Zaldibarko (Bizkaia) EH Bilduk «babes osoa» adierazi dio Arantza Baigorri alkate ohiari, udalerri hartako zabortegiaren inguruko auzian. Epaileak hura eta udaleko hiru teknikari inputatu ditu, lurralde antolaketari lotutako irregulartasunak direla medio, eta alkate ohiari, hain justu ere, Verter Recycling enpresa zabortegian egiten ari zen jardueraren berri ez ematea egotzi dio. EH Bilduk, baina, «zentzugabetzat» jo du Baigorriri enpresaren mesedetan aritu izana leporatzea, eta EAJren, PSE-EEren eta Eusko Jaurlaritzaren kontra egin du. Ohar batean, zabortegiari bide ematea leporatu die alderdiei, eta Jaurlaritzari egotzi dio zabortegiaren gehiegizko hedaduraren berri izan eta udalari ez adieraztea.
Verterrek zabortegirako 137.259 metro koadroko eremua erabil zezakeen, baina onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen. Gehiegizko hedadura horren berri eman ez izana ikertzen ari da epailea, eta Asier Salaberria eta Hodei Zenikaonandia udal arkitektoak, Inmaculada Etxeandia idazkaria eta Baigorri bera inputatu ditu, ustez Espainiako Zigor Kodeko 320. artikulua urratzeagatik. Hark erreferentzia egiten dio agintari eta funtzionario publikoek hirigintza antolakundeko arauen kontrako lizentziak eta bidegabeko proiektuak onartzeari, edota arlo horretako arau hausteak isiltzeari. Zaldibarko EH Bilduren esanetan, baina, ez du zentzurik Baigorriri halako delitu bat egozteak.
Batetik, koalizio subiranistak defendatu du eurak direla «hasieratik eta beti» zabortegiaren kontra egon diren talde bakarra, eta gogoratu dute 2017an, Verterrek zabortegia handitzeko alegazioak aurkeztu zituenean, kontra bozkatu zutela. Alde azaldu ziren, berriz, EAJ eta PSE-EE. Hain zuzen, EH Bilduk jeltzaleei eta sozialistei egozten die zabortegiaren proiektuak aurrera egin izana. Gogoratu dute haiek onartu zutela obra hura egiteko proiektua 1996an, eta haiek izan zirela «2011ko maiatzean aktibitatea sinatu zutenak». Hain zuzen, alkatetza EH Bilduk hartu baino egun gutxi batzuk lehenago.
Era berean, koalizio subiranistak defendatu du Zaldibarko HAPO hiri antolamenduko plan orokorrak udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikoen baiezkoa jaso zuela, «baita Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuarena ere».Â
Oharrean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren kontra ere jo du. Izan ere, Jaurlaritzak 2019an jakin zuen zabortegia zegokiona baino handiagoa zela, ekainean eta uztailean egindako ikuskaritzen ostean, baina «ez zuen Zaldibarko Udala jakinaren gainean jarri», koalizioaren arabera: «Gertakari hau argitu beharra dago».
«Sinesgaitza»
Ertzaintzak Fiskaltzari igorritako txostenaren «ia oinarri bakarrak» EAJko alkateorde ohi Juan Mari Uriarteren deklarazioa eta Baigorrik 2015ean zabortegira egindako bisita bat lirateke, EH Bilduren arabera. Era berean, nabarmendu dute txosten horretan adierazten dela Uriartek berak bazekiela zein zen zabortegiaren egoera, 2019an lau bisita egin baitzituen. Horiek hala, EH Bilduk uste du «sinesgaitza» dela Baigorri inputatuta egotea baina epaileak antzeko erabakirik ez hartzea EAJko alkate eta alkateorde ohien inguruan.
Dena den, koalizioak defendatu du hiri antolamenduari lotutako auzia dela, zabortegia amiltzearekin «lotura zuzenik» gabea; 2020an gertatu zen hori, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil ziren horren ondorioz. Hala, bi kontuak lotzeko «saiakerak» kritikatu ditu, auzia «desitxuratzeko» asmoa dutelakoan.
Hori dela eta, argitu dute Zaldibarko Udalak eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu duela auzibidea hasi zenetik, eta gehitu du «gardentasun osoz» jokatuko dutela aurrerantzean ere.