jakes goikoetxea

'Zintzotasun' artifiziala

2026ko irailaren 15a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sinesgarria al da adimen artifiziala garatzen ari den enpresa nagusietako bateko zuzendari nagusiak garapen hori moteldu egin behar dela pentsatzea? Ez. Eta adimen artifizialaren garapenaren arduradun nagusietako batzuek (OpenAI, Google eta xAI) haren proposamenarekin bat egitea? Ezta ere.

Orain asaldatu diren eta arduratsu plantak egiten dituzten horiexek garatu baitituzte adimen artifizialaren gaur egungo eredu nagusiak. Haiek sortu eta garatu dituzte orain arriskutsuak direla esaten duten adimen artifizialeko tresna horiek: mugako adimen artifizialaz ari dira, adimen artifizialeko eredu aurreratuenak. Ez dituzte bakarrik sortu. Araudi faltak eman die modua horra iristeko. Harrigarria da adimen artifizialaren moduko teknologia azkar eta apurtzaile batek ia mugarik ez izatea AEBetan.

Adimen artifizialaren garapeneko erraldoiek nahi duten informazioa zabaltzen dute. Haien funtzionamendua opakua da, eta haiek bakarrik dakite zer eta nola egiten ari diren. Enpresa horietatik atera diren langileek zabaldu dute tripei buruzko informazioa, eta agerian utzi dute enpresetako arduradunek, arriskuen berri izanda ere, aurrera egiten jarraitu dutela. Dario Amodei Anthropiceko zuzendari nagusiak berak, larunbatean idatzia argitaratu eta geroko elkarrizketetan, onartu zuen gezurra esan izan dutela adimen artifizialaren arriskuez eta segurtasunaz. Orain egia esaten ari dela pentsatzea nahi du.

Tituluak bakarrik irakurrita, eman dezake Amodeik gurpiletara harea botatzea planteatu duela, finantza merkatuetan egin izan den moduan: «Mesedez, gera gaitzazue, urrunegi iritsi gara!». Ez da halakorik. Azken finean, testuan onartzen du ez dutela haien lana ondo egin, ez dutela segurtasuna behar beste zaindu, segurtasuna eta zuhurtzia ez direla haien lehentasuna izan. Lehen ere egin zezaketen orain eskatzen dutena.

Azken finean, testuan onartzen du ez dutela haien lana ondo egin, ez dutela segurtasuna behar beste zaindu, segurtasuna eta zuhurtzia ez direla haien lehentasuna izan.

Amodeik planteatutako moteltzeak baldintza asko ditu. Nagusia, AEBetako enpresek zehaztuko eta ezarriko lituzketela haientzako neurriak. Ez litzateke izango adimen artifizialaren inguruan zer esana duten ordezkarien eta gizarteko sektoreen gogoetaren eta negoziazioen emaitza. Ez litzateke araudi global bat izango. Ez lituzke nazioarteko erakunde batek ezarriko. Haiek haientzat. Haien (interesen) neurrira.

Izan ere, Amodeik proposatutako hiru neurrietatik bi enpresek haien buruei ezarritakoak izango lirateke: alde batetik, enpresetan ebaluatzaileei sartzen uztea, enpresek jokabide egokiak dituztela eta segurtasun neurriak betetzen dituztela egiaztatzeko; bestetik, «herrialde demokratikoetako abangoardiako enpresek» —AEBei buruz ari da batez ere— segurtasun neurriak onartzea eta adimen artifizialaren garapenaren erritmoari mugak jartzea.

Ebaluatzaileek ez lukete botererik izango jokabide batzuk atzera botatzeko, jokabide horiei buruzko informazioa argitaratzeko baino ez. Amodeik, ebaluatzaileak sartzeko proposamena babesteko, aipatu du bankuek ikuskatzaileei sartzen uzten dietela. Ez da paralelismo egokiena.

Anthropic, Google, xAI, Meta, Microsoft... enpresak dira, ez GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Dirua irabazi nahi dute. Dirua eta boterea dira adimen artifiziala. Hala izatea espero dute behintzat. Oraingoz, ordea, neurri handi batean, balizko dirua eta boterea dira. Garai bateko trenetan ikatza nola, diru palakadak sartzen ari dira adimen artifizialaren garapenean. Milaka milioi dolar, garatzaileei ordaintzeko eta datu zentroak eraikitzeko. Dirua behar dute, eta horregatik burtsaratuko dira: Anthropic urrian, OpenAI aurten ez. Adimen artifizialaren garapena moteldu nahi dute benetan arriskutsuegia dela uste dutelako edo haien negozio eredua oraingoz eutsiezina delako?

Hitzik ez adimen artifiziala herritarren eguneroko bizimoduan eragiten ari den aldaketei buruz. Ikasketa prozesuak, gauzak egin eta lortu bitarteko giza prozesuak auzitan jartzen ari den teknologiaz. Arrisku hori bada benetakoa.

Adimen artifizialaren garapena moteltzeko eskaera ez da berria. Hala ere, adimen artifizialaren garapenaren erraldoietan agian eragina izan dute Metaren (Facebook, Instagram, Whatsapp) kontrako epaiek eta Metak 14.300 milioi euroko kalte ordaina ordaintzea onartu izanak. Ezin baita baztertu haien kontra ere salaketak jartzea adimen artifizialeko ereduek eragindako kalteengatik.

Dirua eta boterea izateaz gain, arma bat ere bada adimen artifiziala. Adimen artifizialean ere badago gainerako arlo guztietan gertatzen ari den AEB-Txina lehia. Amodeik adimen artifizialaren garapena moteltzea proposatu du, baina, funtsean, Txinaren garapena moteldu nahi du, baita AEBen nagusitasuna babestu ere, haren hitzetan.

Beldurra erabiltzen ari dira, eta badakite beldurra eraginkorra dela. Lehen ere erabili izan dute: Anthropicek apirilaren hasieran ohartarazi zuen bere adimen artifizialeko Mythos Preview eredua gai zela edozein erakunderen sistema informatikotan zuloak topatzeko. Ondorioa: herrialde eta enpresa gehienek nahi zuten Mythos Preview. Zibersegurtasuna baita adimen artifizialaren garapen eta negozio adarretako bat.

Amodeik proposatutako neurriak ezartzeko AEBetako Gobernuaren babesa behar dute nolabait: enpresek beren burua arautzeko, ez; legeak onartzeko, bai; eta Txinaren garapena oztopatzeko, bai, ezinbestean. Donald Trump presidenteak, ordea, berehala baztertu du adimen artifizialaren garapena moteltzeko aukera: «Adimen artifiziala moteltzeaz poztuko den bakarra Txina da». Amodeik proposamena egin eta gainerakoek harekin bat egin aurretik, bazekiten —jakin beharko lukete— zein den AEBetako Gobernuaren jarrera.

Amodeik eta haren sokakoek hitz egin dute apokalipsiaz, gizateria desagertzeko arriskuaz, adimen artifizialaren arriskuez, arau faltaz, AEBen eta Txinaren arteko lehiaz... Hitzik ez, ordea, adimen artifizial horrek funtzionatzeko behar dituen natur eta energia baliabideei buruz. Hitzik ez adimen artifiziala gizartean, herritarren eguneroko bizimoduan eragiten ari den aldaketei buruz. Ikasketa prozesuak, gauzak egin eta lortu bitarteko giza prozesuak auzitan jartzen ari den teknologiaz. Arrisku hori bada benetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA