Eguerdia igarota abiatu da manifestazioa Arabako Zaintzaren Herri Akordioan jasota dauden hamar eskaerak ezagutarazteko. Eguraldia lagun, Gasteizko kaleak hartu dituzte manifestariek, zertarako eta hiru urtez eskatzen ari direna berriro ere gogorarazteko: gaur egungo zaintza erregimen kapitalista, arrazista eta patriarkala eraldatzeko, eta zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan dadila. Euskal Herriko Mugimendu Feministak hartu zuen dinamika horren lidergoa 2023an, eta, orduz geroztik, beste 130 kolektiboren babesa bereganatu du.
Arabako hiriburutik eginiko ibilaldian hamar geraleku egin dituzte, eta leku bakoitzean plazaratu dute herri akordioan jasotako hamar eskaeretako bat. Abiapuntua Plaza Berria izan da. Han azaldu dute eskakizun nagusia: negozio izateari utzi eta pribatizazioari aurre egin, eta zaintza sistema publiko komunitarioa eskatu dute. Udaletxean izan da bigarren geldialdia, eta errolda eskubidea denentzat aldarrikatu dute han.
Olagibel kalean, Atzerritarren Legearen abolizioa eskatu dute, baita erregularizazioa etorkinentzat ere ; Foru plazan, Arabako zortzi kuadrilletako landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta deszentralizatzea; San Prudentzio kalean, zaintza langileentzako lan baldintza duinak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren egoitzan, eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, eskola zaintza eta eskola laguntza publikoak eta doakoak izatea.

Arka plazara iritsitakoan, gizonei egin diete interpelazio zuzena, eta gogorarazi dute zaintza haien ardura ere badela; Eusko Legebiltzarrean eskatu dute pentsio duinak gutxieneko soldatarekin parekatzea; eta Loma Jeneralaren plazan LGTBI ikuspegia sartzea zaintza zerbitzuetan. Manifestazioaren amaiera ekitaldia Arabako Foru Aldundian izan da. Hain zuzen ere, han exijitu diete instituzio publikoei beren ardura bete eta eskakizun horiek asetzeko.