Zatiketa sindikatuen artean Arabako esku hartze sozialeko akordioagatik

ELAk akordioa lortu ostean, erantzun kontrajarriak eman dituzte beste sindikatuek. CCOOk esan du ituna izenpetuko duela; LABek, berriz, uko egin dio aurreakordioa sinatzeari. ESKren ustez, «albiste ona» da ados jarri izana, baina edukiak kritikatu ditu.

Arabako esku hartze sozialeko langileen manifestazioa, aldundiaren parean. ELA SINDIKATUA
Arabako esku hartze sozialeko langileen manifestazioa, artxiboko irudi batean. ELA SINDIKATUA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 30a
12:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabeteetako lan gatazkaren eta sei greba egunen ostean, ELA sindikatuak atzo iragarri zuen aurreakordioa egin dutela Arabako esku hartze sozialeko lan itunerako. Patronalarekin lortutako aurreakordioak barne hartzen ditu langileek eskaturiko hobekuntza asko, baina ez du betetzen haien eskari nagusia, soldatak sektore publikoko langileenekin parekatzea, alegia.

Horrek zatiketa eragin du mobilizazioak babestu dituzten lau sindikatuen artean: CCOOk akordioa babestu du, eta sinatzeko prest agertu da. LABek, ordea, iragarri du uko egingo diola aurreakordioa bere horretan sinatzeari. LABen arabera, negoziazioetan parekatzea lortzear egon dira, baina erdietsitako aurreakordioak ez du jasotzen baldintzen parekatze hori, eta, hortaz, sinatzeak «larriki murrizten eta mugatzen» du gerora eskari hori aintzat hartzeko aukera. 

LABek txartzat jo du aurreakordioaren bidez «erosahalmena ziurtatzea» besterik egin ez izana, eta salatu du edukietan ez dela inondik ere jasotzen sindikatuen artean adosturiko parekatzea. Mobilizazioak babestu zituen laugarren sindikatuak, ESKk, adierazi du akordioa «albiste ona» dela, eta langileak zoriondu ditu borrokaren bidez baldintza hobeak lortzeagatik, baina kritikak ere egin ditu, LABen antzeko tonuan, eta ez dute zehaztu sinatuko duten ala ez. 

Oraingoz ez dute plazaratu akordioak zer jasotzen duen zehatz-mehatz, ostiralean egingo baita edukiak behin betiko adosteko bilera sindikatuen eta patronalaren artean. ESKk orduan egingo du balorazio zabalagoa, eta orduan argituko da sindikatu bakoitzaren erabakia ere. Oraingoz, ordea, berri ona zitekeena mikaztu egin da, guztiak ez baitaude ados Arabako esku hartze sozialaren sektoreko lan gatazka itxiko duen akordioarekin. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA