Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko sarrera oztopatu diete Frantziako Hezkuntza Ministerioko bi ikuskatzaileri

Seaskako buraso eta irakasleak goizean goiz batu dira sarrera blokeatzeko. Postu berririk ez lortu izana eta baxoa euskaraz pasatzeko debekua salatu dituzte: «Ikusiz egoera zertan den, ez dira ongi etorriak».

Seaskako irakasle eta burasoek Piarres Larzabal kolegioko sarrera blokeatu dutelako ezin sartuz gertatu diren bi ikuskatzaileak, gibel egiten, gaur, Ziburun. PATXI BELTZAIZ
Seaskako irakasle eta burasoek Piarres Larzabal kolegioko sarrera blokeatu dutelako ezin sartuz gertatu diren bi ikuskatzaileak, gibel egiten, gaur, Ziburun. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
ZIBURU
2026ko maiatzaren 18a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizean goiz elkartu dira Seaskako irakasle eta burasoak, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan. Tirrintak jo, ikasleak gelara sartu, kanpoko hesia itxi, eta haren aitzinaldean ezarri dira irakasleak eta burasoak. Banderola hedatu dute segidan: «Azterketak euskaraz». Orduan iritsi dira Frantziako Hezkuntza Ministerioko bi ikuskatzaileak, baina irakasle eta burasoek ez dituzte utzi sartzera, postu berririk ez lortu izana eta baxoa euskaraz pasatzeko debekua salatu nahian. «Egoera zertan den ikusirik, ez dira ongi etorriak», Antton Etxeberri Seaskako lehendakarikideak azaldu duenez.

Anitzik buru egin gabe, ikuskatzaileek egoera onartu dute, eta, iritsi bezain zalu berriz abiatzekoak zirela, Etxeberrik erran die: «Halere, azalduko dizuegu zergatik ez zaituztegun sartzera uzten». Orduan gutun bat eman die Etxeberrik, Bordeleko errektoreari helaraztekoa, baina bi ikuskatzaileek fite erran dute  ez zutela beste adierazpenik eginen.

Autora itzuli dira, beraz. Litekeena da bihar berriz joatea kolegiora, berez ikuskaritzak bi egun iraun behar baitzituen. Anartean, pentsatzekoa da abisua helarazi diotela Bordeleko errektoretzari, eta errektoreak Seaskaren batzorde eragilearen gutuna jasoko duela.

«Ataka bikoitza»

Bordeleko errektoretzako eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko «ataka gaizto bikoitza» salatu dute helarazitako gutunean: «Alde batetik, bigarren mailako ikasle kopurua nabarmen goratu den arren baliabide gehigarrien falta izatea, eta, bestetik, leheneko matematika azterketari begirako zirugabetasun pedagogikoa».

Hain zuzen ere, espero dute 2026-2027ko ikasturterako 74 ikasle gehiago izanen direla bigarren hezkuntzan. Orduan, Seaskak eskera hauek egin zizkion errektoretzari: beste gela bat irekitzea bai Xalbador kolegioan, bai Estitxu Robles kolegioan, eta bai Bernat Etxepare lizeoko ikasketa orokorren bigarren mailan ere, eta beste gela erdi bat sortzea lizeoko lanbide heziketako arta saila sortzeko. Etxeberrik azaldu du «zazpi edo zortzi irakasle posturen beharrari» dagokiola hori, baina bakar bat ere ez dietela onartuko, mementoko erran zaienez.

«Zer gertatuko da? Ezin dugu asmatu; borroka eginen dugu. Ez dugu onartuko, postuak baitezpada lortu behar dira, eta azterketak euskaraz pasatzeko aukera berdin». Argia dute helburua, baina ikustego dago zer erantzun jasoko duten. Baliteke postuen gaiak zalantzan ezartzea beste gela batzuen irekitzea, eta, hori gertatuz gero, ikaslez gainezka izanen dira jadanik badiren gelak. Baxoko matematika azterketa euskaraz pasatzeko aukerarik ez izateari dagokionez, Etxeberrik iragarri du beste mobilizazio batzuk izanen direla datozen hiru asteetan, kexa adierazteko; horietarik bat da ekainaren 6an Bordeleko errektoretzaren aitzinean eginen duten manifestazioa.

Zehaztu duenez, gainera, hainbat irakaslek euskarazko azterketak zuzentzen ahalko lituzkete, baina, erran zaienez, euskaraz erantzunen duten ikasleen kopiak baliogabeak izanen dira. Hala eta guztiz ere, Etxepareko ikasleek iragarria dute azterketak euskaraz erantzunen dituztela, desobedientzia ekintza gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA