Duela bederatzi urte 9.000 ziberdelitu kasu erregistratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ia hamarkada bat geroago, hirukoiztu egin da zifra: datu ofizialen arabera, 28.000 ziberdelitu kasu eman dira azken urtean. Eta ez hori bakarrik, ziberdelituak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren delitu guztien %20 dira. Datuen etengabeko gorakada ikusita, ziberdelituei aurre egiteko itun bat sinatu du EH Bilduk EAJrekin eta PSE-EErekin. Akordio horrek, finean, Ertzaintzak delitu horiei aurre egiteko baliabideak indartzea ahalbidetuko du. Sumarrek hitzarmen horren alde bozkatu du, eta kontra, aldiz, PPk eta Voxek.
Arazoa ez baita soilik datuek goiti egin dutela, baizik eta Ertzaintzak ez dituela kasu horiek «nahikoa» ikertzen. Hala adierazi du gaur Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko eledunak Eusko Legebiltzarrean: «Ziberdelituek segurtasun arloan duten pisua hain handia izanda ere, Ertzaintzan 26 agente baino ez daude horrelakoak ikertzen dituen unitatean». Eta hortxe dago gakoa, «26 ertzainek ezin dituztela 28.000 delitu ikertu».
Gobernuko alderdien aitzinean mozio bat defendatu du gaur koalizio subiranistak, eta Ertzaintzan baliabideak indartu ditzatela eskatu du. Adostasunera ailegatu dira azkenerako, eta lortu dute akordioa erdiestea: Eusko Jaurlaritzak hemendik aitzinera giza baliabideak indartu beharko ditu Ertzaintzaren Enplegu Planaren barrenean, eta baliabide teknikoak eguneratu eta modernizatu beharko ditu, betiere zibersegurtasunaren ikuspegitik. Hala jaso dute idatzita: «Arkautiko akademian ziberdelituen inguruko prestakuntzak bere tokia eta garrantzia izango du ikasketa planen barruan, biktimak modu egokian artatu ahal izateko».
Ortiz de Guineak positiboki baloratu du ituna, eta azpimarratu du segurtasuna «modu integralean» ulertu behar dela. Are gehiago, iritzi dio zibersegurtasunak «lehentasun estrategikoa» izan behar duela. «Elkarlana, prebentzioa, berrikuntza, eskubideak eta erantzukizun publikoa uztartzen dituen segurtasun eredu moderno baten aldeko apustua egin behar dugu, gero eta digitalizatuago dagoen gizarte honetan inor ez dadin geratu babesik gabe».
Lau puntutan banatu du EH Bilduk bere proposamena; alegia, lau eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Batetik, eskatu dio aurre hartu diezaiela ziberkrimenaren etorkizuneko erronkei, eta, horretarako, has dadila «Euskal Poliziaren modernizazio prozesuan» zein zibersegurtasun arloan sakontzen. Bertzetik, eskatu dio ziberdelituen gaineko «berariazko plangintza bat» egiteko, eta jarrai dezala Ertzaintzaren baliabide teknikoak eguneratzen eta modernizatzen. Hots, indar ditzala giza baliabide guztiak.
Hirugarren puntuak ikasketei egiten die erreferentzia, alderdiei proposatu baitie ziberdelituen inguruko prestakuntzak sartzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Euskal Poliziaren ikasketa planetan. Eta, azkenik, prebentzio, antzemate eta erantzun lanak indartzeko erran die, «Cyberzaintzaren eta Ertzaintzako Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutzaren arteko lankidetzaren bidetik».
Alderdien erantzunak
Josune Escota EAJko legebiltzarkideak nabarmendu nahi izan du akordioa ixteak ez duela erran nahi EH Bildu «zuritzen» ari direnik, eta haien sistema «eguneratzen» ari direla «etengabe». Haren erranetan, agente batzuek dagoeneko jasoa dute ziberdelikuentziaren gaineko formakuntza, eta horiek arduratzen dira dagokion unitateari «aholkuak eta laguntza» emateaz. Edonola ere, EH Bilduren proposamena onartu izanagatik, Ertzaintzaren defentsan atera da, eta erran du egon badaudela ziberkrimenez arduratzen diren koordinatzaileak, eta erregistratzen diren delitu «guzti-guztiak» aztertzen dituztela.
Miren Gallastegi legebiltzarkide sozialistak ere hartu du hitza, eta arrazoia eman dio EH Bilduri, delikuentzia horiek «mehatxua» baitira segurtasunarentzat. Horrez gain, esplikatu dio jeltzaleekin batera ari direla horren gaineko segurtasun plan bat txertatu nahian gobernuan, eta horregatik nahi dituztela, kasurako, 8.000 agente eduki 2030a heldu aitzinetik. Alabaina, aitortu du EH Bilduren proposamenak «hobetu» egiten duela segurtasun plana, eta, beraientzat ez ezik, guzien artean hartutako erabakiak «onuragarriak» direla euskal herritarrentzat ere.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkariaren aburuz, Eusko Jaurlaritza «ahula» da zentzu horretan, eta «bilakaera beharra» dauka etorriko diren delitu guztiei aurre egin nahi badie.
Adierazpen horiei guztiei buelta eman die Ainhoa Domaica PPko legebiltzarkideak, eta erran du 28.000 delitu horiek «dimentsionatu» egin behar direla, 143.406 delitu gertatu zirelako orotara 2025ean. «Ez dakit orain zertara etorri den EH Bildu segurtasun kontuekin», erran du, eta haren gibeletik joatea leporatu dio EAJri. «Orain bere diskurtsoan sinisten duzu, gaur arte Ertzaintzaren kontra eta hura zalantzan jartzen aritu denean».