Zizeken eta Chomskyren abaroa ere badute nafar torturatuek

200dik goiti sortzailek eta pentsalarik egin dute larunbatean Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia. Aitortza galdeginen dute

Slavoj Zizek filosofoa, artxiboko irudi batean. HAYOUNG JEON / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez, gaurgero 200dik goiti dira larunbateko manifestaziora begira atxikimendua eman dieten sortzaile eta pentsalariak. Euskal Herrikoak —gehienak nafarrak— zein nazioartekoak daude zerrendan, eta arlo anitzetakoak dira: aktoreak, marrazkilariak, musikariak, idazleak, bertsolariak, editoreak, filosofoak... Tartean baita Noam Chomsky eta Slavoj Zizek mundu mailako pentsalari ezagunak ere.

Tortura, demagun epe hori amaitu dela izeneko manifestua izenpetu dute guziek, eta larunbatean Iruñean eginen duten manifestazioan parte hartzera deitu dute. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezpera da larunbata, eta horren karietara deitu dute protesta: 18:00etan abiatuko da, Iruñeko autobus geltokitik. Torturatuentzako «aitortza eta ordaina» eskatuko dituzte manifestazioan, eta gaia hasia da instituzioetan bidea egiten, pixkanaka: izan ere, Nafarroako Gobernuak 1979tik gaurdainoko torturak aztertzeko deialdia adjudikatu zuen joan den astean. EHUko Euskal Kriminologiaren institutuak eginen du ikerketa, Paco Etxeberriaren gidaritzapean. Asmoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako antzeko ikerketa bat egitea Nafarroan ere.

Nafarroako Torturatuen Sareak azaldu duenez, tortura jasan duten milatik goiti nafarrentzat «laguntza erreparatzailea» da atxikimendua eman duten sortzaileen zerrenda, baita «Nafarroako kulturaren lagin ikusgarria» ere. Nafarroakoak ez diren 40 bat sortzaileren babesa jaso dute, sarearen hitzetan, «torturatuei babesa eman nahi izan baitiete jasan zutenaren salaketan eta eskatzen duten errekonozimenduaren aldeko borrokan».

«Orain arte Nafarroan inoiz ez du mobilizazio batek garrantzi horretako babesik jaso», sareko kideen arabera. Eskerrak eman dizkiete «beren diziplina artistikotik, ospetik eta kulturaren arloan duten posiziotik» euren aldarrikapenak babestea erabaki duten pertsona guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.