Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azalpen gehiago eman ditu Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen aurka izandako oldarraldian zauritu ziren ertzainei buruz. Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk idatziz egindako galdera bati erantzunez eman ditu datuok. Ez gehiegi, halere. Sailburuak arrazoitu baitu datuen babeserako legeak galarazi egiten diola informazio hori zabaltzea, eta aurrez eman denean koalizioak «erabilera politiko desegokia» egin izan duela. Horrez gain, justifikatu du esanez gertakarietan parte hartu zutenetako bat ETAko kide izan zela, eta ez duela «damurik» agertu «egindako ekintza terroristengatik».
Maiatzaren amaieran erregistratu zuen informazio eskaera Gorka Ortiz de Ginea legebiltzarkideak, eta uztailaren lehenean jaso zuen erantzuna. Lerro gutxi batzuk baino ez ziren: hamalau agente zauritu zirela guztira —Segurtasun Batzordean esan zuen zazpi ertzain zauritu zirela—, lesio «arinak» izan zituztela, eta zortzi agentek aldi baterako gaixo agiria jaso zutela. EH Bildu kexu azaldu zen, ordea, eta babesa eskatu zion Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, eskatutako informazioa helarazi ez zitzaielako.
Bada, hari erantzunez, zaurituen inguruko azalpen gehigarriak eman ditu sailburuak. Adierazi duenez, bost agentek «azaleko lesioak» izan zituzten; beste bostek, «lesio askotarikoak»; hiruk, «bihurrituak»; eta agente batek «bestelako dislokazioak». Horraino berritasunak, eta horraino datuak. Zupiriak iritzi baitio harago joateak ertzainen oinarrizko eskubideak urratzea ekar dezakeela. Azalpen juridikoekin arrazoitu du hori sailburuak, informazio askatasunari lotutako jurisprudentzia txertatuta.
«Arrazoizkoa eta nahikoa»
Edonola ere, EH Bilduri egotzi dio behar bezala ez justifikatzea osasun datu horiek zertarako nahi dituen, eta txarretsi dio aurreko legealdietan informazio hori eman zaienean erabilera okerra egitea, «datu pertsonalak babesteko eskubidearen urraketa kontuan hartu gabe» argitaratu zituelako. Bada, oraingo honetan ere, parte hartu zuten ertzainen taldea txikia izanik, ohartarazi du agenteen «konfidentzialtasuna» ezin dela bermatu.
Era berean, sailburuak gogora ekarri du Loiuko esku hartzearen ondoren ertzainen kontrako pintaketak agertu zirela, eta haien argazkiak zabaldu zirela. «Non dago zerbitzari publiko horren eta haren familiaren babesa? Zein da zaindu beharreko interes publikoa? Osasun publikoarekin lotuta dago?», galdetu du idatzian. Eta azaldu du ertzainek «indarkeriazko ekintzei aurre egiteko indarra» erabiltzearen ondorioz izan zituztela lesioak. «Indarkeria egoera batean, hori da erantzun posible bakarra», azpimarratu du.
Hori dela eta, sailburuak iritzi dio emandako azalpena «arrazoizkoa» dela, eta «nahikoa». Eta azpimarratu du bat datorrela «proportzionaltasun», «egokitasun» eta «beharrizan» printzipioekin. Are, ETA erabili du berriro bere jarrera justifikatzeko. Adierazi baitu flotillako kide bat «ETA erakunde terroristako kide izan zela, ez duela damurik erakutsi, ezta egindako ekintza terroristengatik barkamena eskatu ere, eta biktimen artean Ertzaintzako kideak ere badaudela».
Loiuko gertakariak izan eta egun gutxira Segurtasun Batzordean egindako agerraldian ere, ETA baliatu zuen sailburuak Ertzaintzaren esku hartzea justifikatzeko. Orduko hartan, gizartearen zati batek Ertzaintzari dion «gorrotoarekin» lotu zuen gertatutakoa. «Garai bateko suaren errautsak bizirik daude oraindik zenbaiten buru-bihotzetan», adierazi zuen, eta gogorarazi tentsio unea baliatu zutela Ertzaintzaren aurka egiteko.
Asmo txarrak xede
Bodycam edo ertzainek soinean daramatzaten kameren inguruan ere galdetu dio EH Bilduk Zupiriari; izan ere, kameretan jasota geratu zen egun hartan gertatu zena. Epailearen esku daude irudi horiek, baina edukiaren zati bat prentsaren bidez zabaldu zen ondorengo egunetan. Sailburuak berak ere kontroleko osoko bilkura batean Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideari telefono zenbakia eskatu zion, bideoa bidali eta kontroleko osoko bilkuran ahoz erantzundakoa berretsi ahal izateko.
Galdera egiteko formula ez zaio gustatu, ordea; frogarik aurkeztu gabe akusatzea eta «esamolde zehaztugabeen bidez kontakizun bat hedatu» nahi izatea leporatu dio Ortiz de Gineari: «Uste dut zure helburu bakarra erakunde osoaren izen ona higatzea dela». Zupiriak gogora ekarri du Ertzaintzaren Barne Arazoetako Buruzagitzak filtrazio horien inguruko barne ikerketa bat zabalik duela, erabilera okerrik egin ote zen argitzeko.
jaurlaritzaren gaitzespena
Eusko Jaurlaritzak gaitzespen mezua zabaldu du gaur, joan den asteburuan Donostiako futbol txapelketa batean epaile lanetan jardun zuen ertzain batek jasandako jazarpena dela eta. Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi duenez, «onartezina» da gertatu zena. Testuinguru jakin baten barruan kokatu du gertakaria, eta zehaztu du «autoritatea galdu» izanaren ondorioz antzeko erasoak izaten ari direla, dela irakasleen aurka dela osasun langileen aurka. Horregatik, «ikuspegi zabalago» batetik aztertu beharrekoa dela azpimarratu du. Halere, ohartarazi du azkenaldian bereziki ugariak izan direla ertzainen eta udaltzainen kontrako erasoak. Hori dela eta, gogorarazi du Ertzaintzari dagokiola segurtasuna bermatzea.