Zulueta eta Enparantza Martuteneko espetxean sartu dira, Auzitegi Nazionalaren aginduaren ostean

Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean berretsi zuen bi abokatuen kontrako zigorra, eta hilaren 9an jaso zuten espetxean aurkezteko betebeharra zehazten zien jakinarazpena.

Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, Martuteneko kartzelara sartzen. MAIDER ALUSTIZA
Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, Martuteneko kartzelara sartzen. MAIDER ALUSTIZA
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 19a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxean sartzeko agindua eman ostean, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak gaur aurkeztu dute beren burua Martuteneko kartzelan (Gipuzkoa), ezarritako zigorrak betetzeko. Auzitegi hark 13/13 auzian zigortu zituen, irregulartasun salaketa ugariren artean, euskal presoen abokatu lanetan ari zirela ETAren aginduetara aritzea egotzita. Auzitegi Gorenak urtarrilean berretsi zituen kondenak: zazpi urte eta erdiko espetxealdia Zuluetarentzat, eta lau urtekoa, Enparantzarentzat.

Gorenaren berrespenaren ostean, Auzitegi Nazionalaren esku geratu zen Zulueta eta Enparantza espetxeratzeko agindua ematea. EFE albiste agentziak otsailaren 3an eman zuen haren berri —urtarrilaren 28ko data du autoak—, eta hilaren 9an jakinarazi zieten ofizialki bi abokatuei. Hala, gaur, autoan ezarritako hamar eguneko epea amaitu aurretik, beren burua Martutenen aurkeztu dute biek.

Zulueta eta Enparantza 2022an zigortu zituen Auzitegi Nazionalak; ETAk jarduera armatua behin betiko eten eta 11 urtera. Epaiketa gorabeheratsu hartan, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi ere epaitu zituzten. Zelarain, Agirre eta Redondo absolbitu egin zituzten. Gainerakoei, berriz, hiru eta zazpi urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten, ETAren «fronte juridikoa» osatzeaz eta «erakunde terroristako» kide izateaz akusatuta; besteak beste, ETAren eta presoen arteko «lotura» lana egitea leporatu zieten. Zuluetari, gainera, lehergaiak izatea ere egotzi zioten.

Zigortutako abokatuen defentsak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta zigorra eten egin zen behin-behinean, auzitegi hark ebatzi bitartean. Haren erabakia urtarrilean iritsi zen, eta, Auzitegi Nazionalaren ildo beretik, adierazi zuen «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoela Halboka egitura, «zeinak kartzeletako frontea ordezkatu baitzuen». Hala, bere horretan eutsi zien Zuluetaren eta Enparantzaren kontrako zigorrei. Murriztu egin zituen, berriz, Zuriarrainen eta Sarriegiren aurkakoak: lehenari, hiru urte eta sei hilabetetik bi urtera; eta bigarrenari, hiru urtetik urte eta erdira.

Zuriarrainen eta Sarriegiren kontrako espetxe zigorrak bi urtetik beherakoak direla kontuan izanda, Auzitegi Nazionalak horiek eteteko eskatzeko aukera plazaratu zien bi abokatu horiei, eta ez dute kartzelan sartu beharko. Zuluetari eta Enparantzari, berriz, espetxeratzeko agindua eman zieten. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa azaldu zuen horien defentsak, baina horrek ez du Auzitegi Nazionalaren agindua eten.

Irregulartasun salaketak

Abokatuen kontrako epaiketa gorabeheratsua izan zen, eta irregulartasun ugari kritikatu zituen defentsak: «CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta non bis in idem printzipioaren urratzea» salatu zituzten. Auziaren oinarrira jota, defentsak salatu zuen «legez kanpoko operazio bat» izan zela auzibidearen jatorria, eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartze «ilun» bat izan zutela prozesuan. Hain zuzen, Guardia Zibilak onartu zuen zerbitzu sekretuek deskodetu zituztela zenbait dokumentu informatiko eta auzipetuen komunikazioak entzun zituztela, horretarako baimen judizialik ez bazuten ere.

«CNIk bere lana egin dezake segurtasun nazionalerako, sekretupean; badago lege bat, baina ikerketa horiek inoiz ezin dira prozedura penal batean sartu: ezinezkoa da», argudiatu zuen epaiketa martxan zela Alfonso Zenonek, Zuluetaren eta Enparantzaren abokatuak. Gainera, zerbitzu sekretuek uko egin zioten operazioan parte hartu zuten agenteak identifikatzeari. Beraz, ez zuten epaiketan deklaratu, eta ez zen izan zezaketen informazio sekretua desklasifikatu, instrukzio epaileak hala eskatu bazuen ere.

Ez zituzten ontzat jo, berriz, Agirreren eta Zuriarrainen tortura salaketak. Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenetan jasotako 5.376 tortura kasuetako bi dira, baina epaimahaiaren esanetan, ez Istanbulgo protokoloa aplikatu izana, ez psikologoen adierazpenak, ez auzipetuen lekukotzak ez dira torturak «egiaztatutzat» jotzeko adinako argudioak.

Horrez gain, defentsak zein dozenaka legelarik salatu zuten Zuluetaren, Enparantzaren eta Zuriarrainen kasuan non bis in idem printzipioa urratu zela. Printzipio horren arabera, ezin da pertsona bera bi aldiz epaitu delitu beragatik. Izan ere, hiru abokatu horiek aurrez ere epaitu zituzten, 11/13 auzian, «espetxeetako fronteari» lotutakoan. Orduan, akordio bat egin zuten defentsak, fiskalak eta akusazio partikularrak: Zuluetak hiru urte eta erdiko zigorra bete zuen, eta Enparantzak, bi urte eta zazpi hilabetekoa.

Auzitegi Nazionalaren esanetan, baina, bi garai ezberdin epaitu ziren 11/13 eta 13/13 auzietan. Finean, argudiatu zuen zigortuak ETAko kide zirela, erakundeko kide izateari utzi ziotela espetxeratu zituztenean, eta berriz ere erakunde armatura batu zirela irtetean, eta Gorenak ontzat jo zuen hori.

Zuluetak eta Enparantzak, baina, defendatu zuten ETAren amaierarako bidean laguntzen aritu zirela, eztabaida euskal presoen artean landu zedin, eta egoera kontuan hartzeko eskatu zuten: «ETAren jarduera eten eta hainbeste urtera, deitoragarria da gatazkaren ondorioei oraindik ikuspegi polizial eta judizial batetik ekitea». Jose Perals fiskalak, berriz, ETAren behin betiko su etenetik hamar urte igaro baziren ere, adierazi zuen erakundea ez zela desagertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.