EH Bilduren oinarriek ia aho batez berretsi dituzte Eusko Legebiltzarrerako bozetarako zerrendak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mahai politikoek proposatutako zerrendek %90etik gorako babesa izan dute. «Aire berria sartu behar da euskal politikagintzan», adierazi du Oihana Etxebarrietak.

EH Bildu
EH Bilduko hainbat legebiltzarkide atzera ere joango dira hauteskundeetarako zerrendetan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 17a
14:55
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendak ia aho batez baieztatu ditu EH Bilduk. Koalizioko afiliatuek ostegunetik gaur eguerdira arte izan dute bozkatzeko aukera, eta babes zabalarekin berretsi dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mahai Politikoek egindako proposamenak.Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramaileak jakinarazi duenez, batez beste, %90etik gorako babesa izan dute zerrendek.

Errenterian (Gipuzkoa) bildu dira EH Bilduko afiliatuak gaur, eta, bozketa amaituta, Etxebarrietak adierazpenak egin dizkie komunikabideei. Ondoan izan ditu Nerea Kortajarena legebiltzar taldeko eleduna eta Gipuzkoako zerrendaburua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea.

Iñigo Urkullu lehendakariak oraindik hauteskunde egunaren berri eman ez izana kritikatu du Etxebarrietak. Izan ere, agur giroa sumatu zen atzo Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, baina lehendakariak ez zuen jakinarazi noiz deituko duten bozetara. «Gaur, oraindik ere, lehendakariak eragindako nahasmenaren zeremonian murgilduta jarraitzen dugu. Atzo berriro ere ikusi genuen agortutako lehendakari baten eta gobernu baten aurrean gaudela», deitoratu du.

Urkullu gogor aritu zen atzo EH Bilduren aurka Eusko Legebiltzarrean, eta, horri helduta, kritika egin dio Etxebarrietak: «EAEko ordezkaritza instituzional gorena duenak, bere profil instituzionalari lehentasuna eman ez, eta bazter utzi zituen eginkizun hori eta manerak».

EH Bilduko hauteskunde kanpainako bozeramailearen ustez, Urkullu «konponbiderako oztopo» da, eta ez dago egoerak eskatzen duen mailan. Besteak beste, uste du bere gain hartu beharko lukeela Osakidetzaren «narriadura» amaitu eta osasun sistema publikoa berriro ere «zutik» jartzeko ardura. «Ez da zilegi errua beste batzuei egoztea, ezta herritarrei ere».

«Gaur, oraindik ere, lehendakariak eragindako nahasmenaren zeremonian murgilduta jarraitzen dugu. Lehendakaria eta gobernua agortuta daude».

 OIHANA ETXEBARRIETA EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramailea

EH Bilduko ordezkariak «ulergaitz» iritzi dio ardura politiko eta instituzionalak dituen horrek irizpide pertsonalen eta emozionalen arabera jokatzeari, hauteskunde data ez jakinaraziz.

Urkulluk EAJko eta PSE-EEko buruzagiak bilera batera deitu ditu astelehenerako, koalizio gobernuaren balorazioa egiteko, eta, Etxebarrietaren iritziz, horrek agerian uzten du lehendakariak alderdi interesak lehenesten dituela interes orokorren gainetik.

Hori hala, azpimarratu du «aire berria» sartu behar dela euskal politikagintzan, «orain dagoen usain zaharra kentzeko». Aldaketa politikorako garaia EH Bildurekin batera etorriko dela ziurtatu du, «begirada zabal eta irismen luzeko» herri proiektu bat baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.