Zupiria: «Falangearen aurkako Gasteizko deialdiaren helburua Ertzaintzari eraso egitea zen»

Segurtasun sailburuaren esanetan, sistemaren aurkako talde batzuek piztu zituzten istiluak, beren elkarretaratze gunetik atera eta Falangeko kideak zeuden plazara abiatu zirenean.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. L.RICO / EFE
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. L.RICO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 22a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 12an Gasteizen Falange alderdi ultraeskuindarraren aurka egindako deialdiaren helburua Ertzaintzari eraso egitea zela salatu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. «Sistemaren aurkako talde» batzuei egotzi die asmo hori, eta zehaztu du haiek hasi zituztela istiluak, ez Ertzaintzak, ezta Falangeko kideek ere: «Elkarretaratzera deitu zuten pertsona batzuk tokiz aldatu eta Falangearen elkarretaratzea deituta zegoen lekura joan zirenean hasi ziren istiluak». 

«[Sistemaren aurkako taldeek] Beren literaturan esaten dute ez direla ondo moldatzen elkarrekin, baina urtean hainbatetan egiten dute bat zenbait ekitalditan» 

BINGEN ZUPIRIA Jaurlaritzako Segurtasun sailburua


Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean eman ditu azalpenak Zupiriak. Nabarmendu du gaur egungo «elkarbizitza sistema hankaz gora» jartzea helburu duten antolakunde alegal batzuk daudela Euskal Herrian, eta haiek «indarkeria totalitarioa» eragin zutela Gasteizko kaleetan. Era berean, haiei babesa ematen dieten alderdi politiko batzuk daudela kritikatu du, eta EH Bildu eta Sumar izendatu ditu. «Horrelako istiluak gertatzen direnean, fokua beste nonbait jartzen dute», zehaztu du.

Falangearen elkarretaratzeaz ere mintzatu da. Aletu du legezko alderdi politikoa dela, eta epaileek haren eskubideak bermatzen dituztela. Gogoratu du Falangeak 2008an deitu zuela azken aldiz EAEn elkarretaratzera, eta ordukoan Jaurlaritza hura debekatzen saiatu zela baina epaileek arrazoia eman ziotela alderdi ultraeskuindarrari. Gaineratu du orduan ere istiluak egon zirela, eta «aurten Gasteizen istiluak eragin dituzten kumeen gurasoak» izan zirela haien erantzuleak. Halaber, zehaztu du Ertzaintzak bere atestatuan jaso zituela Falangeko kideek eginiko oihu faxistak. 

Gasteizko istiluak
Urriaren 12an Gasteizen izandako istiluak. A.K. / FOKU


Sistemaren aurkako talde horiei buruz esan du «guztiok dakigula zer dagoen», eta ezker abertzalearen orbitan kokatu ditu guztiak: «Beren literaturan esaten duten ez direla ondo moldatzen elkarrekin, baina urtean zehar hainbatetan egiten dute bat». Alde horretatik, gogora ekarri du Gasteizko jaien atarian GKSko gazteek eginiko «legez kanpoko kanpaldia», eta Ertzaintza ekitaldiaren buruak identifikatzen saiatu dela. Gaitzetsi du ordukoan EH Bilduk eta Sumarrek ez zutela txarretsi legez kanpoko okupazio hura. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.