«Gutxienez lau agentek kolpeak dituzte, eta mutualitatera joango dira». Hori zioen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abenduaren 13an zabaldutako prentsa oharrak. Egun horretan, tranbiaren trenbidearen gainean etzan ziren hainbat manifestari, Bilboko Plaza Biribilean, salatzeko Beasaingo CAF enpresa konplizea dela Israel Gazan egiten ari den genozidioan. Bingen Zupiria sailburuak, ordea, kontrakoa esan du orain. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen galderei zera erantzun die: «Ez dago informazio nahikorik esateko ertzainen bat zauritu zela edo erietxeren batean artatuak izan zirela». Gazarako Mugimendu Globalak, berriz, Segurtasun Sailari egotzi dio mobilizazio haren ondoren zabaldutako prentsa oharraren bitartez protestaren helburua «desitxuratu nahi izatea».
Zupiriak idatziz helarazi ditu erantzunak Eusko Legebiltzarrera, Hernandezek galdetu bezala. Sumarreko legebiltzarkideak jakin nahi zuen zergatik zabaldu zen lau ertzain zauritu zirela, «baldin eta, deialdia egin zuen kolektiboaren eta eskuragarri zeuden bideoen arabera, ez bazitzaien arreta medikorik eman agenteei». Zupiriak hau erantzun dio: «Manifestari batzuek ostikada eta bultzada gogorrak eman zizkieten agenteei. Beste gauza bat da han bertan mediku arreta jaso izana ala ez».
Halaber, Hernandezek sailburuari galdetu zion ea Segurtasun Sailak uste duen «gertakariekin bat ez datorren bertsio ofizial bat» zabaltzeak «protestarako eta adierazpen askatasunerako oinarrizko eskubidea» urratu ote dezakeen. Zupiriaren arabera, ez da halakorik gertatu.
Barne ikerketa
Ertzaintzaren Barne Gaietarako Sailak barne ikerketa bat abiatu du aztertzeko Polizia agenteek indarra «egoki» erabili ote zuten. Hala ere, Zupiriak babestu egin du ertzainek izandako jokabidea: «Ertzaintzak eserialdiaren kontra jardun zuen, tranbia zerbitzua erabat eten zutelako, eta elkarretaratutakoen eta oro har herritarren segurtasunerako arriskua zegoelako». Polizia agenteak manifestariei oldartu izana ukatu du Segurtasun sailburuak, halaber: «Ertzainek borra eta eskuak erabili zituzten jendea atzerantz joan zedin, eta, horrela, haien segurtasuna bermatu eta poliziaren lana egiteko segurtasun perimetro bat osatu».
«Ertzaintzak eserialdiaren kontra jardun zuen, tranbia zerbitzua erabat eten zutelako, eta elkarretaratutakoen eta oro har herritarren segurtasunerako arriskua zegoelako»
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Ertzainek jasan zituzten «erasoei» dagokienez, Zupiriak idazkian adierazi du elkarretaratzearen buru zen pertsona identifikatzen saiatu zirela, eta beste manifestari bat hori eragozten saiatu zela. Azken hori atxilotu egin zuten, desobedientzia delitu larri bat leporatuta, eta, orduan, «protestan parte hartzen ari zirenak poliziaren jarduera oztopatzen hasi ziren».
«Behin baino gehiagotan, ezinbesteko indar minimoa, egokia eta proportzionala erabili behar izan zuten ertzainek, oldartzen, bultza egiten, Poliziaren ezkutuak jotzen, ostikoak ematen eta iraintzen ari zitzaizkienak geldiarazteko», gehitu du Zupiriak.
Kontraesana
Horiek horrela, Segurtasun Sailak gertaeren inguruan emandako bi bertsioen arteko «kontraesana» agerian jarri du Gazarako Mugimendu Globalak. Are gehiago, saileko arduradunei egotzi diete protestaren mezua «desitxuratu» nahi izatea orduan zabaldutako prentsa oharraren bitartez. «Ustez zaurituta zeuden agenteetan oinarritutako bertsio bat zabaltzea ez zen neutroa izan, nahi gabe egindakoa ere ez. Protestaren eduki politikoa lausotzeko balio izan zuen, enpresa euskaldun batek genozidio bat babesten eta ahalbidetzen duela salatzen zuen mezua estalita». Izan ere, nabarmendu dutenez, «lau ertzain zauritu» zirela zabaldu zuten hainbat hedabidek, «ia kontrastatu gabe».

«Arreta ordena publikoan eta ustezko indarkerian jartzean, palestinar herriarenganako elkartasuna deslegitimatzen saiatu ziren, eta zibilen aurkako krimen masiboen erantzule den estatu batekin harreman ekonomikoak dituztenen erantzukizun politikoa eta enpresariala lausotzen», gehitu dute.
«Gobernuak berak onartu du ez dagoela haren bertsioa nondik hartu. Beraz, argi dago protesta legitimoa eta baketsua izan zela. Arazoa ez zen elkartasuna izan, zer salatzen zen baizik»
Gazarako Mugimendu Globala
Gazarako Mugimendu Globalaren ustez, ondoren Eusko Legebiltzarrean egindako zuzenketak «agerian uzten du hasierako kontakizuna ez zegoela egiaztatutako gertaeretan oinarrituta, baizik eta interes ekonomikoak babesten zituela eta salaketa deseroso bat neutralizatu nahi zuela».
«Gobernuak berak onartu du ez dagoela haren bertsioa nondik hartu. Beraz, argi dago protesta legitimoa eta baketsua izan zela. Arazoa ez zen elkartasuna izan, zer salatzen ari zen baizik».
Abenduaren 20an Jaurlaritzak mobilizazio horren inguruan emandako «bertsio ofiziala» gezurtatzeko agerraldia egin zuen Gazarako Mugimendu Globalak. Salatu zutenez, «ez zen Ertzaintzaren kontrako eraso antolaturik izan; bai, ordea, neurrigabeko indarkeria poliziala».