Ez dira soilik alternatiba bat, polizia etxeetako edo auzitegietako epaietatik ihes egin nahi duten emakumeentzako bestelako bide bat. Indarkeria matxistari aurre egiteko tresna sendoak dira: biktimen mina sendatzen laguntzeko, erasotzaileen jokabideak zuzentzeko eta komunitatea eraldatzeko. Baina justizia feministan oinarritutako prozesu erreparatzaile eta eraldatzaileak jomugan izan dira azken asteetan, Errenteriako (Gipuzkoa) bi kasuen harira. Gaiaz patxadaz hausnartzeko, BERRIAk online solasaldi batean elkartu ditu Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea (EH Bildu), Clara Wolfram terapeuta eta berdintasun eragilea, eta Nerea Barjola indarkeria matxisten inguruko ikertzailea. Hirurak bat etorri dira: zarata politiko eta mediatikoaren gainetik, udalak zuzen jokatu du, legea betez, eta lan feminista eginez. «Prozesu hau aldarrikatu egin behar da, eredu gisa erabili», nabarmendu du Barjolak.
Maiatz amaieran ia aldi berean iritsi ziren bi kolpeak. Lehenik, Xenpelar bertso eskolako irakasle baten sexu erasoak salatu zituzten Bertsozale Elkarteak eta Errenteriako eta Oiartzungo mugimendu feministak; eta biharamunean, Errenteriako Udaleko PSE-EEk argitara atera zuen Kukai dantza taldeko zuzendari Jon Maia Seini ere hainbat sexu eraso egotzi zizkiotela, eta udalak erreparazio prozesu bat abiatua zuela, diskrezioz. Alkateak berretsi du bi kasuak «oso diferenteak» direla, «bai ezaugarrietan, bai udalaren esku hartzeari dagokionez», baina bi auziak «nahasteko nahia» izan dela.
Udalak 2024ko abenduan izan zuen Maiaren erasoen berri, Otaegik azaldu duenez: «Biktimak adinez nagusiak ziren, eta denek eskatu zuten konfidentzialtasuna espresuki. Ez zuten salatu nahi; haien nahi bakarra zen Jon Maiak jakitea nola sentitu ziren eta berriro ez gertatzea. Gainera, akusatuaren aldetik bazen onarpen bat, erreparazio prozesu bat abiatzeko nahia, bere jokabideak berraztertzeko konpromisoa... Baldintza haiek ikusita, prozesu errestauratibo eraldatzaile batean inplikatu ginen; mugimendu feministarekin eta Kukairekin elkarlanean, eta adituen ahotsa entzunez».Â
«Justizia ez dago bakarrik justiziaren instituzioan; emakume askok hortik kanpo bilatzen dute, eta zilegi da. Gainera, gertaera batzuek agian ez dute bide judizialik egingo, baina arbuio soziala merezi dute»
AIZPEA OTAEGIÂ Errenteriako alkatea
Horretarako obligaziorik ez zuen udalak, berez: «Ez zen salaketarik edota jakinarazpen ofizialik izan; guk bide informaletatik jakin genuen, eta informazio horren ardura politiko eta instituzionala hartu genuen. Ez genuen pertsona hori eta entitate hori baliabide publikoz hornitzen jarraitu nahi esku hartu gabe, horrelako jokabideak gehiago gertatuko ez direla bermatu gabe». Eta beste erakundeen erantzukizunari ere erreparatu dio: «Beste instituzio kulturalek ere bazuten gai honen berri; zer egin dute?».Â
Xenpelarko erasoen berri, berriz, aurtengo maiatz hasieran jaso zuen udalak. Eta «jarrera erabat punitibista» hartu zuen: «Udal zerbitzu bat zen, biktimen artean adin txikikoak egon zitezkeen, akusatuaren inguruan egonak ziren bi esku hartze Bertsozale Elkartearen aldetik, eta, beraz, ez zituen bete hartutako konpromisoak... Hori jakitean, erabaki genuen bertso eskolara deitzea pertsona hori berehala kanpora zezaten leku guztietatik; eta segidan, bertso eskola ere ixtea, jakin genuelako zuzendaritzako kide batek gutxienez estali egin zuela erasotzailea».Â
Erreparazio prozesurik ez da izan bertso eskolaren kasuan, baina bai esku hartze bat, biktimekin aritzeko: «Ikasleei eta familiei arreta eman behar genien, halako gertaera bati aurre egiteko prestatzen saiatu». Zeregin horretan aritu da Clara Wolfram: bi lan saio egin dituzte, ikasleekin zein haien gurasoekin, gertatutakoaz hausnartzeko, egonezina bideratzeko, gaiaz nola hitz egin aztertzeko. «Horretan datza prozesua zaintzea: arreta humanoa eman da, ikuspegi feministarekin», esan du terapeutak.

Are, udalak ondo jardun duela nabarmendu du Wolframek: «Legeak agintzen diona egin du». Izan ere, 2017an Espainiako Kongresuak genero indarkeriaren aurkako estatu ituna onartu zuenetik, biktimek zerbitzu eta babes berberak jaso behar dituzte salaketa aurkeztu ala ez. «Ordura arte emakumeei esaten zitzaien salatu behar zutela, ez zegoela beste biderik. Gero, noski, askok salaketak erretiratzen zituzten: babes handia eduki behar da prozesu judizialak sostengatzeko. Errealitateak erakusten du epaitegiak ezin direla izan bide bakarra, emakumeak birbiktimizatzen dituztelako. Beraz, administrazioa behartuta dago eskema berri hau aplikatzera: biktimen erabakiak errespetatu behar ditu».
Hartara, Wolframen aburuz, eskema zaharrean kokatzen dira Errenteriako Udalak jasotako kritikak. Nerea Barjola bat dator: «Haiek debate politikotzat hartu duten hori guztiz erreakzionarioa da: helburua da sendotzea bortizkeria sexualak jorratzeko orain arte izan den eredua, eta, hala, aldaketa eragoztea. Baina hemen eraldaketa kolektiboa sustatu dute, eta justizia eta erreparazioa. Instituzioak biktimen nahien zerbitzura jarri ditu bere baliabideak».
Kritika mingarriak
Halere, ez dira kritika gutxi izan, eta ez dira arinak izan. Kukairen auzia isilpean kudeatzea egotzi diote udalari, «ezkutatzea»; eta Xenpelarren kasuan, biktima adingabeak babesik gabe uztea. Azken horren inguruan azalpenak eman ditu Otaegik: «Adin txikikoak 17 urte zituen, eta oso argi zuen salaketa publikoa egin nahi zuela, baina ez zuela auzitara jo nahi; gainera, gurasoen babesa zeukan. Guk konplitu dugu bai Ertzaintza eta bai epaitegiak informatzeko betekizuna, baina ikasleak salaketa publikoa egin ondoren; adin txikikoa ere subjektu eskubideduna baita».Â
Auzibide hori, edonola ere, artxibatu egin du epaitegiak, frogarik eta salaketarik ezean. «Justizia ez dago bakarrik justiziaren instituzioan; emakume askok hortik kanpo bilatzen dute, eta zilegi da, egokia da», esan du alkateak. «Zeren, gainera, gertaera batzuek agian ez dute bide judizialik egingo, baina erantzun eta arbuio sozial eta komunitarioa merezi dute». Gainera, kasua artxibatu izanak agerian utzi du bestelako prozesuen premia, Barjolaren hitzetan: «Indarkeria matxista eta sexual molde asko ezin dira epaitu auzitegien egiaztatze parametro estuen barruan. Baina mina eginda dago: nor egingo da horren kargu? Justizia, egia eta erreparazioa lantzen duten prozesu kolektiboek lagun dezakete samin hori onbideratzen, eta eraldaketa politiko eta soziala bideratzen».Â
«Errealitateak erakusten du epaitegiak ezin direla izan bide bakarra. Beraz, administrazioa behartuta dago eskema berri hau aplikatzera: biktimen erabakiak errespetatu behar ditu»
CLARA WOLFRAMÂ Berdintasun eragilea
Baina kritiken zurrunbiloan, bi kasuen inguruko «iruditeria bat eraiki» nahi izan dutela salatu du alkateak, gardentasun faltarekin eta prozesu paraleloekin lotuta. «Bereziki mingarriak» egin zaizkio EAJren EBBko buru Aitor Estebanek eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak egindako adierazpenak: salaketak «gestio partikularraren» bidez kudeatzea leporatu diote udalari, eta konfidentzialtasuna gordez «zigorgabetasunari» bide ematea; gainera, Kukairekin abiatutako prozesua Eliza katolikoak sexu abusuen salaketen inguruan izandako jardunarekin alderatu dute.
«Konparaezinak dira», azpimarratu du Barjolak, haserre: «Ezin da honelako prozesu kolektibo bat auzitan jarri urteetan isildua eta ezkutatua izan den egiturazko indarkeria bat erabiliz. Elizaren barruan sexu indarkeria jasan dutenentzat iraingarria da. Prozesu honetan pertsona eta eragile guztiak inplikatu dira, erantzukizunak hartu dituzte; indarkeria ezkutatzearen guztiz kontrakoa da hori». Otaegik zehaztu du albisteak hedabideetara jauzi egin aurretik bestelakoa zela aldundiaren jarrera: «Maiatz hasieran, Gipuzkoako Diputazioko berdintasun organoari azaldu genion Kukairekin egiten ari ginen prozesua, eta duen balioa aitortu zioten».Â
Komunitatearen ardura
«Baina hemen ez da egon erasotzailea babesteko inongo asmorik; kontrakoa: saiatu gara komunitateak ardura har dezan», nabarmendu du Wolframek. Eta hori dute indargune nagusi prozesu feminista eraldatzaileek, osotasunez heltzen diotela bortizkeriari: erasoa egin eta jasan dutenengan ez ezik, inguruan ere eragin asmo dute. «Eskema zaharrean, emakumea bakarrik zegoen, biktima gisa denari aurre egin behar zion poliziarenean edo epaitegian. Orain, aitortzen dugu hau ez dela arazo indibidual bat, baizik kolektiboa. Beraz, nire herrian, lagunartean, familian, lantokian edo herriko bertso eskolan indarkeria matxistaren edozein forma gertatzen bada, ardura kolektibo bat dugu», esplikatu du; «eta, hala, prozesu hauetan, biktima babesten dugu bere erabakietan, ez dezan birbiktimizaziorik jasan; erasotzailearekin lan egiten dugu, bere jarrerak alda ditzan; azkenik, komunitateak ere hortik ikasi behar du, arazo kolektibo bat dela barneratuz».

ANDONI CANELLADA / FOKU
Eta hori guztia konfidentzialtasunez eta diskrezioz egitea eskatu ohi dute biktimek. Wolfram: «Gaiak komunikabideetara jauzi egiten duenean, biktimei buruzko galderak ere agertzen dira: nortzuk diren... Indarkeria matxista publiko egin duten emakumeak estigmatizatu egiten dituzte hedabideek, eta gero hori ere landu behar izaten dute». Barjola: «Nolatan ez dute eskatuko gaia diskrezioz tratatzeko? Sarri morboagatik egiten dira erasoak publiko, eta biktimak birbiktimizatzen dira, izen ona kenduz, haien hitzak ez sinetsiz, irainduz... eta erasoa bera eta erasotzailea ezkutuan utziz. Kasu entzutetsuak publikoki salatu dituzten emakumeetako asko erabat hondatuta daude».
Ikerlariak gaineratu du orain gutxi arte sexu indarkeria guztiak publiko egitea sustatu duela feminismoak, baina egoera politikoa eta soziala nabarmen aldatu dela denbora gutxian: «Estigmatizazioa askoz handiagoa da orain, emakumeen aurka ari direlako beren baliabide juridiko eta politiko guztiekin, errugabetasun presuntzioa dela, edo ohorerako eskubidea dela. Horregatik ere badira baliagarriak prozesu eraldatzaileak: bestelako bide bat jorratzeko aukera ematen diete biktimei, erreakzio faxista horri aurre egin beharrik gabe. Eta horrekin ez dut esan nahi salaketa publikoak egiteari utzi behar diogunik, baizik eta salaketa publikoak egiteko sistema kolektibo bat asmatu behar dugula, emakumeek ez dezaten gorputza jarri hain bakarrik».
«Sarri morboagatik egiten dira erasoak publiko, eta biktimak birbiktimizatzen dira, izen ona kenduz, haien hitzak ez sinetsiz, irainduz... eta erasoa bera eta erasotzailea ezkutuan utziz»
NEREA BARJOLAÂ Indarkeria matxisten ikertzailea
Hizlarien ustez, gainera, biktimen premiak eta nahiak erdigunean jartze hori giltzarri da prozesuotan. «Espazio kolektiboetan bestelako harrera eta babes bat sentitzen dute; eta babes horretatik agentzia eraiki daiteke», azaldu du Wolframek. Baina beste zerbaiten adierazle ere bada, Otaegiren aburuz: «Errenteriako bi kasuetan, biktimek ez dute instituzioetara jo: ez ertzain etxera, ez diputazioaren zerbitzuetara, baina ezta udalera ere; mugimendu feministakoengana jo dute. Nik uste dut horrek zerikusia daukala biktimekiko tratuarekin, haien erritmoak eta nahiak errespetatzearekin. Baina instituzio gisa interpelatzen gaitu: erakundeek dispositibo pila bat dituzte martxan, ustez biktimen zerbitzura, baina biktimek ez gaituzte antzematen lagun egingo dieten eta beren erritmoak errespetatuko dituzten eragile gisa. Horri erreparatu behar diogu, baldin eta gauzak hobeto egin nahi baditugu».
Bide horiek urratzeagatik, mugimendu feministari «erreferentzialtasun osoa» aitortu dio alkateak. «Biktima bakoitzak bere bide propioa eraikitzeko eskubidea du; instituzioak laguntzeko gaude, bidea errazteko», ondorioztatu du. Barjola bat etorri da: «Emakumeen nahia eta agentzia jarri behar dira erdigunean, bakoitzak hauta dezala bere bidea; gainerakoon egitekoa da alboan egotea eta entzutea minik egin gabe». Wolframen ustez ere, feministei zor zaie bortizkeria matxistak ikusgai izatea egun: «Haiek behartu dituzte administrazioak legeak onartzera eta emakumeen eskubideak babestera. Baina oihartzun mediatikotik kanpo asko dago egiteko».

