Euskal Herriko Ikastolek gutxiago erabiliko dituzte pantailak, eta gailuak geroago sartuko dituzte ikasgelan. Hori da astelehenean aurkeztu zuten estrategia digital berriaren ardatza, azken bi urteetan egindako lanaren emaitza. «Herri mailako estrategia bat da», azpimarratu du Zigor Ibarzabal Baztarrika (Oñati, Gipuzkoa, 1979) Euskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendariak. Izan ere, uste du «gizarte mailako erronka» dela gailu digitalen erabilera egokia bultzatzea, eta beharrezkoa dela «guztion arteko estrategia bateratu bat». «Guk hezkuntzatik ekingo diogu, baina denok bat egin behar dugu honetan, baita hezkuntzatik kanpoko erakundeek ere», esan du.
Ikusi gehiago
PISA txostenaren emaitzek berretsi egin dute oker erabiltzen direla gailu digitalak?
Beste urte batzuetan ere asko hitz egin da gai horri buruz; PISA txostenak mahai gainean baino ez du jarri, berriro. Ikastolek duela 15 urte egin zuten hezkuntzan baliabide digitalak integratzearen hautua, baina egoera ikaragarri aldatu da ordutik hona: lehen apenas zegoen smartphonerik. Gaur egun, ordea, 15 urtetik gorako gazteen %95ek daramate horrelako gailu bat poltsikoan. Gainera, egunerokoan sarri-sarri erabiltzen dugun zerbait da teknologia. Horrek guztiak behartu gaitu garai hartan egindako hautuak eta diseinatutako estrategia berrikustera.
Ikastolak noiz hasi ziren pantailak erabiltzen?
Bakoitzak era batera edo bestera jokatu izan du. Ikastola batzuetan Haur Hezkuntzan hasten ziren, ikasgelan bizpahiru ordenagailu zituen txoko bat jarriz. Garai batean, programa informatikoak garatzen genituen. Hori guztia desagertu egingo da. Beste ikastola batzuetan, berriz, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako irakasleek asko erabili izan dituzte pantailak, ikasleekin saioak aurrera eramateko: adibidez, bideo bidezko simulazioak. Hori ere aldatu egingo da; bakarrik erabiliko dira ikasleen ulermenerako baliagarriak badira.
Laburbilduz, atzeratu egingo da pantailak ikasgeletan sartzea, baina erabilera ere asko murriztuko da. Orain arte, LH4n eman izan dizkiegu gailuak ikasleei; eta hori, gutxienez, urte batez atzeratuko da.
Beraz, irizpide berbera ezarriko da ikastola guztietan?
Bai. Ikasleek ez dute pantailarik erabiliko HHn, eta LHko lehen bi mailetan erabiliko dira irakasleek ezinbestekotzat jotzen dutenean bakarrik. LH3n eta LH4n sartuko dira gailuak ikasgeletara, poliki-poliki; betiere irakasleak dinamizatuta eta ikasleen erabilera gidatuta. Horiek horrela, ahalik eta modu analogikoenean egingo dugu ikasleen alfabetatze eta ahalduntze digitala, behin erabilerarekin hasten direnean, oinarri batzuk ezarrita izan ditzaten. Hortik aurrera, LH5en eta LH6n sartuko ditugu gailu digitalak.
«Egoera ikaragarri aldatu da ordutik hona: lehen apenas zegoen smartphonerik. Gaur egun, ordea, 15 urtetik gorako gazteen %95ek daramate horrelako gailu bat poltsikoan»
Paperera itzuliko dira ikastolak?
Ikastolen jardunean inoiz ez da papera desagertu. Bi eredu dauzkagu: bata digitala eta paperekoa uztartzen dituena; eta bestea, guztiz digitala. Aurrerantzean, ez da egongo bigarren eredu hori erabiltzeko aukerarik. Gainera, sortzen ari garen ikasmaterial berriak digitala eta papera uztartzen ditu dagoeneko. Beraz, ezinbestean liburua erabili beharko da. Bestelakoan, irakurketarekin eta idazketarekin lotutakoak paperean egingo ditugu: besteak beste, gutunak.
DBHn sustatuko da gailu digitalen erabilera arduratsua, ezta?
Bai. Batetik, prozesu nahiko gorabeheratsuak bizi dituzte ikasleek nerabezaroan; eta bestetik, adin tarte horretan hasten dira gailuen erabilera autonomoagoa egiten. Ikastolen ardura da baliabide digitalak erabiltzeko ingurune seguruak eskaintzea ikasleei, ikasgela barruan. Baina, baita ikastolatik kanpo ere, guk emandako ordenagailuak etxera eramaten baitituzte. Ezin badugu ingurune segururik bermatu kanpoan, gailu digital horiek ez dira ikastolatik aterako. Etxeko wifira konektatzen direnean, askotan ezin dugu segurtasuna bermatu. Hala ere, horretarako aukerak badaude, eta aztertzen ari gara, hurrengo ikasturteari begira.
Nola uztartu daitezke ikastolan egiten den erabilera eta ikastolatik kanpokoa?
Egin dugun ikerketak argi utzi du: ikasleekin alfabetatze eta ahalduntze digitala lantzen baldin baditugu, horrek ondorio positiboak izango ditu egiten duten erabileran. Haiekin landuko dugu zer, noiz, nola eta zertarako erabili. Bestalde, familiekin ere saioak egingo ditugu, koherenteak izateko. Izan ere, uztartu behar dira ikasleek ikastolan egiten duten ibilbidea eta etxetik egin ahal diren ekarpenak.
Irakasleek zer trebakuntza beharko dute?
Lehen ere bagenuen prestakuntza plan bat, baina indartu egin beharko da ahalduntze digitalari begirako lana, irakasleak ere kontziente izan daitezen teknologia eta baliabide digital horien atzean zer dagoen. Alegia, hautu bat egiteak edo beste bat egiteak ze ondorio izan ditzakeen.
«Gure nahia da ikasleek teknologia eta gailu digitalen erabilera arduratsuagoa eta kritikoagoa egin dezaten: nolabait, hautu bat egiten dutenean zer gertatu daitekeen jakin dezaten, beste inoren laguntzarik gabe»
Ahalduntze teknologikoa ere aipatzen duzue. Zer da hori?
Estrategia digital berriaren marko teknopedagogikoa astelehenean aurkeztu genuen. Horretaz gain, burujabetza digitalerako bide orri bat diseinatu dugu, eta zortzi helburu estrategiko zehaztu. Ikasleei esaten baldin badiegu ez dela gauza bera Microsoft Office edo Libre Office erabiltzea, [software askeko] bigarren hori haien eskura jartzea da zentzuzkoena; Libre Office, alegia. Beharrezkoa da esaten eta egiten dugunaren arteko koherentzia. Besteak beste, tokiko hornitzaileak lehenetsiko ditugu.
Estrategia berri horrek nolako emaitzak izatea espero duzue?
Gure nahia da ikasleek teknologia eta gailu digitalen erabilera arduratsuagoa eta kritikoagoa egin dezaten: nolabait, hautu bat egiten dutenean zer gertatu daitekeen jakin dezaten, beste inoren laguntzarik gabe. Esaterako, zer gertatu daitekeen beraiek sortzen dituzten datuekin, eta nola egin dezaketen datu horien jabetza beraiena izateko eta multinazionalen esku ez gelditzeko. Nolabait, erabiltzaile gaituagoak izan daitezen nahi dugu, eta uste dugu markatu dugun estrategia honekin ikasleak horretara eramango ditugula.