Xuhar Pazos Villabonako gaztea (Gipuzkoa) foam jaurtigai batek larri zauritu zuen begian 2024ko inauterietan, eta auzitara jo zuen erantzukizuna nork duen argi zedila eskatzeko. Tolosako 1. Instrukzio Auzitegiak auzia ikertu gabe itxi zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegian helegitea jarri ostean, probintzia auzitegiak berriz ere auzia ireki eta gertatutakoa ikertzeko agindu zion instrukzio auzitegiari. Pazosi berari hartu zion deklarazioa, lehen instrukzioan ez bezala, hura zauritu eta 20 hilabetera. Pazos entzun baino ez du egin auzitegiak, eta berriz artxibatu du auzia, ertzainen txostena egin zutenak, udaltzainak edo lekukoak entzun ere egin gabe. Pazosen abokatuak helegitea jarriko duela iragarri du.
Auzia artxibatzeko zenbait argudio eman ditu instrukzio epaileak autoan. Besteak beste, azaldu du 2024ko inauterietan istilu batzuk gertatu zirela eta Ertzaintzak bere burua babesteko materiala egoki erabili zuela, eta foam jaurtigaiak Pazos errebotez jo zuela buruan. Baina, Aiert Larrarte abokatuak adierazi duenez, instrukzio epaileak geroago honako hau gehitu du autoan: taberna batean borroka bat gertatu zela, eta istiluak horren ondotik sortu zirela, ertzainak sartu zirenean.
Abokatuak gogoeta hau gehitu du: «Badakigu hau egia deserosoa dela. Baina benetan inork ezin zuen aurreikusi zer gerta zitekeen? Ezkutatu egingo dugu Euskal Herriko gazteek, eta gazte ez direnek ere, ertzainekin arazo bat dutela?». Taberna bateko borroka baten ondorioz ertzainak agertzean sortu ziren istiluei erreparatuta, zera gehitu du: «Istilu batzuk gertatu ziren, eta nori eskatu behar zaio arduraz jokatzeko? Festetan dabiltzan gazteei, edo armatuta doazen funtzionario publiko entrenatuei?».
«Nola da posible material egokia modu egokian erabilita Xuhar begi batean larri zauritzea eta beste pertsona bat buruan zauritzea? Edo ez da erabili modu egokian, edo erabiltzen den materiala ez da egokia»
AIERT LARRARTEÂ Abokatua
Autoan epaileak dio material egokia erabili zela, eta, gainera, egoki erabili zutela. Hori, baina, zalantzan jarri du abokatuak: «Nola da posible material egokia modu egokian erabilita Xuhar begi batean larri zauritzea eta beste pertsona bat buruan zauritzea? Edo ez da erabili modu egokian, edo erabiltzen den materiala ez da egokia; horretan ez dago eztabaidarik, zauritu bat baino gehiago baitago».
Ikerketarik ez
Larrartek azaldu duenez, epaileak kontakizun jakin bat jaso du; izan ere, ertzainek emandako bertsioa baino ez du. «Zer istilu zeuden? Ertzainek esaten dituztenak. Materialari zein erabilpen eman zitzaion? Ertzainek esaten dutena. Epaileak ez digu utzi inolako lekukorik ekartzen, medikurik ere ez. Txostenak egin zituztenak galdekatu nahi ditugu. Tolosako udaltzainek ere esku hartu zuten, eta horri buruz galdetu nahi diegu; tabernako jabeari ere galdetu nahi diogu zer eratako borroka zen. Inori ere ezer galdetzeko beta eman gabe artxibatu da».
Are gehiago, akusazioak irudi batzuk ere gehitu ditu instrukzioan. Bertan ikusten denez, Ertzaintza foam jaurtigaiak ari da botatzen gorantz. Eta material horren erabilerarako araudian dio lepotik behera bota behar direla, eta gutxienez 35 metroko distantzian.
Eusko Legebiltzarreko gardentasun eta kontrol batzordeak duela hamabost egun egindako txosten batean ere argi adierazita dago egun hartan ertzainek ez zituztela foam jaurtigaiak modu egokian erabili: «Jarduteko modu hori desegokitzat jo behar da 73. instrukzioan armen munizioan eta liskarren kontrako beste batzuen erabiltzeko kontrolak ezartzen duen araudiarekiko».
Akusazioak jakinarazi duenez, berriz ere helegitea jarriko dute, auzia ikertzea nahi dutelako.
Hala eskatu zion Pazosen sendiak ere, gaztea deklaratzera joan zen egunean. «Ez dakigu zer duten ezkutatzeko, baina ez dute erantzukizunik hartzen: egia nahi dugu, denbora aurrera baitoa». Hitz egin zuen, halaber, gaztearen egoeraz: «Nerabea zen, eta pareta bat jarri diote aurrean. Ez du batere humanitaterik jaso. Ikasten jarraitzen du, bizitza ahalik eta normalena egiteko, baina mugatu egin diote normaltasun hori: begi bakar batetik ikusten du, eta ez da erraza».
Gertaerak izan zirenean Josu Erkoreka zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Eta hark gazteari egotzi zion erantzukizuna. «Ez zegoen kasualitatez han», adierazi zuen Erkoreka sailburuak, eta gehitu zuen «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela, «gertatzen ari zena grabatzen».
Hori guztia iker dezatela eskatuko du akusazioak helegitean.