«Animalien aurkako tratu txarrak dituzten jai eremuko jarduerak ez dira bateragarriak abangoardia izan nahi duen hiri batekin». Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak gaur prentsa ohar batean egindako ohartarazpena da, Donostiako Aste Nagusian aurten ere zezenketak egingo direla salatzeko. Bide batez, jakinarazi dute larunbatean —Aste Nagusia ere orduan hasiko da, 19:00etan— zezenketen aurkako manifestazio bat egingo dutela hirian. Bulebarretik abiatuko da, 18:00etan. Bestelako jai eredu baten alde urtero egiten duten mobilizazioa da, eta aurten ere parte hartzeko deia egin diote jendeari.
Gogora ekarri dute aurten zehazki hiru zezenketa egingo direla Donostian. Horien kontrako jarrera «publikoki» adieraztea garrantzitsua dela uste dute. Aurreko urteetan ere zezenketen kontrako manifestazioan milaka lagun batu izan direla azaldu dute, eta aurten ere berritu egin behar dela irudi indartsua.
Donostiako Udalaren «koherentzia falta» salatu dute plataformako kideek manifestaziorako deia eginez atera duten oharrean. Zezenketak jai egitarauan «mantentzeaz eta sustatzeaz» gain 2040ra begirako hiri ereduaren estrategian ere txertatu dituela salatu dute. Uste dute horrekin bizkarra ematen zaiela Donostiako milaka herritarrek zezenketen kontra egiteko egindako eskakizunei. «Iraganean milaka izenpe aurkeztu izan ditugu kontra», gogora ekarri dute. Donostiako Udala eta Jon Insausti alkatea propio aipatu badituzte ere, salaketa zabalagoa ere egin behar dela gogoratu dute, eta talde politiko guztien jarreretan badirela gai honetan kontraesanak.
Toki gehiagotan
Gogora ekarri dute, hain justu ere, zezenak jai egitarauko ikuskizunetarako erabiltzen direla, besteak beste, Azpeitian, Deban, Mutrikun, Tolosan, Hernanin, Pasaian eta Eibarren. Gipuzkoako adibideak aipatu dituzte, baina onartu dute «eremu autonomiko osora» hedatu beharreko kritika dela.
Bide batez, zezenekin lotutako jai eremuko ikuskizunetarako EAJk eta PSE-EEk hitzartutako araudia kritikatu dute plataformako kideek. Animalien babesa urritu egiten duela salatu dute, eta baimendu egin dela, gainera, 16 urtetik beherakoek ere jarduera horietan parte hartzea. «Horrek guztiz egiten du NBE Nazio Batuen Erakundearen Haurren Eskubidearen Batzordearen gomendioen kontra», gogora ekarri dute. Lege aldaketa horren ondorioz, 8 urtetik aurrerako adingabeek soilik parte hartu ahalko dute bigantxen ikuskizunetan. Eta ez dute baimenik aurkeztu beharko zezenketen eremura sartzeko; nahikoa izango da heldu batek lagunduta egotea, edo adinez nagusiko pertsona batek zaintzea.