Zaintza aringarri pedriatriko konplexuenen arta «egituratua» eta ordaindua izango dela iragarri du Jaurlaritzak

Martinez Osasun sailburuak iragarri duenez, «kasu konplexuetarako egitura asistentzial bat egongo da» 24 orduz asteko zazpi egunetan, eta halakoetan egon ohi den hurbileko asistentziaren osagarri izango da.

Gurutzetako ospitaleko korridorea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gurutzetako ospitaleko korridorea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
edurne begiristain
2025eko ekainaren 3a
13:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zaintza aringarri pediatriko konplexuenak artatzeko egitura bat osatuko du eguneko 24 orduetan modu jarraituan ariko dena, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri duenez. Asmoa litzateke orain arte Osakidetzako profesionalek modu boluntarioan eta lan ordutegitik kanpo egiten duten lana «antolatzea» eta ordaintzea. «Osasun langile bat haur baten etxera joaten denean zergatik doan jasota eta erregistratuta geratzea» nahi du Osasun Sailak, eta, hala, dagozkion ordainsari ekonomikoak edo librantzak izatea bermatzea. Hori dena egitura asistentzial baten barruan egin nahi du, 24 orduz asteko zazpi egunetan, eta halako kasuetan izan ohi den hurbileko asistentziaren osagarri izango da.

Faltan Botatzen Dugu plataformak atzo salatu zuen Osakidetzak kargu hartu diola pediatra bati, gaueko ordu txikietan hil hurren zen 4 urteko neska bati zaintza aringarriak emateagatik. Zehazki, salatu zuen Osakidetzak etxez etxeko artarako talde bakarra duela, goizeko ordutegian —08:00etatik 15:00etara—, eta ez duela eskaintzen 24 orduko arta jarraitua. 

Sortutako polemikaz galdetu diote gaur komunikabideek Martinezi osasun mahaiaren bilera hasi aurretik, eta hark berretsi egin du atzo Osakidetzak emandako bertsioa. Esan du Osakidetzak ez diela «zigorrik» ezarri zaintza aringarrietako lantaldeko profesionalei, eta soilik «ohartarazpen bat» egin diela. Gainera, berretsi du Osakidetzak baduela «zaintza aringarrietarako erreferentziazko unitate bat», Gurutzetako ospitalea, eta badituela arta koordinatzeko unitateak Donostiako eta Basurtuko ospitaleetan, baita beste ospitale batzuetan ere. 

Urtean, batez beste, sei kasu artatzen dituzte zaintza aringarri pediatrikoetan, eta, Martinezek onartu duenez, kasu larrienen jarraipen estuagoa egiten modu boluntarioan aritzen dira profesional batzuk. Aurrerantzean, baina, lan hori antolatu egingo du Osakidetzak, eta medikuei ordaindu egingo zaie. Martinezek iragarri duenez, «kasu konplexuetarako egitura asistentzial bat egongo da, baldin eta unitateak uste badu, haurraren edo familiaren egoeragatik, maila handiagoko jarduera hori behar dutela».

Erabakia txalotu du SATSEk

Zaintza aringarri pediatrikoen auzia mintzagai izan du SATSE erizaintza sindikatuak ere. Ohar baten bidez, babesa adierazi die Osakidetzak kargu harturiko profesionalei, eta bat egin du familiei eta pazienteei arta emateko erabakiarekin, «baita beren lanalditik kanpo bada ere». Horregatik, begi onez hartu du Martinez sailburuak 24 orduko zerbitzua iragarri izana: «Txalotzen dugu Osasun Sailaren jarrera aldaketa».

Sindikatuaren irudiko, auzi horrek agerian utzi du zaintza aringarriei lotutako protokoloak eta zerbitzuak «berrantolatzeko» beharra: «Argi dugu Gurutzetako ospitaleko profesionalek une oro jardun zutela egoerak exijitzen zuenaren arabera, eta arta baliotsua eskaini zutela, oinarritzat hartuta pazientearen eta bere familiaren benetako beharrak».

SATSEk uste du «txalogarria» dela etxez etxeko zaintza aringarri pediatrikoak 24 orduko zerbitzu jarraitu batean egituratzeko erabakia, baina txarretsi egin du «langileen bikaintasuna eta profesionaltasuna zalantzan jarri izana». Sindikatuak oharrean adierazi duenez, ezezkoa emanen diote «osasun langileen praxi onak mugatzen dituen edo herritarren beharretara egokitzen ez den kudeaketa eredu orori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.