Ertzaintzak Tolosan zauritutako gazteak epailearen aurrean deklaratu du, xede batekin: epaiketara iristea

Tolosako inauterietan begi batean foam jaurtigai batekin jo zuten gazteak epaileari azaldu dio zer bizi izan zuen, eta Aiert Larrarte abokatuak froga gehiago proposatu dizkio epaileari, epaiketa egitea lortu ahal izateko.

Aiert Larrarte abokatua eta Xuhar Pazos Tolosako epaitegira sartzen, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aiert Larrarte abokatua eta Xuhar Pazos, Tolosako epaitegira sartzen, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2025eko azaroaren 17a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xuhar Pazos gazteak 18 urte bete ditu asteburuan. 16 zituen Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek begi batean betiko kalteak eragin zizkion egunean. Iazko Tolosako inauterietan izan zen. Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa artxibatzeko agindu zuen Tolosako epaitegian auzia hartu zuen epaileak, 2024ko azaroan, baina aurtengo irailean atzera kasua irekitzeko agindua eman zion Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Tolosako 1. Instrukzio Epaitegiari, eta, azkenik, Pazosek epailearen aurrean deklaratu du gaur, jaurtigaiak jo zuenetik 21 hilabete inguru igaro diren honetan.

Beste epaile bat hasi da auzia aztertzen, eta haren aurrean hitz egin du gazteak. Esplikatu dio festa giroan zegoela istiluak hasi zirenean, eta ez zuela ezer jaurti Ertzaintzaren aurka, ez zuela parte hartu istilu horietan; begian betiko dauzkan kalteak ere azaldu dizkio epaileari. Aiert Larrarte abokatuak, deklarazioa bukatu ondoren, esan du froga berriak aintzat hartzeko eskatu diola epaileari, irudiak baitaude gertatutakoaren inguruan, eta orain arte kontuan hartu ez diren lekukotzak ere bai. Helburu bat dauka abokatuak: «Epaiketa batean eztabaidatzea ea Ertzaintzak behar bezala erabili ote zituen foam jaurtigaiak». Hau da, abokatuak zera nahi du: «Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatu ahal izatea epaiketa batean, herriaren aurrean eta prentsaren aurrean».

«Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatu ahal izatea nahi dugu epaiketa batean, herriaren aurrean eta prentsaren aurrean»

AIERT LARRARTE Xuhar Pazosen abokatua

Hogei minutuko deklarazioa izan da, eta Ertzaintzak bi abokatu izan ditu bertan. Haiek ere galderak egin dituzte, eta Larrartek kontatu du epaileak «gogorarazi» behar izan diela ez direla Xuhar Pazos ikertzen ari, hura «biktima» dela. «Izan ere, eztabaidatu behar badugu orain hamasei urteko gazte bat kalean egon ote daitekeen Tolosako inauterietan, ez goaz ondo».

Beste salaketa bat bidean

Epaileak deklarazioa hartu duen bitartean, Pazosen senitartekoek eta lagunek elkarretaratze bat egin dute epaitegiaren aurrean. Ertzaintzaren hiru furgoneta egon dira tarte luze batez haien alboan, baina ez da tentsiorik egon. Pazosi babesa ematera joandakoen artean Amaya Zabarte egon da, Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian Anoeta inguruan Ertzaintzak larri zauritu zuen emakumea. Haren auzia ere ikertzen ari dira egunotan, Donostiako epaitegian, nahiz eta hura ere hasieran artxibatu egin zuten.

Zabarteren bikotekide Joseba Novoak esan du foam jaurtigaiekin behin gerta daitekeela istripu bat, eta azkenaldiko auziak ikusita ez dagoela kasualitaterik. «Bizitza aldatu diote Xuharri; adingabea zen hori gertatu zenean. Pertsona gehiegi daude buruan zauriak pairatutakoak Ertzaintzaren oldarraldietan». Anoetako auziaren harira, jakinarazi du Zabarteren eta Amaia Martinen auziez gain —Martinen auzia ere epaileen esku dago, jaurtigai batek begian jo baitzuen— beste auzi bat zabaldu dela beste zauritu bati loturik. Helarazi du zauritu hori lepoan jo zuela foam jaurtigai batek Anoetan, Ertzaintzaren oldarraldi berean, eta Iker Sarriegi abokatuarekin harremanetan jarri dela salaketa bat jartzeko asmotan. Erantsi du pertsona ezagun samarra dela Donostian eta orain arte ez duela publikoki azaldu nahi izan, baina foam jaurtigaia gordea duela etxean.

Xuhar pazos
Pazos familia, deklarazioa hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Estali eta estali»

Xuhar Pazos gaztearen aita Jon Pazosek ere hitz egin du prentsaren aurrean, eta eskaera argi bat egin du: «Ez dakigu zer duten ezkutatzeko, baina ez dute erantzukizunik hartzen: egia nahi dugu, denbora aurrera baitoa». Gaineratu du Ertzaintzaren jaurtigaien biktimei aitortza, egia eta justizia egin behar zaiela: «Haiek ez dira errudunak». Erakundeek «behingoz» erantzukizuna hartu behar dutela helarazi du, baina Pazosek ez du ikusten erakundeek horretarako asmorik dutenik. «Estali, estali eta estali ari dira, agerian egon arren nola jaurtitzen dituzten foam jaurtigaiak gerritik gora eta gertutik. Irudi argiak daude, esaterako Amaya Zabarteren auzian. Ertzaintzaren jarrera horiek ezin dira onartu; Polizia herritarrak zaintzeko dago, ez mutilazioak eragiteko herritarren artean».

«Estali, estali eta estali ari dira, agerian egon arren nola jaurtitzen dituzten foam jaurtigaiak gerritik gora eta gertutik»

JON PAZOS Xuhar Pazosen aita

Aitak azaldu du semeak ez duela behar bezala ikusten begi batetik, eta horrek bizitza baldintzatu diola, baita ikasketak ere. «Nerabea zen, eta pareta bat jarri diote aurrean. Ez du batere humanitaterik jaso. Ikasten jarraitzen du, bizitza ahalik eta normalena egiteko, baina mugatu egin diote normaltasun hori: begi bakar batetik ikusten du, eta ez da erraza».

Ertzaintzaren kontakizuna

Ertzaintzaren arabera, Tolosako inauterietako goizalde hartan, agente batek jaurtitako foam pilota batek istilu batzuetan parte hartzen ari zen beste norbait jo zuen besoan Pazos gaztea begian jo aurretik, eta beste hark botila bat zeraman eskuan, Josu Erkoreka orduko Segurtasun sailburuaren esanetan. Hau da, Pazos errebotez jo zuela diote. Are gehiago, begian zauritutako gaztearen gain jartzen dute istiluen lekuan egotearen erantzukizuna. «Ez zegoen kasualitatez han», adierazi zuen Erkoreka sailburuak, eta gehitu «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela, «gertatzen ari zena grabatzen».

Kontakizun horrek ez du sinesgarritasunik familiarentzat eta gaztearen aldeko justizia eskatzen ari den plataformarentzat, Xuhar herri plataformarentzat. Hiru pertsonak jarri zuten salaketa gau hartan, Ertzaintzaren oldarraldian zauritu zituztela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.