Behin-behinean kartzelan sartu dute Zizur Nagusian (Nafarroa) hildako emakumearen senarra. Iruñeko emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiak eman du agindua: «Ikertzen ari den delituaren larritasuna ezin da alde batera utzi, [...] hala badagokio, feminizidioa baita, eta egin gabe dauden eginbideei erantzun behar zaie, gertakariak argitzeko». Hala, autoak dio gizona behin-behinean kartzelan sartuko dutela, ikertuak «froga iturriak ezkutatzeko, aldatzeko edo suntsitzeko arriskua» duelako.
78 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten atzo Zizur Nagusian, buruan kolpe handi bat zuela. Ikerketaren iturriek jakinarazi zutenez, biktimaren senarrak berak eman zuen emaztearen heriotzaren berri. Guardia zibilak biktimaren etxera iritsi zirenean, emakumea ohe gainean aurkitu zuten, odoletan, eta buruan kolpe handi bat zuela. Iturri horiek berek erran zutenez, 85 urteko gizonak diskurtso inkoherentea zuen, eta, lehenengo ikuskapenean, agenteek odol zantzuak zituzten toalla eta burko batzuk aurkitu zituzten edukiontzi batean, bikotearen etxetik gertu.
Halaber, epaileak adierazi du gizonaren adinak zalantzak sor ditzakeela zer zigor ezartzen ahal zaizkion. Ordea, horiek ezin dituzte kontuan hartu: hainbat proba egin dizkiote ospitalean, eta, haien arabera, ez dute topatu «patologia objektibo larririk».
130 hilketa 2003tik
Zizur Nagusikoa hilketa matxista izan dela baieztatuko balitz, denera 130 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako bortz, aurten. Ekainaren 7an, gizon batek andrea hil zuen Malagan (Espainia); Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta 46 urteko bikotekideak hil zuen, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxe batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.
Gainera, maiatzaren amaieran, 43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil zuen, eta, gero, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.