Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxean sartzeko agindua eman die Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuei. Euskal presoen abokatuak 13/13 auzian zigortu zituen auzitegi hark, 2022an, eta, helegiteak tarteko, Auzitegi Gorenak urtarrilean berretsi zituen haien kontrako zigorrak; zazpi urtekoa Zuluetarentzat, eta lau urtekoa Enparantzarentzat.
EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 4. atalak auto bat kaleratu zuen urtarrilaren 28an. Auto horren bidez, jakinarazpena jasotzen dutenetik hamar eguneko epea eman die abokatuei espetxe batean aurkezteko, eta zehaztu du autoan adierazitakoa betetzen ez badute haiek bilatzeko eta atxilotzeko aginduak emango dituztela. Zuluetaren eta Enparantzaren defentsa haien kontrako ebazpena Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoz da, baina horrek ez du espetxeratzeko agindua eten.
ETAren «fronte juridikoa» osatzeaz eta «erakunde terroristako» kide izateaz akusatuta, zazpi abokatu auzipetu zituzten 13/13 auzian. Zehazki, «ETAko kideen defentsa juridikoan» aritzeaz gain, haien eta ETAko zuzendaritzaren arteko «lotura» lana egitea leporatu zieten: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten». Horrekin batera, zera egotzi zieten: «ekintza eta helburu posibleak identifikatu eta seinalatzea», eta «iraultza zerga biltzen laguntzea». Auzitegi Nazionalaren ebazpenak Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu zituen, baina beste lau zigortu: Zuluetari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten —«erakunde terroristako kide» izateaz gain, lehergaiak edukitzea leporatu zioten—, Enparantzari lau urteko zigorra, Naia Zuriarraini hiru urte eta sei hilabeteko espetxealdia, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa.
Abokatuek ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu zuten, baina, urte hasieran, Gorenak berretsi egin zituen Zuluetaren eta Enparantzaren kontrako zigorrak. Gorenak, 174 orriko ebazpenean, adierazi zuen «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoela abokatuek osatutako Halboka egitura, eta bat egin zuen «fronte juridikoaren» argudioarekin. Zuriarrainen eta Sarriegiren kasuan, baina, helegitearen parte bat aintzat hartu zuen, eta, haien ardura hain «larria» ez zela iritzita, zigorrak arindu zituen. Zuriarraini bi urtera murriztu zion, eta Sarriegiri urte eta erdira. Hala, Auzitegi Nazionalaren azken autoak aukera ematen die beren espetxe zigorrak eteteko eskatzeko, ez direlako bi urtetik gorakoak.
Irregulartasun salaketak
Abokatuen kontrako epaiketak harrabotsa sortu zuen, prozesuan izandako irregulartasunak tarteko. Zuriarrainek eta Agirrek polizia etxean pairatutako torturen berri eman zuten epaiketan, eta salatu zuten torturapean egindako deklarazioa izan zela hura zigortzeko oinarria. Era berean, zigor arloko ehundik gora adituk idatzi bat argitaratu zuten. Hartan, zalantzan jarri zuten CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzibidean izandako parte hartzearen legezkotasuna, Jose Perals fiskalak ETAri buruz esandakoak kritikatu zituzten —hamarkada bat lehenago utzi zituen armak—, eta zenbait auzipeturi non bis in idem printzipioa urratu zitzaiela nabarmendu zuten.
Printzipio horrek zehazten du ezin dela pertsona bera bi aldiz epaitu delitu beragatik. Izan ere, Zulueta, Enparantza eta Zuriarrain aurrez ere epaitu zituzten, 11/13 auzian, «espetxeetako fronteari» lotutakoan. Orduan, fiskalak hamalau urte arteko espetxe zigorrak eskatzen bazituen ere, akordio bat egin zuten defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrak; Zuluetari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa.
Auzitegi Nazionaleko epaiak, baina, ebatzi zuen 11/13 eta 13/13 auzietan bi garai ezberdin epaitzen zirela, eta, beraz, ez zirela delitu bera epaitzen ari, ezta non bis in idem printzipioa urratzen ere. Auzitegi Gorenak ere ontzat jo zuen Auzitegi Nazionalaren interpretazio hori. Argudiatu zuen akusatuen militantzian eten bat izan zela espetxean zeuden bitartean.
Zulueta eta Enparantza 2010eko apirilean atxilotu zituzten, beste 11 lagunekin batera. Hurrengo urteko urrian, berriz, ETAk iragarri zuen bere jarduera armatuari amaiera eman ziola. Hain zuzen, epaiketan, bi abokatuek adierazi zuten euskal presoen artean auzi horren inguruko eztabaida lantzen lagundu zutela.
EH Bilduren salaketa
EH Bilduk «gaitzespen irmoa» adierazi du Auzitegi Nazionalak Zulueta eta Enparantza espetxeratzeko agindua eman duela eta. Epai hori «guztiz anakronikoa» dela uste du, eta «talka» egiten duela «euskal herritarren gehiengoaren borondatearekin». Gatazka politikoa eta haren «ondorio guztiak gainditzeko apustu irmoa» ikusten du koalizio abertzaleak euskal gizartearen gehiengoaren gogoan.
«Estatu sakonak agerian uzten du berriro iraganeko eszenatokietara itzulera inposatzeko asmo argia, togetatik hasita», salatu du EH Bilduk. Estatu sakon horrek ez daki, koalizioaren arabera, «euskal gizarteak etorkizunari eta bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntza partekatuari begiratzen diola». Espetxe politikan «salbuespen oro gainditu» behar dela esan nahi du horrek, EH Bilduk zehaztu duenez, «azken batean, kartzelak hustuz, eta ez betez».