Zero Pobrezia plataformak «eskuin muturreko indarren nazioarteko aliantza» salatu du

Plataformak ekintza bat egin du Donostian. Hiru politikari ultraeskuindarren elkarrizketa bat irudikatu dute.

Zero Pobrezia plataformaren ekintza gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Zero Pobrezia plataformaren ekintza gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko urriaren 16a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eskuin muturreko indarren nazioarteko aliantza, desinformazioaren eta buloen erabilera politikoa eta autoritarismoaren gorakada horrek duen eragina». Salaketa horiek eraman ditu kalera gaur Zero Pobrezia GKEak. Plataformak kale ekintza bat egin du gaur Donostiako Kontxako pasealekuan. Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta egin dute.

Bertan, Donald Trumpen —AEBetako presidentea—, Benjamin Netanyahuren —Israelgo presidentea— eta Santiago Abascalen —Vox alderdi ultraeskuindarraren bozeramailea— erreplika bana jarri dute bata bestearekin solasean arituko balira bezala. Hiru buru ultraeskuindarren elkarrizketan, boterea, manipulazioa eta bonbardaketak aipatzen dituzte. 

Pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako astearen bueltan egin dute ekintza hori. Gaurkoan, ekintza kolektiboa izan da eta hedabideen aurrean adierazpenik ez egitea erabaki dute, ekintza «kolektibizatzeko eta ekintzaileen segurtasuna zaintzeko» asmoarekin. Garaiari egin diote erreferentzia eta elkartasuna aldarrikatu dute, «GKEen, gizarte mugimenduen eta ekintzaileen aurkako difamazioa, seinalamendua, kriminalizazioa, jazarpena eta askotako erasoak» hain ohikoak diren honetan.

«Buloei aurre egitea eta zentzuz bozkatzea» aldarrikatu dute astearteko prentsaurrekoan aipatutako gisara. Plataformak salatu du «zalantzan» jartzen ari direla guztien ongizatea bermatzen duten balioak, eta eskuin muturraren aurrerapenak «zuzeneko arriskua» dakarrela giza eskubideentzat, justizia sozialarentzat eta ingurumen justiziarentzat. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA