Gipuzkoako zahar etxeetan greba egingo dute ekainaren 10ean, 11n eta 12an

ELAk egin du greba deialdia. «Benetan» inplikatzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bizkaian, Osalaneko ordezkariak zahar etxeetako langileekin bilduko dira.

Zahar etxeetako langileak, Errenteriako udaletxean sartzen. Itxialdia egin zuten. MAIALEN ANDRES / FOKU
Zahar etxeetako langileak, Errenteriako udaletxean sartzen. Itxialdia egin zuten. MAIALEN ANDRES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 22a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako zortzi zahar etxetan greba mugagabea egiten ari dira. Horietako seitan, iazko azaroaren 21etik. Lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, eta baldintza horiek lan itun berri batean arautzea nahi dute. Sektoreko langileek hainbat mobilizazio eta greba egun egin dituzte. ELAk beste hiru greba egun antolatu ditu: ekainaren 10erako, 11rako eta 12rako. Egun horietan martxak egingo dituzte Gipuzkoan. 

Sindikatuko ordezkariek batzarra egin dute gaur San Telmon, Donostian. Azken asteetako negoziazioen eta ekintzen balorazioa egin dute. Soldata hobeak eta lanaldi osoko kontratuak dira langileen eskaera nagusiak. 5.000 langile dira guztira. ELAk jakinarazi du soldatetan «aurrerapauso txiki batzuk» izan direla, «grebalarien presioari eta ekintzei esker».

Hala ere, salatu du zahar etxeetan eta eguneko zentroetan lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla, eta lanaldi partzialeko kontratuak asko ugaritu direla: langileen erdiek dituzte lanaldi partzialeko kontratuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio «benetan» inplikatu dadila lan baldintzen negoziazioan, eta neurriak har ditzala lanaldi partzialeko kontratuak desagertzeko.

Senideen manifestazioa, maiatzaren 30ean

Borroka luze doa. Duela ia urte eta erdi osatu zuen lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia. Mobilizazio asko egin dituzte. Apirilaren 28an, esaterako, Errenteriako eta Zumaiako zahar etxeetako langileek itxialdiak egin zituzten, Errenteriakoek udaletxean eta Zumaiakoek Oxford kultur etxean. 

Gipuzkoako Senideak elkarteak manifestazioa egingo du maiatzaren 30ean, Donostian. Zahar etxeetako egoiliarren eta haien senideen elkartea da. ELAk bat egin du manifestazioarekin, eta parte hartzeko eskatu die zahar etxeetako langileei eta herritarrei.

Elkarretaratzea Bilbon

Bizkaian protestak egiten ari dira zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak. ELAk jakinarazi du haiekin bilduko direla Osalaneko arduradunak. Ekainaren 3an izango da batzarra, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak sindikatuko ordezkariei baieztatu dienez. ELAren arabera, «funtsezkoa» izango da sektoreko osasun eta lan baldintzen «larritasuna» mahai gainean jartzeko.

ELA sindikatuak deituta, mobilizazioekin jarraitu dute gaur Bizkaiko zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Elkarretaratzea egin dute Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzaren aurrean. ELAk protestak abiatu zituen martxoan, Zaintzeak gaixotzen duenean lelopean. Uztailera arte eutsiko die mobilizazioei. 

Sindikatuak salatu du lan kargak «jasanezinak» direla, eta horrek zuzenean eragiten duela langileen osasunean. Era berean, sektorean %42ko behin-behinekotasuna dagoela eta lanaldi partzialeko kontratuen erabilera handia dagoela salatu du. «Prekaritatea areagotzen duten elementuak dira horiek biak», nabarmendu du.

Lan baldintzak eta publifikazioa

Aldarrikapen nagusien artean daude lanaldi partzialeko kontratuak eta behin-behinekoak lanaldi osoko eta kontratu mugagabe bihurtzea; antzinatasun osoa ordaintzea lanaldiaren arabera bereizi gabe; eta zerbitzuen publifikaziorako pausoak ematea, soldaten baldintzak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearekin parekatzeko.

Halaber, ELAk salatu du Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradunak ez diola erantzun sindikatuak egindako bilera eskaerari. Foru erakundeaz gain, sektoreko patronalak ere jarri ditu jopuntuan, «ezin baita zaintza sistema mantendu langileen osasunaren kontura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE