Xenpelar bertso eskolako irakasle baten erasoak salatu zituzten atzo Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak. Eta atzo, ortzeguna, kontuak eskatu zizkion Errenteriako (Gipuzkoa) PSE-EEk udal gobernuari; ez soilik kasu horri lotuta, Kukai dantza taldeko auziari buruz ere bai —sexu erasoak egin izana leporatzen diote Jon Maia zuzendariari hainbat emakumek—. Hain zuzen ere, kasu horietan udalak nola jokatu duen aztertzeko eskatu dio. Eskaera horrek, baina, hautsak harrotu ditu; izan ere, lehenbiziko kasua publikoa zen, baina dantza taldearenak barne prozesu baten bidez lantzen ari ziren, «konfidentzialtasun zorrotzez», inplikatutakoek —mugimendu feministak eta erasoak jasan dituztenek— ez zutelako nahi publiko egitea. Goiz-goizetik, baina, albiste hori bolo-bolo zabaldu da sareetan barna; erasoa jasan zutenen nahi eta beharrak alde batera utzi, eta jendaurrean zabaldu dute.
Sozialistek eskaera orain egin badute ere, joan den ortziraletik zuten Kukaiko kasuaren berri. Are, Aizpea Otaegi herriko alkateak udaleko gainerako alderdiei orduan jakinarazi zien kasuari buruzko zer informazio duten, eta zer prozesuri segitzea erabaki zuten. Joan den asteartean, berriz, osoko bilkura izan zuten, eta berriz ere gaia aipatu; hain justu, PPk eraman zuen gaia batzordera eta alderdi horrek berak alkatearen dimisioa eskatu zuen, argudiatuta udalak ez duela gardentasunez jokatu. Aipamenik ez erasoa jasan zutenek hala eskatuta prozesua «diskrezioz» lantzea erabaki izanari.
Ikusi gehiago
Hain justu, Oreretako Bilgune Feministak eta Oreretako Asanblada Feministak duela hilabete herri inguruetan zabaldutako ohar batean kasuaren berri eman zuten. Erran zutenez, duela bi urte izan zuten erasoen berri, eta, hasiera-hasieratik, eskaera argia egin zieten emakumeek: «Halakorik berriro ez gertatzea, eta arduradunari eskatzea prozesu pertsonal, eraldatzaile eta konpontzaile bati ekiteko». Ordu hartan kasua ez zen hedabide nazionaletaraino hedatu.
Izan ere, gogora ekarri zuten prozesua «hankaz gora» jartzen hasia zela, eta, gainera, kasuari buruzko epaiak, egiak eta gezurrak entzuten zirela kalean. Hori ikusita, feministek diskrezioz jokatzeko hautua egin zutela argudiatu zuten: «Laguntza eskatu eta beraien bizipenak amorruz, beldurrez eta konfiantzaz kontatu zizkigutenen erabakia lehenetsi genuen».
Zertaz solastatu zuten ordura arte pribatua zen kasuaz? Bada, feministak ez ziren izan prozesua jendaurrean zabaldu zutenak; Xabier Oleaga Kukai elkarteko Gida Batzordeko kideak ezker-eskuin zabaldutako idatzi bati erantzuteko publikatu zuten oharra. «Mugimendu gisa, plaza publikora ekarri gaituzue, baina, plazan nork zainduko ditu zaindu beharrekoak? Nola erreparatu plaza publikoan errespetuz, mimoz eta diskrezioz zaindua izan behar duena?», erran zuten feministek.
«Albo gatazka»
Oleagaren idatziak «albo gatazka» gisa aurkezten du mugimendu feministak abiatutako prozesua, 2024an haiengana iritsi ziren testigantzei jarraiki egindakoa; akusatua, berriz, «pertsona publiko ospedun» gisa aurkezten du. Areago: idatzi horretan bertan aitortu egin zuen prozesua «diskrezioz» egin zutela, «tartean zeuden emakumeen erabakiz publiko ez egitea eta erantzun publikoa ez sustatzea erabaki baitzuten». Idazki hori zabalduta, baina, hankaz gora jarri zuen alde guztien artean hartutako erabakia. Halere, feministen erantzunak modua eman zuen kasua hedabide nazionaletara ez iristeko.
Kasu horretaz ez ezik, lan gatazka batez ere mintzo da Oleaga testuan. Eta, hondarrean, «gatazka» hori publikoki «modu egokian kudeatzeko» laguntza eskatzen du.

