Ainhoa Etxaide

Zaharrak berri?

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Legebiltzarra nortzuk osatuko duten, aldaketa garai hauek gidatzeko zein alderdik jasoko duen babes gehien eta matematikek Jaurlaritza gaur arteko formularekin osatzeko aukera ematen duten. Hauek igande gauean ziur jakingo ditugunak, bozkaren bidez (edo ez bozkatuz) hitza hartu eta guk erabakiko ditugunak. Hortik aurrera erabakiak alderdien esku geratuko dira berriro ere; gure hitzari bakoitzak ematen dion balioa neurtzeko beste aukera bat. Ongi legoke hauteskunde gauean eta biharamunean entzun eta ikusiko ditugunekin asteartean botoa berresteko edota aldatzeko aukera edukitzea, baina garaiak berriak badira ere, ez dira hainbeste aldatu.

Kanpaina bere azken egunetara gerturatzen ari dela bizkortu da eztabaida, berotu da giroa eta tenkatu da lehia politikoa. Eskuina bere aldera lotsarik gabe, bai bertakoa, baita bestea ere. Erdira hegemoniaren lehian dagoen ezkerra, bere ezkerretik beti leku bat ziurtatzeko borrokan ari dena. Agerian geratu da aldaketa garaiak nori joan zaizkion kontrako eztarritik, zaharrak berri eskaintzari eusteko ahaleginak biderkatu dituelako. «Berritasunak bai, baina» programatzat, aldaketak arrisku eta hondamendiaren pareko. Izan dugu iraganera bidaiatzeko aukera Ardanzaren gorazarreei jarraituz Ajuriaeneko garaietara itzuli direnean, biolentoak eta ez-biolentoak, demokratak eta ez-demokratak. Zaharkitutako diskurtsoa dela zalantzarik ez, baina tokia utziz gero erraz erabili daitekeena, garaiak berriak izan arren Euskal Herriko gatazka ez dugulako atzean utzi, ezta uzterik ere konpontzen ez dugun bitartean.

Betiko botoa aldatzeko tentazioa duenak atzera egin dezan konbentzitzeko egin dute alderdiek urrats bat aurrera. Garai berriekin itsutu den asko dagoelako, aldaketak ez direlako zertan beharrezkoak, ezta komenigarriak ere; gauzak aldatu direlako, baina ez hainbeste. Agian horrela da. Horrela dela dirudi. Edo iruditegi horrekin botoa ematen nahi gaituzte. Dena dela, inkestek erakusten duten errealitatean egingo dira hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.