Zaintza aringarrietan 24 orduko arreta bermatzeko 21.600 sinadura bildu dituzte

Gaixotasun larri bat duen alaba baten aita sinadurak biltzen hasi da sarean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helarazi dio lortutakoa. Diziplina diferenteetako talde espezializatuak bermatzeko eta etxeko arreta eskaintzeko ere exijitu dute.

 Barakaldoko Gurutzetako ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Barakaldoko Gurutzetako ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 25a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Osakidetzako pediatra batek hilaren hasieran jakinarazi zuen kargu hartu ziotela gaueko ordu txikietan hil hurren zen 4 urteko neska bati zaintza aringarriak emateagatik. Harrabotsa piztu zuen gertakariak, eta zuzenean eragin zion Juan Maria Sanchezi. Gaixotasun larria duen alaba bat du, eta beste alaba gaixotasun larri batengatik hil zitzaion. Pediatrarena jakin zuenean, sinadura bilketa bat abiatu zuen sarean, zaintza aringarrietan 24 orduko arreta exijituz. 21.656 sinadura bildu ditu Change.org webgunearen bidez, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helarazi dizkio.

Sinatzaileek Osakidetzari eskatu diote konpromisoak bete ditzala. Izan ere, Sanchezek salatu duenez, etengabeko arreta ez bermatzeak urratu egiten du laguntza jasotzeko haurrek duten eskubidea. «Ez naiz ekintzailea; aita naiz. Sinadurak bildu behar izan ditut alabak eskubidea izan dezan bere kasua ezagutzen duen norbaitek behar duenean telefonoa hartzeko, zer egun eta zer ordu den kontuan hartu gabe», adierazi du.

Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak 2014an onartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Osakidetzari. Hau da, diziplina diferenteetako talde espezializatuak berma ditzala eta 24 orduko arreta eman dezala, baita etxeko arreta ere. Horrez gain, adierazi dute arretak Gipuzkoara eta Arabara ere heldu behar duela. Hau da, laguntza ezin da mugatu Gurutzetako ospitalearen (Barakaldo, Bizkaia) erreferentzia eremura. Konpromiso horiek betetzeko ezarriko dituen epeak eta hartuko dituen neurriak argi zehazteko eskatu diote Osakidetzari.

«Ez naiz pribilegioak eskatzen ari; eskubide gisa onartuta dagoen zerbait exijitzen ari naiz», azpimarratu du Sanchezek. «2014an sinatu zuten, eta, hamar urte geroago, itxaroten jarraitzen dugu; haurrik zaurgarrienak ari dira ordaintzen abandonu hori».

Pediatraren gertakaria argitara atera eta gero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuen zerbitzuan aldaketak egingo dituela: kasurik konplexuenak artatzeko egitura bat osatuko du, eguneko 24 orduetan etengabe ariko dena. Asmoa da orain arte Osakidetzako profesionalek modu boluntarioan eta lan ordutegitik kanpo egiten duten lana «antolatzea» eta ordaintzea. Hala ere, Sanchezek gogoratu du oraindik ez dutela neurririk zehaztu, ezta eperik ere. Gaur helarazitako eskaeraren bidez, gardentasuna, lurralde ekitatea eta haurren eskubideekiko konpromisoa eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.