Gipuzkoako zahar etxeetako eta esku hartze sozialeko lan hitzarmenetan, LAB sindikatuak foru aldundiari eskatu dio «dagokion ardura» hartzeko. Zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak egitea ere galdegin du, hala nola soldatak zuzeneko langile publikoenekin parekatzea, lan baldintzak homologatzea eta ratioak hobetzea. Eskaintzen dituzten zerbitzuak publikoak diren heinean, LABen ustez aldundia da, patronalarekin batera, erakunde pribatuentzat lan egiten duten ehunka langileren egoeraren «erantzule zuzena».
LABek deituta, zaintzaren eremuko hainbat langilek mobilizazio bat egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Lurralde horretako zahar etxeetako lan hitzarmena negoziatzen ari dira egunotan, baita esku hartze sozialeko sektorearena ere. Bada, testuinguru horretan egin du protesta sindikatu abertzaleak: lehenik eta behin, aldundiaren egoitzaren barruan eserialdi bat egin dute beharginek; eta, ondoren, elkarretaratze bat kanpoan.
Foru erakundeak «ardura zuzena» dauka hitzarmen horietan eta langileen lan baldintzetan, LABen iritziz. Izan ere, sindikatuak nabarmendu dutenez, bi esparruetan —zahar etxeetan eta esku hartze sozialean— publikoak dira zerbitzuak eta finantzaketa. «Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dutenen kasuan ere horrela da, baita udalerrietako etxez etxeko laguntzan diharduten langileen kasuan ere, neurri txikiagoan bada ere», gehitu dute.
Batetik, zera egotzi dio LABek patronalari: «Soldaten igoera, ratioak eta lanaldi partzialak negoziazio mahaitik kanpo uztea». Aldundiari, berriz, «beste aldera begiratzea» leporatu dio, «zerbitzu horiek haren ardura diren arren». Esparru horietan «ekiparazioaren eta publifikazioaren bideak» jorratu behar direla uste du sindikatu abertzaleak, eta ratioak hobetzeko eta diru gehiago inbertitzeko eskatu dio foru erakundeari: «Baldintzak eta zerbitzua benetan hobetu nahi badira, aldundiak jauzi bat egin behar du».
ELA, greba mugagabean
Bitartean, greba mugagabean jarraitzen dute Gipuzkoako zortzi zahar etxetan, ELA sindikatuak deituta. Lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, eta baldintza horiek lan itun berri batean arautzea nahi dute. Hain zuzen, aste honetan ere egin dituzte lanuzteak: ekainaren 10ean, 11n eta 12an. Horrekin batera, lau martxa egin dituzte zortzi zahar etxe horiek dauden herriak lotuz: Legazpitik Zumarragara, Beasaindik Ordiziara, Zumaiatik Zarautzera eta, gaur, Errenteriatik Donostiara.

Gipuzkoa plazan eman diete bukaera martxei, eta, bertan, aldundiari eskatu diote soldata arrakala eta kontratu partzialak ezabatuko dituen hitzarmen bat ahalbidetu dezala behingoz: «Joan den asteko negoziazio mahaian, kontratu partzialak ezabatzeko benetako neurririk ez zuten aurkeztu patronalek. Gatazkak premiazko neurriak eta ardura politikoa eskatzen ditu», adierazi dute.
Greba mugagabean dauden zortzi zahar etxeak hauek dira: Zumaiako San Juan (Clece Mayores), Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario) eta Sanmarkosene (Gureak), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia), Ordiziako San Jose (Zaintzen-Clecde), eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara I (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR). Langile gehienek 215 greba egun bete dituzte gaur, ELAk nabarmendu duenez.