen segurtasuna bermatzeko»: eskola saio guztiak telematikoki emango dituzte, eta itxi egingo dituzte bai fakultateko ateak, baita pasealekuko aparkalekua ere. Horrez gain, jakinarazi du zentroetako dekanotza eta zuzendaritza taldeekin bildu dela, baita sindikatu eta ikasle mugimenduekin ere, haien «kolaborazioa eskatzeko», eta, batez ere, «liskarrak arbuiatu» ditzatela galdegiteko. Agerraldia probestu nahi luke, hori bai, Voxek ordezkatzen duenaren inguruko «hausnarketa eta kritika» sustatzeko.

Bestalde, Vox ahalegindu da, nolabait, ekitaldiaren helburua zuritzen, eta esan du horren asmoa dela Gasteizko campusean jarri dituzten «pankartetako mehatxuak salatzea». Ikasle mugimenduek elkarretaratzera deitu dute agerraldiaren leku eta ordu berean, «faxismoaren kontra» egiteko.

Azken sei hilabeteetan Hego Euskal Herriko campus batean ultraeskuinak antolatzen duen bigarren ekitaldia da datorren astelehenekoa. Joan den urteko urriaren bukaeran eskuin muturreko ekintzaile batek, Vito Quilesek, agerraldi batera deitu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Azkenean ez zen gauzatu, besteak beste, ehunka antifaxista azaldu zirelako, eta protesta egin zutelako horren kontra.

Estebanen arabera, liskarrak egongo dira

EAJko presidente Aitor Estebani «ulergaitza» iruditzen zaio Voxek asteleheneko ekitaldia antolatu izana; baina, era berean, ez du ulertzen «probokatzaileek» zergatik nahiko lituzketen «liskarrak» izan. Ikasle mugimenduek ultraeskuindarren ekitaldiaren harira kontraprogramatu duten elkarretaratzearen inguruan egin ditu adierazpen horiek Estebanek, ETB1en gaur emandako elkarrizketa batean. 

EAJko presidentearen esanetan, EHUk «badaki» istiluak izango direla. Eta gehitu du: «Joko honetan elkar elikatzen dute muturreko indar politikoek. Batzuei ondo etorri zaie Voxen ekitaldia, horren aitzakiapean istiluak sortzeko». Horrez gain, EHUk hartutako neurriak kritikatu ditu, eta zalantzan jarri du egun horretan campusa ixteko erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.